“Froga” eta “proba” hitzak sinonimoak al dira?

Galdera

Uste nuen “froga” eta “proba” hitzak sinonimoak zirela, baina ezetz esan didate. Zein da haien arteko desberdintasuna?

Erantzuna

Euskaltzaindiaren Hiztegi batua kontsultatuta, sarrera hauek datoz:

froga iz. ‘zerbait egia dela finkatzeko edo egiaztatzeko balio duena’: euskararen antzinatasunaren frogarik ez dute aurkitu han;delituaren froga nabariak daude. (*liburuaren lehen frogak e. liburuaren lehen probak)

proba iz.: liburuaren lehen probak; Unibertsitatera sartzeko probak; idi-probak.

Informazio hau zabaltzeko, Euskaltzaindiaren Hiztegira joko dugu orain. Hiztegi hau, oraingoz, paperean bakarrik dago (ez dago online):

 froga iz. Zerbait egia dela finkatzeko edo egiaztatzeko balio duen gauza. Euskararen antzinatasunaren frogarik ez dute aurkitu han. Frogaren argudioak. Zeharbidezko frogak. Hona egia horren froga bat! Damuaren frogatzat. Frogak izan, eman, eskatu. Salomonek bere zuhurtziaren froga handi bat laster eman zuen.

[Oharra: Euskaltzaindiak, liburuaren lehen frogak esapideak eta kidekoek euskara idatzian izan duten erabilera kontuan harturik, esapide horien ordez, liburuaren lehen probak eta kideko esapideak erabiltzea gomendatzen du].

 proba 1 iz. Norbait zerbaitetarako gai dela ikusteko egiten den saioa. Unibertsitatera sartzeko probak.2. iz. Dema, norgehiagoka. Idi probak. Proba plaza.3. iz. Inprimatze lanaren kopia, hutsak zuzentzeko ateratzen dena. Liburuaren lehen probak. Egileak ez    zuen probak ikusteko eta zuzentzeko egokierarik izan.

Hortaz, argi gelditu da ez direla sinonimoak eta, funtsean, hitz gutxitan adierazita, hau da “frogatu” eta “probatu” hitzen arteko aldea: zerbait egia dela egiaztatzeko “frogak” behar ditugu, eta azterketak zein dema edo norgehiagokak “probak” dira.

Ikus EHUko Euskara atalekoek afera honen inguruan emandako teoria: probak eta frogak.

Hau guztia osatzeko, interesgarria deritzogu “frogatu” eta “probatu” aditzak ere aztertzeari, horiekin ere antzeko zalantza izan baitezakegu. Lehendabizi, ikus dezagun zer datorren Hiztegi batuan:

frogatu, froga/frogatu, frogatzen. Du ad.: argudio egokiak erabili zituen haurraren aita zela frogatzeko. (*lagunak frogatzeko esan zuen hori e. lagunak probatzeko esan zuen hori).

probatu, proba/probatu, probatzen. 1 du ad.: idiak probatu; laguna probatzeko esan zuen hori. 2 du ad. ‘dastatu’: ez dut urtebetean ardorik probatu.

Bukatzeko, ikus dezagun zer dioten Euskaltzaindiaren Hiztegian:

Frogatu, froga/frogatu, frogatzen 1 du ad. Froga bidez zerbait egiatzat edo ziurtzat agerrarazi edo ezagutarazi. Argudio egokiak erabili zituen, haurraren aita zela frogatzeko. Anitz arrazoiz froga ahal daitekeen gauza. Hona adibide bat, egia hau frogatuko duena. Berrikuntza hori nolakoa den igarri diodala uste dut, baina igartzea ez da frogatzea.

2 (Era burutua izenondo gisa). Ni gauza frogatuen gainean aitzinatzen naiz.

[Oharra: Euskaltzaindiak, lagunak frogatzeko esan zuen hori esapideak eta kidekoek euskara idatzian izan duten erabilera kontuan harturik, esapide horien ordez, lagunak probatzeko esan zuen hori eta kideko esapideak erabiltzea gomendatzen du].

probatu, proba/probatu, probatzen 1 du ad. Zerbait edo norbait, omen de n bezalakoa ote den egiaztatu, saio edo azterketa bidez. Idiak probatu. Laguna probatzeko esan zuen hori. Beste batekin bere indarrak probatzeko.

2 du ad. Dastatu. Ez dut urtebetean ardorik probatu // Gaztetan probatua zinen morrontza.

3 du ad. Soinekoak eta kidekoak saiatu. Galtzerdirik gabe zapatak probatzen.

Atala Hizkuntza, etiketak , , , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude