Irten / Atera

Galdera:

Kaixo:

Erriberako euskara irakasle talde batean sartuta nago eta zalantza bat daukagu: posible da “irten dut” esatea “irten naiz” esan beharrean?

Eta, gero, zein da desberdintasuna ATERA eta IRTEN aditzen artean?

Eskerrik asko

Erantzuna

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan datorrenaren arabera, irten naiz esan behar dugu euskara batuan, “irten da” dela baitiote; hau da, NOR motakoa da eta jokamolde bakarra onartzen du:

Egia da Bizkaian (eta Gipuzkoaren zati batean) irten (erten) dut esaten dutela, baina euskalki mailako erabilera da. Beraz, euskara batuan ari garela, irten naiz esango dugu.

Bestalde, irten eta atera aditzen arteko aldeaz galdetu diguzu. Irten ez bezala, atera aditza bi eratara joka daiteke: NOR zein NORK motakoa izan daiteke. Ikus Hiztegi Batuko sarrera:

Hori bai, aditz laguntzailearen arabera, esanahia zeharo aldatzen da.

a) NOR motakoa denean, irten aditzaren sinonimoa da:

1. da. Irten. Adibideak: Etxetik atera (= irten) zenean. Bihar aterako (= irtengo) dira. Ezin atera (= irten) naitekeen oihanean. Zer ordutan aterako (= irtengo) da trena?

b) NORK motakoa denean, beste esanahi batzuk hartzen ditu:

1. du. Zerbait edo norbait dagoen tokitik at ezarri, barnetik kanpora eraman. Adibideak: Kutxako gauza guztiak atera zituenean. Geure bihotzetik atera dezagun. Hagin bat atera diote. Harrika atera zuten hiritik. Espetxetik atera zutenean.

2. du. Zenbait esapidetan erabiltzen da. Adibideak: Ez dute hitzik atera (= ez dute deus esan). Mesedez, ez ezazue zaratarik atera. Iritsi orduko atera zituzten argazkiak. Atera itzazu kontuak aurretik. Sei tantoren aldera atera zion. Dirua bildu zuten bere aldeko meza bat ateratzeko. Hortik ateratzen dut egia dela.

3. du. Lortu. Salamancan atera zuen titulua. Dirua ateratzeko era berri bat. Ez zuten ondorio zuzenik atera. Harri horietatik aluminioa ateratzen dute. Azken hauteskundeetan diputatu gehien atera duen alderdia.

Atala Hizkuntza, etiketak , , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude