Nola esan daiteke “apadrina a un lector/a” euskaraz?

Galdera

Gure ikasleen artean irakurzaletasuna suspertzeko kanpaina antolatu dugu aurten ere. Gure zalantza da apadrinar/apadrinamiento terminoak euskaraz nola erabil genitzakeen.

Web-orria eta facebook-a erabiltzen dugu kanpainan parte hartzen duten beste ikastetxeekin harremanetan izateko.

Irakurzaletasuna bultzatzeko jarduera ezberdinak proposatzen dizkiegu eta horien artean dago “apadrina a un lector/a”.

Adibidez, DBHko ikasle batek “babesletzan”??? hartuko du LHko ikasle bat. Ipuinak/liburuak irakurriko dizkio, azalduko dio zein diren gustukoenak berarentzat, eta abar.

Hortaz, hitz horrekin bueltaka gabiltza, aitabitxi edo amabitxi, adibidez, ez baitzaizkigu asko gustatzen…

Babesletza hitza izan daiteke egokiena, beraz?

Erantzuna

Hemen ibili gara buelta eta jira zure galdera dela eta: apadrinar, apadrinamiento, aitabitxi, amabitxi, besoetako, babestu, lagundu, babesletza, kide, irakurketakide…

Pentsatu dugu “babestu” aditzetik abiatu beharrean, egoera honetarako beste zerbait egokiagoa izan litekeela, helburua ez baita, zehatz-mehatz, batak bestea babestea.

Hauxe bururatu zaigu:

a) “Irakurlagun kanpaina”

b) Aditzak: “irakurlagun(a) egin”, “irakurlagun(a) izan”, “irakurlaguna hartu”, “irakurlagun bihurtu”.

c) Bi kideak: “irakurlaguntzailea” eta “(irakurlagun) besoetakoa”

Adibideak:

—Parte hartuko duzu Irakurlagun kanpainan?

—Bai, irakurlagun egingo naiz.

—Irakurlaguna egingo dut.

—Zuk hartuko duzu irakurlagunik?

—Bai, nik ere hartuko dut irakurlaguna.

—Nor hartuko duzu irakurlagun?

—Nor da zure irakurlaguna?

—Ane da nire irakurlaguna.

Azken bi esaldietan, testuingururik gabe, anbiguotasuna dago. Bigarrenean, esaterako, ez dakigu bi kideetako zein den Ane. Anbiguotasun hori ekidin nahi denerako edo ekiditea beharrezkoa denerako, bi termino sortu ditugu: “irakurlaguntzaile” eta “besoetako”. Hitz gozoak eta aldi berean adierazgarriak iruditu zaizkigu: bata, nagusia, gidari edo laguntzailea; eta bestea, gazteena, besoetakoa.

Orain, horixe bururatu zaigu. Zuek zarete erabili behar duzuenak, eta, seguru asko, beste ñabardura batzuk ikusi edota beharko dituzue. Galdetu lasai, eta denon artean ahaleginduko gara zerbait egiten.

Hitzaren agerpena (Ereduzko Prosa Gaur webgunean: irakurlagun):

Berandu da gelditzeko, Unai Iturriaga (Susa, 1999), 80. orr.:

Mikel beste egunkari bat gainbegiratzen ari zen barra kontran jesarrita, tortilla eta ardo beltz berezi bat irakurlagun.

 Data: 2012/12/05

Atala Itzulpenak, etiketak , , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude