Theo Vennemann: «Euskara hizkuntza kontserbadorea da; ez da askorik aldatu 2.000 urtean»

Ilargi Agirre / 2012-05-16 / 466 hitz

Europako mendebaldeko hizkuntzetan indoeuroparrak ez diren ezaugarriak aztertu, eta salbuespen horietako batzuetan antzinako euskararen hondarrak aurkitu ditu ikerketan.

Hizkuntza indoeuroparrek protoeuskaratik edan zutela pentsatzen du Theo Vennemann hizkuntzalariak (1937, Alemania). Municheko Unibertsitatean irakasle emeritoa da, eta euskal hizkuntzaren substratuaren inguruko ikerlanek egin dute ospetsu mundu osoan. Gai horri buruz jardungo du Irunen, Ficoban (Gipuzkoa) ostiralerako antolatu duten Biltzar Atlantikoan. Ikerlariaren arabera, Paleolitoan euskaldunak Europa guztian barrena hedatuz joan ziren. Indoeuroparrak iristearekin batera, kontinentean zabalduta zeuden euskaldunek antzinako euskara hartan hitz egiteari utzi zioten pixkanaka, eta hizkuntza indoeuroparrak bereganatu¡. Inguru honetan bakarrik gorde zen.

Zertaz hitz egingo duzu zehazki ostiralean?

Europara indoeuroparrak iritsi aurretik, orain dela hogei mende inguru, kontinentean zein hizkuntza hitz egiten ziren interesatzen zait. Gaur egungo hizkuntzaren batek garai hartan hitz egiten zen hizkuntza multzo horren aztarnaren bat ba ote duen ikertu dut.

Euskararen arrastorik aurkitu al duzu?

Europako mendebaldeko hizkuntzetan izatez indoeuroparrak ez diren ezaugarriak agertzen dira maiz. Salbuespen horiek bestelako hizkuntzen hondarrak dira, eta euskararekiko hainbat antzekotasun aurkitu ditut nire ikerketetan. Hizkuntza askotan ibili naiz arakatzen: ingelesean, frantsesean, alemanean eta italieran, besteak beste. Euskara hizkuntza kontserbadorea da; ez da askorik aldatu azken 2.000 urteetan, alderdi linguistikoari begiratuz gero.

Zure teoriak Stephen Oppenheimerrenarekin bat egiten du.

Bai, hala da. Oppenheimerrek migrazioen alorrean egindako ikerketak ere bide horretatik doaz. Izotz aldiaren ondotik, Europaren birkolonizazioa ingurune honetatik abiatu zela dio berak.

Toponimiarekin frogatu duzu protoeuskara Europako kontinentean zabaldu zela.

Ibaien izenekin ikusi ahal izan dut hori batez ere. Euskal Herrian, Okondon (Bizkaia), Izalde ibaia dago, eta iz aldaera hori Europako beste leku askotan aurki daiteke: Val d’Isere Frantzian edota Isar ibaia. Azken horrek Austria, Tirol eta Bavaria zeharkatzen ditu. Halako adibide ugari topatu ditut.

Gramatikari dagokionez, zer adibide daude?

Sistema bidezimala da adibiderik argienetako bat hogeinaka kontatze hori da: berrogei, hirurogei, laurogei… Frantsesez eta danieraz hala kontatzen den arren, hori ez da indoeuropar hizkuntzen berezko ezaugarria. Horrez gain, ingelesezko to be aditzaren aldaera emateko bi aditz dauzkazue euskaraz: izan eta egon. Espainiarrez eta Europako mendebaldeko zenbait hizkuntzatan ere berdin gertatzen da, baina gainerako hizkuntza indoeuropar gehienetan, ez. Hori ere euskararen aldaera dela pentsa dezakegu, beraz. Euskarak duen lehen silabako azentua ere aztertu dut. Hizkuntza germanikoetan, zeltikoetan eta italikoetan mantendu den ezaugarria da, eta latinak ere lehen silabako azentua zuen. Ez da indoeuroparren bereizgarri bat, ordea. Antzinako euskal hizkuntza horretatik datorrela uste dut.

Gazta hitzarekin emandako azalpena bitxia da.

Latinez caseum hitzak gazta esan nahi du, eta latinezko hitz horretatik hedatu zen gazta hitza Europako beste hizkuntzetara. Ingelesez cheese, esaterako. Guztiak latinetik eratorritakoak dira, baina galdera da, nola iritsi zen latinera? Euskarazko gatz hitzetik iritsi zela pentsatzen dut. Gatzak gaztarekin duen loturan oinarritzen naiz hori esateko. Adibide horrek irauli egiten du orain arteko ideia. Izan ere, euskararen eta latinaren artean antzekotasunak bilatzean, beti pentsatu izan da euskarazko hitzak latinetik eratorriak direla. Kasu honetan, aurkakoa esaten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.