“egin ahal dut” bezalako formen mesedetan, bazter gelditzen ari ote dira “egin dezaket” bezalakoak?

Galdera

Azkenaldian “ahal izan” egituraren erabilera geroz eta jende gehiagoren ahotan dabilela sumatzen dut, eta beste erabilerak alboratzen ari direlakoan nago. Esaterako, “egin dezaket”, “ekarri dezakezu”, “egin dezakegu” formen ordez, “egin ahal dut” , “ekarri ahal duzu”, “egin ahal dugu” entzuten ditut. Egokiak al dira? Jatorra al da erabilera hori?

Erantzuna

Zure galdera dela eta, hiru kontu aipatu nahi dizkizugu:

a) Bi egitura horien zuzentasuna dela-eta, biak dira zuzenak eta biek esanahi bera dute:

  • Egin dezaket = Egin ahal dut.
  • Joan naiteke = Joan ahal naiz.

b) Bi egitura horiekin batera, beste hau ere badugu:

  • Egiten ahal dut.
  • Joaten ahal naiz.

b) Ezezkoetan, berriz, modu hauek ditugu:

  • Ez dezaket egin = Ezin dezaket egin = Ezin dut egin = Ez dut egiten ahal.
  • Ez naiteke joan = Ezin naiteke joan = Ezin naiz joan = Ez naiz joaten ahal.

Egitura bat erabili zein bestea erabili zuzen ari gara. Zenbaitetan euskalki kontua izaten da, eta horren arabera egiten du hiztunak aukera. Beste batzuetan, berriz, gure irudiko, seguruenik erosotasunaren araberakoa izaten da hautua, egitura “erabilerraza” baita AHAL edo EZIN partikulak indikatiboko aditz laguntzailearekin erabiltzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.