Superhaurrren erakargarritasuna

Imanol Mercero / 2012-03-11 7 174 hitz

  • Izenburua: Katti beti endredatzen
  • Idazlea: Antxiñe Mendizabal
  • Ilustratzailea: Patxi Gallego
  • Argitaletxea: Elkar

Heroi domestiko modernoak maite badituzu, hona zure aukera.

Narrazio eran jositako ipuin aktuala duzu hau. Aktuala gaurko garaiotan gertatzen delako akzioa, langabeziak astintzen duen honetan; eta aktuala liburuaren idazkerak, pertsonaien karakterizazioak, abenturaren zer-nolakoak eta imajina genitzakeen ñabardura guztiak ere, gaur-gaurko literaturaren ereduetan ezarrita dituelako.

Liburuaren 50 orrialdeek Kattiren bizitzako aste pare baterako ematen dute, era frenetikoan doazen egunak, gatazkarik gatazka, Katti beti endredatzen.

Katti irakurlea seduzitzeko egina dago. Neskato buruargia da, erabaki deserosoak hartzera behartuta dagoena; gurasoen aurka limiteraino jar daitekeena porru-patatak ez afaltzearren; etxeko ekonomia gaizki dagoela susmatzean lan bila jartzen dena; adiskideen egonarria frogan jarriko duena, euren laguntasuna galdu gabe.

Ilustratzailearen lana ere hala datorkigu, oso moderno, oso gaur egungo. Zinemako kamerarekin ari garela ematen du: plano pikatuak, eskortzoak, kontrapikatuak, plano orokorrak zein zenitalak…. Pertsonaiak komiki erakoak dira eta ekinean ari direla nahiko histrioniko agertzen dira euren keinuetan.

Irakurle autonomo diren haurrei begira idatzitako liburu honi, agian, heroi sinesgarriago bat zegokion —hunkitzen dakien bat—; baina, tira, fikzioan baino ez dauden erako heroi bat da, haurrek erraz ezagutuko duten egoera batean…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.