Gaitasunak

Onintza Enbeita / 2012-03-23 / 187 hitz

Inor ez da iristen 80 urtera 20 urterekin zituen gaitasun berberekin. Amama Klarak, alzheimerrak harrapatu aurretik, usaimena galdu zuen. Gure aitak ez du ondo entzuten. Amama Teresa oso torpe dabil, eta gure amari apuntatzen ez duen guztia, eta apuntatzen dituen zenbait gauza berdin, ahaztu egiten zaizkio egunero. Hala ere, gure amama, aita eta ama oraindik harritu egiten dira. Bizi izan diren guztia bizi eta gero, zenbait gauza kontatzen dizkiegunean harritu egiten zaizkigu. Eta hori zoragarria da; izan ere, urteetan aurrera doazen guztiek ez dute azkenera arte gordetzen. Harritzen ez denak ikusi du dena, usaindu du dena, entzun du dena, ukitu du dena, dastatu du dena. Ez du ezerk harritzen. Eta diot nik ezer ez zaiola gelditzen dena ikusi, entzun, usaindu, entzun, ukitu edo dastatu duenari. Nik zahartzarora iritsi nahi nuke, neure buruaren jabe banaiz behintzat. Baina, batez ere, hemendik berrogeita hamar urtera, harritzen jarraitu nahi dut. Zahar etxean banago ere, kontuak esaten datorkidanak esaten didanak interesa piztu diezadala. Eta hori galtzen dudanean, Nerek ondo esaten zidan moduan alboko ordenagailuan esertzen nintzenean, ez naiz izango ni, eta aspertu egingo naiz. Eta bizirik egonda aspertzea hiltzeko modu bat da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.