“Nora iritsi behar dugu” ala “Nora iritsi behar gara”?

Galdera

Testu batean “nora iritsi behar dugu?” esaldia erabili dut eta zuzenketa egin didate “nora iritsi behar gara” dela esanez. Zein da forma egokia? Badakit “iritsi naiz” esan behar dela, iritsi nor formakoa delako, baina tartean “behar” sartzen denean, zer gertatzen da?

Erantzuna

“Behar izan” aditz modalaren laguntzaileari dagokionez, aditz laguntzaile gisa “edun” erabiltzea hobetsi du Euskaltzaindiak, bai “behar izan” aditzaren aditz osagarria iragankorra denean (jan, edan, erosi…) bai eta iragangaitza denean ere (joan, etorri, geratu, iritsi…). Hau da, laguntzailea NOR-NORK sailekoa da:

  • Etxera iritsi behar dut (*edun)
  • Etxean geratu behar dut (*edun)

Gauza bera gertatzen da “nahi izan” aditzarekin:

  • Etxera iritsi nahi dut (*edun)
  • Etxean geratu nahi dut (*edun)

Dena den, Euskaltzaindiak salbuespen batzuk zehaztu ditu (ikus 113. araua):

1. Behar izan aditza aditz laguntzaile iragankor gisa jokatuko da, ondoan agertzen den aditz osagarria edozein motatakoa delarik, iragangaitza denean ere bai:

a) Lan egin behar dugu

b) Liburua ekarri behar zenidan

c) Etxera joan behar dut

du-aditza + behar ====> [aditza] + behar + du-saileko aditz laguntzailea

da-aditza + behar ====> [aditza] + behar + du-saileko aditz laguntzailea

 2. Halere, lehen puntuan esana ez da beteko behar izan aditza, datibodun aditz iragangaitz batekin agertzen denean. Orduan izan laguntzailearen zaio-saileko formak erabiliko dira beti:

a) Bihar mintzatu beharko natzaizu gai horretaz

b) Azkenerako gauza guztiak ahaztu behar zaizkizu

zaio-aditza + behar ====> [aditza] + behar + zaio-saileko aditz laguntzailea

3. Bestalde, zenbait euskalkitan, Iparraldekoetan batez ere, behar izan aditzak izan laguntzailea har dezake aditz iragangaitzekin:

a) Joan behar naiz

b) Ez zara ikaratu behar

Jokabide hau ere ez da gaitzesten:

da-aditza + behar ====> [aditza] + behar + da-saileko aditz laguntzailea.

 

Atala Hizkuntza, etiketak , , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude