Dena / Guztia

Galdera

Zer desberdintasun dago “dena” eta “guztia” hitzen artean? Noiz erabili behar da bata eta noiz bestea?

 Erantzuna

Euskaltzaindiak ez du arautu kontu hau; beraz, ez dago gaizki nork bere euskalkiko erabilerari jarraitzea.

Halere, irizpideren bat nahi izanez gero, bada zenbait gramatikatan gomendatzen den joera edota erabilera bat. Honako hau, alegia:

a) DENA bakarrik erabili ohi da:

– Dena jan duzu?

– Denak etorri dira.

– Denontzat erosi omen dute.

b) GUZTI: bakarrik zein izen bati laguntzen erabili ohi da:

– Guztia jan duzu? / Tortilla guztia jan duzu?

– Guztiak etorri dira / Ikasle guztiak etorri dira.

– Guztiontzat erosi omen dute / Eskolako haur guztiontzat erosi omen dute.

Afera honi lotua eta Euskaltzaindiak arautu duen bakarra 4. arauan, Hau guz(t)ia izenekoan datorrena da, eta hauxe da: sintagma batean “guzti” eta erakusle bat elkarrekin egokitzen direnean, euskara batuan “guzti” erakuslearen ondoren idaztea (edo esatea) gomendatzen da eta, gainera, biak deklinatzea. Adibidez: “Hau guztia jan duzu?”, “Horiek guztiak etorri dira”, “Lagun horiekin guztiekin afaldu nuen atzo”, “Eskolako haur hauentzat guztientzat erosi omen dute”… Eta ez Guzti hau jan duzu, Guzti horiek etorri dira, Lagun guzti horiekin afaldu nuen atzo, Eskolako haur guzti horientzat erosi omen dute

Atala Hizkuntza, etiketak , , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude