Krimena aitzakia baino ez da

Igor Susaeta / 2012-03-15 / 418 hitz

Iñaki Irasizabalek genero beltzari eutsi dio ‘Orbe auziaren ingurukoak’ bere azken eleberrian

Irrati batean iragarpen bat egin du Joseba Orbe idazleak: kontu politiko eta sexualak kontatuko dituen eleberri eskandalagarria idazten ari da. Esandako horrek zurrunbilo bat sortuko du, eta handik gutxira idazlea hilda agertuko da. Hari horri tira eginez osatu du Iñaki Irasizabalek (Durango, 1969) Orbe auziaren ingurukoak (Elkar) eleberria. Aurrez argitaratutako liburuetan bezala, honetan ere, — «ia-ia beti bezala», egilearen esanetan— genero beltzari eutsi dio. Halere, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen ustez, krimena aitzakia baino ez da, «beste gauza askotaz hitz egiteko». Adibidez, ardura etiko eta penalen arteko aldeei buruz hausnarketa bat egin nahi izan du Irasizabalek. Edo guraso eta seme-alaben arteko harremanez.

«Laburra eta azkarra» da eleberria, egilearen iritziz. Eta atzo, Donostian egindako aurkezpenean ere, azkar eman zuen Orbe auziaren ingurukoak-en hasierari buruzko beste pista bat: «Gazte batzuek, drogen eraginpean daudela, gauza lazgarri bat egiten dute». Ekintza hori izan daiteke egileak aipatutako bi hausnarketa horietako baterako abiapuntua. Izan ere, Irasizabal saiatzen da «alboko istorioak kontatzen, erdikoa kontatu beharrean». Gainera, iruditzen zaio genero beltzeko eleberriek elkarren antza izaten dutela, eta hori «muga bat» dela idazterakoan. «Esango nuke nirea ez dela ohiko genero beltzeko eleberria». Mendigurenen aburuz, genero beltzaren «idazle emankorrenetako baten gisa» ari da finkatzen Irasizabal euskal letretan.

Hausnarketarako bazka eman diote, aldi berean, guraso eta seme-alaben arteko harremanek. «Oso literarioak iruditzen zaizkit. Idazle estatubatuarrek landu dute gai hori, batez ere. J. D. Sallingerrek, Raymond Carverrek…». Irasizabalek, ordea, ez du urrutira jo bere pertsonaiak eta egoerak kokatzeko orduan. Hurbileko eta eguneroko paisaia sozial eta fisikoak erabili ditu. «Ezagutzen ditudan agertokiak baliatzen ditut. Gernika, Zornotza, Bilbo, Durango..». Eta elementu horiekin, eleberria «sinesgarri» egiten ahalegindu da. «Hemen ez da Harlemik, ez New Yorkik, ez 15 milioi biztanleko hiririk, ez mafia handirik… Edo guk, behintzat, ez dugu horren berririk».

«Egoera batzuen inguruan» antolatzen ditu eleberriak. Horiek irudikatzeko ,«errealitatetik, zinematik edo telebistatik» edaten du, besteak beste. «Plagioa oso ona eta aberasgarria da, harrapatzen ez bazaituzte. Ideia on bat ematen badizu eta testuak hobetzeko balio baldin badu…. Nik ez dut kontzientzia txarrik, plagio bat egiteagatik». Eskema moduko bat edukitzen du buruan, baina bukaera «irekita» uzten du, «bestela, aspertu egiten bainaiz».

Genero beltzean ohikoak izaten dira pertsonaia finkoak eleberriz eleberri errepikatzea. Detektibeak, adibidez. Irasizabalek ez dauka horietako bat sortzeko asmorik. Gainera, iruditzen zaio pertsonaia finko horiek «antzeko istorioak» idaztera behartzen dutela idazlea, eta berak «diferenteak» kontatu nahi ditu. Neurriari dagokionez [114 orrialde], «sobera dagoena» kentzen, eta «ahalik eta laburren idazten» saiatzen da. «Gustatuko litzaidake zerbait luzeagoa idaztea. Baina, saiatu naizen arren, istorioak bukatzen zaizkit».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.