Ikastetxeko zigilu bat euskaraz

Galdera:

Kaixo. Eskolarako zigilu bat egiteko itzulpen hau prestatu dugu, ziurtatuko diguzue ongi dagoen? Mila esker.

Gure zentroan erregistratutako ondoko titulua, ___________________ zenbakia duena, interesdunari eskura ematen zaio _______________ egunean, nire aurrean sinatuta.

El presente título registrado en este centro con el número ____________________, se entrega al/a interesado/a, que lo firma en mi presencia, el día _____________________________.

Erantzuna:

Oso ongi dago itzulpena. Zorionak. Nolanahi ere, hobetze aldera, guk bizpahiru aldaketatxo proposatuko genizkizueke:

  • “zentro” hitza zuzena bada ere, zergatik ez erabili “ikastetxe”? Honela jar dezakezue: “Gure ikastetxean erregistratutako…”. Azken batean, zentro hitza baino zehatzagoa da ikastetxe. Halere, jakina, zuen esku.
  • “eskura ematen zaio” horretan aditzaren aspektua aldatuko genuke, eta, ohiturazkoa erabili beharrean, aspektu burutua baliatuko genuke. Honela idatziko genuke: “eskura eman zaio”, une jakin batean eman baitzaio eta ez behin baino gehiagotan.
  • Bukaerako “nire aurrean sinatuta” zuzena den arren, errazago eta arinago ulertzeko nork sinatu duen, honela jarriko genuke: “hark nire aurrean sinatuta”. Nolanahi ere, proposamen hau ere, lehena bezalaxe, zuen esku geratzen da.

Hortaz, moldaketa horiek txertatuta honela geldituko litzateke testua:

Gure ikastetxean erregistratutako ondoko titulua, ___________________ zenbakia duena, interesdunari eskura eman zaio _______________ egunean, hark nire aurrean sinatuta.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude