Helduen mundua haurren ikuspegitik

Adrian Garcia / 2012-03-21 / 1.041 hitz

Badira 50 urte Joaquin Salvador Lavado Quino-k lehen aldiz Mafalda marraztu zuela. 1973an utzi zion artistak komikia egiteari, baina mundu zabaleko etxeetan Quinoren begirada kritikoaz gozatzen jarraitzen dute. Antton Olariaga, Patxi Huarte eta Dani Fano komikigileek Mafaldaren 50 urteko ibilbidearen ikuspegia eskaini diote BERRIAri.

Ikusten? Ideologiak mailatzeko makilatxoa da hau», dio Mafaldak zintatxo batean polizia gizon baten borra hatzarekin seinalatuz. Orain 50 urte, lapitza hartu, eta lehen aldiz marraztu zuen Mafalda txikia Quinok. 1960ko hamarkadako Argentinako gizartearen eta gazteria progresistaren ispilu da Quino marrazkilari eta pentsalariaren sorkuntzarik arrakastatsuena. Pertsonen duintasunaz eta bakeaz arduratzen da, eta helduek belaunaldi berriei utzi dieten munduaren aurrean kexu da Mafalda. Arrazakeria eta bortizkeria gorrotatzen ditu, ia zopa bezainbeste. Helduek munduan sortu dituzten bidegabekeriak umeen ikuspuntutik behatzen ditu. Inkonformista da, baina bere belaunaldiarengan sinesten du. NBEko itzultzailea izan nahi du heldua izatean, herrialde bateko ordezkariak beste bati modu txarrean hitz egitean itzulpena aldatu eta adiskidetzea sustatzeko.

Garai hartako Argentinako gizartea ulertzeko giltzarri dira Mafalda eta haren laguntxoen istorioetan islatzen diren arazoak. Quinok neskatilaren ahotan planteaturiko arazoek, baina, denboran eta lekuan jauzi egin dute. 1960ko hamarkadako Argentinatik harago, Quinoren pertsonaiek ukitzen dituzten gaiek kutsu unibertsala dute. Horregatik, azken zinta argitara atera zela 39 urte igaro badira ere, Mafaldaren abenturatxoak jasotzen dituzten liburuak berrargitaratzen jarraitzen dute mundu zabalean. 26 hizkuntzatara itzuli dituzte zintak; euskarak oraindik ez du bertsiorik. Gaurkotasunik ez dute galdu orain mende erdi sortu zuen pertsonaiaren hausnarketek, azken finean Quinok mahai gainean ipinitako arazoek indarrean jarraitzen dutelako.

Indarrean dauden arauak onartu ez eta ideia propioekin arau horiek moldatu eta aberastea nahi duten gazteen isla da neskatila. Asmamen zorrotzekoa zen, eta orriz orri egindako hausnarketek gai deserosoak plazaratu zituzten orduko Argentinako gizartean.

«Hitzik gabeko marrazki oso indartsuak egiten ditu Quinok; grafiko aldetik informazioa zuzenean ematen dio irakurleari». Antton Olariaga komikigileak Mafaldaz gain Quinoren beste lanak ere jarraitu ditu. «Mafalda grafiko aldetik, linearen aldetik kontundentea da; mezua oso garbi uzten du». Hizkuntza aldetik ere berritasuna ekarri zuen Mafaldak. «Argentinatik etorritako hizkuntzak, hitz jokoak eta beste aurkitzea desberdina izan zen». Halere, Olariagari oso irregularra egiten zaio Mafalda. «Ume kuadrilla denez, erredundante samarra egiten zait. Karamelatuegiak batzuetan ere bai. Agian, pertsonaia batzuk besteak baino gehiago gustatzen zitzaizkidalako, baina oso estereotipo markatuekin jokatzen dute. Hemen egiten ziren aldizkari satirikoetan beste modu batean esaten ziren gauzak». Harremanen aldetik, Mafaldaren kuadrilla barruan gauza oso interesgarriak sortzen direla uste du Olariagak. «Ezuste oso politak ditu». Urteetan presentzia handia izan zuen Mafaldak prentsan. Maiztasun hori, gai unibertsalak jorratzearekin batera, Quinoren zinta arrakasta izatera bultzatu zuen gakotzat jotzen du Olariagak. «Gaztetxo horietako bakoitzak borroka bere esparruan egiten du. Bai alderdi ekonomikoan, politikoan, bidegabekerien aldetik…». Helduen mundua umeen ikuspegitik lantzeak kritika egiteko askatasun handiagoa eta bakantasun apur bat ematen duela dio. «Mafalda haur heldu bat da». Quinok pertsonaiekin egiten duena jolas bat da, «ondo asmatutako jolasa», Olariagaren hitzetan. «Irudi, pertsonaia eta estereotipo batzuk asmatu ditu Quinok, eta horiekin jokatuz mundua lauki horietara eraman du».

Dani Fano komikigileak oso gustuko ditu Mafaldaren istoriotxoak, eta Quinoren jarraitzaile sutsua da. «Mafalda adingabea da. Lehen, orain bezala irakurtzen ditut Quinoren komikiak. Mafaldak bere lagunen laguntzarekin mundua aztertzen du. «Mafalda ez da bakarrik Mafalda. Mundu oso bat da: Miguelito, Manolito, Susanita, Felipe… Beste pertsonaiarik gabe ez litzateke berbera izango». Quinoren lana oso gustuko du Fanok: «Jeinu bat da. Mundua aztertzeko bonbilla berezia pizten dizu». Mundua interpretatzeko modua da, Fanoren ustez, Quinoren arrakastaren giltza. «Mafaldarekin bukatu ostean, gauza asko egin ditu Quinok, eta behatzaile fina dela erakutsi du». Mundua besteek baino sakonago ikusten du, eta ikuspegi hori umorez janzten du. «Quinoren biñetak filosofia liburuak bezalakoak dira. Jende gutxik du hori egiteko gaitasuna». Quinok gizakiaren azterketa egiten duela dio Fanok, baina besteek baino harago begiratzen du. «Marrazkiak oso landuak daude. Perspektibak, hondoak… Bere hizkuntzari edo berak esan nahi zuenari dagokion estiloa aukeratzen du». Gauzak interpretatzeko modua marraztea bera baino are garrantzitsuagoa dela uste du Fanok. «Marrazkia egiten hasi baino lehenagokoa da bertutea. Beste inork ikusten ez dituen gauzak ikusten ditu».

Patxi Huarte Zaldieroa, berriz, Snoopy irakurtzen hasi zen garaian hasi zen Mafalda irakurtzen. Bi komikiek marrazkien itxuraren aldetik antza dutela dio, baina Mafalda askoz ere ulergarriagoa dela dio. «Quinoren marrazkia deigarria egin zitzaidan hasieratik. Gainera, pertsonaiak oso maitagarriak egiten zaizkit». Mafalda bera baino gehiago, bigarren mailako pertsonaiak ditu gustukoago Huartek. «Mafaldak nekatu egiten ninduen. Hain inteligentea, hain arrazionala… besteek gaizto puntua zuten, berekoiak ziren». Quinoren marrazkiak edozeinentzat gustagarriak dira, eta hor egon daiteke, Huarteren ustez, arrakastaren giltzarrietako bat. «Gainera, Mafalda marrazten hasi zen garaian, Hego Ameriketan diktadore ugari zeuden, eta, alde horretatik, iraultzailea izan zen Quinoren pertsonaia».

Iragarkitik egunkarira

Mafaldaren lehen bertsioa ez zen inoiz argitaratu. 1962ko martxoan marraztu zuen Quinok, baina hasierako asmoa ez zen komiki baten pertsonaia nagusia sortzea. Etxetresna elektriko baten iragarki batentzat komiki zinta bat marrazteko enkargua jaso zuen. Zintatxoan familia bat irudikatu behar zuen, baldintza bakarrarekin: m hizkiaz hasi behar zuen pertsonaia bakoitzaren izenak, etxetresna markarekin lotzeko.

Marrazkilariaren eta publizitate agentziaren arteko akordioa ez zen gauzatu, eta Gregorio umorezko gehigarrian argitaratu zituzten zintatxo horietako batzuk.

Ofizialki, 1964ko irailaren 29an estreinatu zen Mafalda komiki zinta moduan, Primera Plana astekarian. 1965eko martxoa bitartean 48 zinta argitaratu zituen aldizkariak. Lehen aldi horretan, Mafalda eta haren gurasoak besterik ez zen agertzen, harik eta 1965eko urtarrilean Felipek lehen agerraldia egin zuen arte. Aldizkariak Argentinako eta nazioarteko gaur-gaurko gaiak jorratzen zituen, eta gai horiei buruzko zintatxoak argitaratu zituen Quinok. Txina, Afrika, Latinoamerika eta emakumearen egoerari buruzko erreferentziak egiten zituzten haren pertsonaiek.

Primera Plana aldizkaria utzi, eta El Mundo egunkarian hartu zuen erreleboa Mafaldak, 1965eko martxoan. Egunkaria izanik, egunero argitaratzen ziren zintatxoak, eta horrek gaurkotasunarekin lotura zuzenagoa zuten gaiak jorratzeko aukera eman zion. Garai hartakoak dira politika eta etxeko kontuei buruzko pasarteak. El Mundo-n hasi eta berehala, pertsonaia gehiagoren beharra sentitu, eta Manolito eta Susanita sortu zituen.

1967ko abenduan, El Mundo itxi, eta Mafaldaren argitaratzea eten zen. Siete Días Ilustrados astekarian beste lan batzuk argitaratzen zituen orduan Quinok, eta, 1968ko ekainean, Quinoren umorezko orria Mafaldagatik ordezkatzea adostu zuten.

1973ko ekainaren 25ean argitaratu zuen Quinok azken zintatxoa. Pertsonaia berak jorratzeaz nekaturik, beste kontu batzuetan lan egiteko gogoa zuen. Ordutik, eta Unicefen haurren aldeko kanpaina batzuez salbu, artistak ez du Mafaldaren zintatxo berririk kaleratu.

Oholtzatik orain 39 urte jaitsi zen Mafalda, baina haren galdera eta hausnarketek etxe askotan mundua bestelako begiradapean ikusarazten jarraitzen dute. Berrogeita hamar urte igaro dira lehen zirriborrotik, baina neskatilaren kritika zorrotzek ez dute zentzurik galdu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.