Aspektua: “ama, laguntzen/lagunduko?”, “ematen/emanen?”, “ekartzen/ekarriko?”…

Galdera

Bai etxean bai eskolan, txikienek maiz erabiltzen dituzte honelako esaldiak; “ama, laguntzen?”, “emanen?”, “ekartzen?” , ” ikusten?”… Guztiak zaku berean sartu behar ditugu edo bada desberdintasunik haien artean?

Irakasle batek ikasle bati “ikusten!” erratea ez dago gaizki, ezta? baina “emanen?” erraterako, gaizki dagoela iruditzen zait niri. “Emango zenidake?” edo “ekarriko zenidake?” erabiliko nuke nik.

Erantzuna

Gure txiki eta gazteek maiz esaten dituzten “Laguntzen?, erraten?, ematen?….” horiek okerrak izaten dira haiek erabiltzen dituzten esanahiarekin. Etorkizunean gertatuko diren ekintzak adierazteko baliatzen dituzte, nahiz eta askotan oso-oso etorkizun hurbila izan —ia-ia eskatzen duten unean berean gertatzekoak hain zuzen—. Horrelakoetan, euskaraz geroaldia erabili behar da:

Aita, lagunduko (didazu) berokia lotzen? / Aita, lagunduko?

Uxue, emango (diguzu) txikle bana? / Emango bana?

Aizue, utziko (didazue) jolasten? / Utziko jolasten?

Andereño, erranen (diguzu) noiz izanen den azterketa? / Erranen?

Besterik da, ordea, “ikusten?” hori. Hori zuzena da, azpian dagoena beste hau baita: “ikusten duzu (orain)?”. Ez da etorkizuna, oraina baizik. Adibidez, irakasle batek arbelean azaldu die ikasleei nola egin behar duten zerbait urratsez urrats, eta, gero, arbela seinalatuz, esan die: “Ikusten (duzue) nola egin behar den?”. Testuinguru horretan ez da zuzena “Ikusiko (duzue) nola egin behar den?”.

Beste adibide bat: duela egun batzuk norbaiti adierazi genion bere jokabideak ondorio txarren bat izan zezakeela, eta, orain, ondorio txar hori etorri  da: “ikusten?”, “ikusten (zer gertatu den)?, esan genizun baina ez zenigun kasurik egin!”. Testuinguru honetan ere ez da zuzena “ikusiko?”.

Gutxi dira horrelako aditzak: ulertu, gogoratu…

  • Ulertzen (duzu) azalpena? (Ulertuko (duzu) azalpena? esaldiak beste esanahi bat du).
  • Gogoratzen (duzue) zer esan zizuen amak atzo? (Gogoratuko (duzue) zer esan zizuen amak atzo? esaldiak beste esanahi bat du).

Bestalde, jakizu beste aukeren artean sartu duzun emanen hori emango formaren parekoa dela. Biek geroaldia adierazten dute. Euskalki kontua da.

Geroaldia adierazteko, -KO/-GO erabili ohi da maiz. Aditzaren partizipioari -KO  edo -GO eransten zaio, amaieraren arabera —partizipioa -n-ez  bukatzen denean, -GO. Gainerakoetan, -KO—.

Etorri Etorriko Eman Emango
Erosi Erosiko Joan Joango
Sartu Sartuko Egon Egongo
Bazkaldu Bazkalduko Edan Edango
Erre Erreko Egin Egingo

 

Ekialdeko euskalkietan, ordea, zuen eskola dagoen inguruan esaterako, maiz -(r)EN erabili ohi da geroaldia adierazteko. Adibidez:

  • Eginen dut, baina ez dakit noiz (= Egingo dut, baina ez dakit noiz).
  • Bihar jakinen dugu egia osoa (= Bihar jakingo dugu egia osoa).
  • Erranen didazue zer den hori? (= Esango didazue zer den hori?).

Azken adibide honetan erranen eta esango parekatu ditugu. Ekialdeko euskalkietakoa da erran aditza; ondorioz, baztertzekoa da errango forma, euskalki horietakoek erranen forma erabili ohi dute-eta. Mendebaldeko euskalkietan esan erabili ohi da. Bi formak onartzen ditu esan aditzak geroaldirako: esango eta esanen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.