Armek ukatutako haurtzaroa

Jon Fernandez / 2012-03-15 / 1.455 hitz

Nazioarteko Zigor Auzitegiak bere lehen epaia eman du, eta Thomas Lubanga erruduntzat jo du adingabeak soldadu gisa erabiltzeagatik. Gaur egun, 300.000 ume soldadu inguru daude munduan.

Pertsona bat hil zuen lehen aldian, odolak aurpegia zipriztindu zion Sylvaini, eta orduan bai, beldurra sentitu zuen. Gero, errutina bihurtu zitzaion heriotza, eta Ugandako soldaduak hil izanaren harrotasuna ere bizi izan zuen. Igande batez sartu zen soldadu Sylvain. Aurrez pentsatu barik. Artean 9 urte zituen, eta mezatik etxera itzultzean gurasoak desagertu zirela ikusita, bizirik irauteko beste aukerarik ez zuela pentsatu zuen: UPC Kongoko Abertzaleen Batasuna talde armatuan sartu zen. Hema leinukoa zuen aita; ama, berriz, alurkoa, eta lenduen milizia batek eraman zituen eraso batean. Zazpi hilabete egin zituen instrukzio zentroan Sylvainek, eta borroketara atera zen lehen aldietan ez zuen beldurrik izan; ez zen jabetzen bertan hil zitekeenik. Bi urteren buruan, kostata, miliziatik ateratzea lortu zuen, eta, hasieran inguru militarraren falta sumatu arren, bestelako bizimodu bati ekitea lortu zuen.

Sylvainena ez da kasu bakana Kongoko Errepublika Demokratikoan. AI Amnesty Internationalek jaso zuen bere testigantza herrialdearen ipar-ekialdeko Ituri probintzian, 2003ko udan. Hain zuzen ere, Kongoko bigarren gerran (1998-2003) gutxienez 20.000 umek bizi izan zuten antzeko infernua. Thomas Lubanga Dyilo UPC eta FPLC Kongo Askatzeko Indar Abertzaleak mugimenduen burua izan zen haurrak armak hartzera behartu zituenetako bat. 2002tik 2003ra bitartean hema etniako 15 urtetik beherako ehunka ume erabili zituen soldadu moduan Ituri eskualdean, eta ICC Nazioarteko Zigor Auzitegiak erruduntzat jo zuen atzo. Garrantzi berezia du epaiak, 2002an sortu baitzen Hagako auzitegia, eta epaia ematen duen lehenaldia baita. Hala ere, Hagak ez du jakinarazi zer zigor ezarriko dion gerra krimenen erantzule izateagatik. Aurrerago emango du horren berri, oraindik zehaztu gabe dagoen egun batean.

Lubagaren zigorrak, nolanahi ere, ez du ume soldaduen errealitatea ezabatuko. Oraindik ere milaka adingabe erabiltzen dituzte soldadu gisa mundu guztian: 300.000 inguru, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren arabera. Aldi berean, halere, badira armak atzean lagatzea lortzen duten milaka batzuk ere. Azken datuen arabera, 11.000 umek lortu zuten 2010ean talde militarretatik ateratzea eta bergizarteratzea Sudanen, Myanmarren eta Kongon, besteak beste. Mateo Agirre jesuita arabarrak (Bilar, 1945) ondo baino hobeto ezagutzen du ume soldaduen bergizarteratze prozesua, lau urtez aritu izan baita horretan —2004tik 2008ra— Tanganika aintziraren ondoko Uvira hirian, Kongo ekialdean.

Alboan gobernuz kanpoko erakaren bitartez errefuxiatuei laguntza eskaintzen hasi zen Agirre Iheslarientzako Jesuiten Zerbitzuarekin Kongon, Ruandan eta Burundin 1990eko hamarkadan, Ruandako genozidioaren ostean. «Orduan konturatu ginen benetan arazo larria zela ume soldaduena: gure iheslarien eremuetan egun batetik bestera desagertzen ziren umeak. Eta mugaren alde batean desagertzen zirenak, bestaldean aurkitzen genituen gero, armak hartuta», gogoan du Agirrek. Iheslarien umeen formaziorako sortu zituzten egiturak, gainera, errekrutatzeko leku bihurtzen ziren eurak deskuidatzerako. «Kolpe handia izan zen. Eskualdean bakearen kultura ereiten aritu beharrean, nahi barik, kontrako bidea laguntzen ari ote ginen pentsatu genuen. Begiak zabaldu genituen orduan». Ume soldaduak milizietatik atera eta gizarteratzeko zentroa sortu zuten ahal bezain laster Uviran.

Egoerak bultzatuta

Emaitza bera izan arren, ugariak dira umeak talde armatuetara eramaten dituzten bide eta testuinguruak. Child Soldiers International erakundeak 13 urteko kongoarrari jasotakoa, esaterako, testigantza bat baino ez da: «Herrira iritsi zirenean nire anaia nagusiari galdetu zioten ea prest zegoen milizian sartzeko. 17 urte baino ez zituen, eta ezetz erantzun zuen. Buruan eman zioten tiroa. Jarraian niri galdetu zidaten armadan sartu ote nahi nuen. Eta zer besterik egin nezakeen? Ez nuen hil nahi».

Armetara bortizki iristen diren adingabeen kasuak milaka badira ere, gehiago dira egoerak bultzatuta, modu kasik naturalean, iristen direnak. Izan ere, kalea da haurren errekrutatze lekurik ohikoena, muturreko txirotasunaren ondorioz kale gorrian bizi direlako asko. «Uniformea jantzita eta eskuetan kalaxnikov batekin, norbait bilakatzen da umea. Estatus bat jasotzen du, eta janaria ziurtatzen du. Edo, gutxienez, janaria lortzeko bitartekoa: fusila», Agirre jesuitaren esanetan.

Estatuen armadetako militarrek zein talde armatuetakoek adingabeekiko duten interesa agerikoa da: oso soldadu otzanak dira umeak, buruzagien esanekoak. «Manipulatzen errazak dira. Droga eta alkohol pixka batekin edozein lekutara bidal daitezke. Kasu askotan ezkutu gisa ere erabiltzen dituzte». Eta umeek bizi duten infernua orokorrean gordina bada, are gordinagoa da neskatoena. Garbiketarako, sukalde lanetarako eta bestelako lanetarako esklabo izateaz gain, eta tratu txarrak jasateaz gain, esklabo sexual ere bihurtzen dituzte. Child Soldiers: From violence to protection (Ume Soldaduak: Indarkeriatik babesera) liburuaren egile Michael Wellesen arabera, soldadu adingabeen %10etik %30era artean neskatoak izaten dira.

Armak uzteko zailtasunak

Milizia sartzea baino askoz ere nekezagoa da ateratzea umeentzat. Soldadu izaten jarraitzera behartzen dituzte militarrek, baina hori ez dute oztopo bakarra: sarri inguru sozialak eta familiak berak ere ez ditu adingabeak berriz etxean hartu nahi izaten. Ezertan hasi aurretik, ume soldaduak berreskuratzeko lan egiten duten erakundeek sentsibilizazio eta presio lana egin behar izaten dute alde guztiekin. «Ez da lan erraza, eta baldintzak oso arriskutsuak dira», aitortzen du Agirrek. «Militarren buruengana joatean errespetuz eta umiltasun handiz jokatu beharra dago. Jakina, hasieran ez dute begi onez ikusten kanpoko erakunde bat euren kontuetan sartzea. Oldarkor erantzun ziguten hasieran, mesfidantza handiz gero… azkenean euren konfiantza irabazi genuen arte».

Militarren onarpena lortuta, umeekin eta haien familiekin hitz egitea da armak uzteko gako nagusia, zubi lana egitea. «Miliziako bizitzara moldatzen dira, eta zaila da apurtzea. Drogak, alkohola eta tabakoa kontsumitzera ohitzen dira, sexu erraza izaten dute… eta nerabe batentzat zaila da zirkulu horretatik ateratzea». Inguru sozialak ere identifikatuta izaten ditu umeok, eta jendeak badaki eraso batzuen edo hilketa batzuen erantzuleak direla. Beraz, zail izaten dute gizartera bueltatu eta berriz ere harreman sarea jostea. «Gurasoek ere maiz ez dute argi ikusten semea berriz etxean jasotzea. Beldurra ematen die euren semeak».

Alboanek ume soldaduak gizarteratzeko Uviran jarritako zentrotik ehunka adingabe igaro ziren lau urtez. Gehienez ere 70 ume izaten zituzten aldi berean, eta ume bakoitzak urte eta erdi inguru egiten zuen han etxera itzuli aurretik. Miliziak borondatez utzitako umeak ziren, eta laguntza psikologiko handia behar izaten zuten. «Burua mamuz beteta iristen ziren, eta erruduntasun sentimendu handiarekin». Egoera horrek uzkurtu egiten ditu asko, oldartu, berriz, beste asko.

Soldadu izan diren ume gehienen bi arazo nagusiak afektibitate falta eta baloreen nahasmendua izaten dira, Agirreren arabera. «Familia, gizarte, kultura eta erlijio jakin batean sortuak dira, eta balore jakin batzuk jaso zituzten txikitan. Baina milizi urteetan, baloreak norbanakoaren baitan sendotzen diren urteetan hain zuzen, irauli egiten dira erabat. Sekulako kaosa sortzen da bai baloreetan eta nortasunean». Bizitakoa onartu eta nortasun berri bat eraikitzea prozesu gogorra izaten da ume zein nerabeentzat.

Gizarteratze zentroetik atera ostean, baina, bizitzari aurre egin behar izaten diote adingabeek, eta ezinbestekoa izaten dute ogibide bat izatea. Horregatik, lan formazioa ere eskaintzen zieten Uvirako zentroan. 2008an itxi zuen Alboanek zentroa, oraindik ume soldaduak egon arren, jada ez zegoelako «ume berreskuragarririk». «Izozmendiaren erpinaz baino ez ginen arduratzen. Asko eta asko ziren ume hasi eta soldadu nagusi egin zirenak».

Sakoneko arrazoiak

Ume eta soldadu hitzak ez dira erraz ezkontzen Mendebaldeko gizartearen pentsamoldean. Aitzitik, sekulako eskandalua eta histeria sortzen du bi hitzok batzeak herrialde aberatsetan: AEBetako Invisible Children mugimenduaren Kony 2012 filma da horren lekuko, azken egunetan sarea astindu duena. Ugandako LRA talde armaturako errekrutatu izan ditu umeak Joseph Kony militarrak.

Histeria horrek, baina, lagatzen ote du arazoaren benetako arrazoiak ikusten? Ezezkoan dago Agirre. «Ume guzti horiek ez dira borondatez sartu zulo horretara, gerrek sortutako baldintzek bultzatuta baizik. Eta gerra horien atzean interes ugari daude». Baliabide eta ondasun natural aberatsak daude eskualde horietan, eta aberastasunaren atzean arma, multinazional eta gobernu asko daude. «Nik ez diot inori errurik bota nahi, baina jabetu behar gara erantzukizun handia dugula iparraldeko herrialdeok, gure ongizate estatua hegoaldeko herrialdeen gaizkizatean oinarritzen ari garelako».

Sakoneko arazoa konpondu ezean, ezinbestean jarraituko dute ume soldaduek. Kongo da horren adibide. Edonoiz leher daitekeen sumendia da herrialdea, eta milaka ume soldadu daude oraindik ere.
——————————————

Soslaia. Thomas Lubanga. Gerrako umeen errekrutatzaileaZazpi seme-alabaren aita eta psikologian lizentziaduna da Kongoko Ituri eskualdean ehunka ume bortxaz soldadu bilakatu zituen gizona. Eskualde hartko Djiba herrian 1960an jaiotako erreboltari ohiak Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisprudentzia abiarazi du, harena izan baita 2002an sortutako auzitegi horrek eman duen lehen epaia.

Laurent Kabila Kongoko presidente zenaren kontrako RCD-ML miliziako komandante izan zen Lubanga Kongoko bigarren gerraren hasieran, 1990eko hamarkada amaieran. Urre meatzeen kontrola lortzeko Ituriko lau etnien arteko borrokak piztu ziren —hema etniakoa da Lubanga—, eta milizien gudak 60.000 hildako eragin zituen. Lubangak UPC eta FPLC talde politiko-militarrak sortu zituen 2002an, Ugandaren eta Ruandaren babesarekin.

2006ko martxoan, Hagaren aginduz atxilotutako lehen pertsona bilakatu zen Lubanga. Kinshasako luxuzko hotel batean atxilotu zuten, eta Herbehereetara bidali zuten berehala. Nolanahi ere, auzibidea ez da erraza izan. Gerra krimenak leporatu zizkion fiskalak, bere armadan umeak soldadu moduan erabiltzeagatik. Defentsaren 24 lekukok eta fiskaltzaren beste 36k hitz egin dute ia lau urte luzeko epaiketan. Tartean, bederatzi ume soldaduk eman dute euren testigantza.

Epaiketa, baina, irauli egin zen 2010eko udan. Prozesua eten eta Lubanga askatzea erabaki zuen epaileak, fiskalak ez zuelako argitu lekuko baten nortasuna. Apelazio Ganberak, baina, atzera bota zuen erabakia. Lubangak ukatu egin ditu karguak beti, eta fiskaltzaren lekukoak ume soldadu faltsuak direla esan zuen epaiketako azken egunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude