Galderen ordena

Galdera

Galderak egiteko orduan, hitz ordenan zalantzak izaten ditut. Adibidez: “Txokolatea nahi duzu?” edo “Nahi duzu txokolatea?” izan behar du?

Erantzuna

Norbaiti txokolatea nahi duen galdetzeko, bi ordenak izan litezke zuzenak: “Txokolatea nahi duzu?” zein “Nahi duzu txokolatea?”.

Bi ohar egin behar dizkizugu, ordea. Bi galdera horiek bai/ez erako galderak dira; hau da, erantzuna baiezko edo ezezko perpausa bat izanen da. Mota honetako galderak baiezko eta ezezko perpausak bezalaxe ordenatzen dira; hau da galdegaia aditzaren aurrean jarriz. Adibidez:

      • TXOKOLATEA nahi duzu?

      • ANDERREKIN etorriko zara?

    • GAUR BERTAN joan behar dute?

    • EZ nauzue ezagutzen, ala?

    • Lagunek EZ dute deus entzun?

Hala ere, galdegaia baieztapena bera denean, aditza aurrean jarri ohi da. Adibidez:

  • NAHI DUZU txokolatea?

  • ETORRIKO ZARA gaurko afarira?

  • AURKITU DITUZU etxeko giltzak?

  • BADAUKAZUE dirurik patrikan?

  • EZAGUTU DITUZU hor pasatu direnak?

Hortaz, testuinguruak zein gure senak esan beharko ligukete zein ordena hautatu.

Kategoria Hizkuntza, etiketak , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Iruzkin 1 “Galderen ordena” bidalketan

  1. Pingback: Galderen ordena | Kontsulta zerbitzua | EIBZ | ...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude