Balioaz

Onintza Enbeita / 2012-05-25 / 174 hitz

Udan ikastaro bat egingo dugula kontatu diogu, eta barre egin du. Lehenengo esan digu aukeratu dugun gaiak ez digula ezertarako balio. Berriro ere betiko eztabaida izan dugu: zer eta zertarako ikasi. Badira curriculumari begira bizi direnak. Ikasketa prozesua bizitzari lotu ordez, karrera bati lotzen diote, eta horri buruzko gauzak bakarrik ikasten dituzte. Ondo dago; baina nik nahiago dut curriculumerako balio ez didaten gauzak ere ikastea. Agian ez dago ia guztiz kontrolatzen dudan gairik, baina ispiluaren aurrean ikusten dudan neska horrek egunero ikusten dituen hainbat gauzarentzako erantzunak behar ditu. Bizitza arlo askok osatzen dute, eta horietako bat bakarrik da gure karrera. Besteak asko izan daitezke pertsonaren arabera: lana, maitasuna, oporrak, irakurtzea, bidaiak, familia, dirua, kirola, musika, etxea, sexua… eta hori guztia sakonago, beteago bizi nahiak eskoletan ikasi ez dudana ikastera eramaten naute egunero-egunero. Nekazaritza eta ekologia dira, barre egin didanaren ustez, nire azken kapritxoak. Niretzat orain arte modu jakin batean bizi izan ditudan etxea, ingurua eta herria beste modu batean bizitzen ikasteko bidea dira. Zertarako balioko didan? Balkoiko atea zabaltzen dudanean aurrean dudana neureago sentitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude