Amua

Idurre Eskisabel / 2012-09-05 / 173 hitz

Alboko umeen lagun egin da alaba, hondartzan. Iritsi bezain laster hurbildu dira elkarrengana, eta hamar minuturen buruan betidaniko adiskide minak ematen dute. Nemoren baldea utzi die gureak; Hello Kittyren flotagailua trukean neba-arreba ilegorriek. Hor dabiltza hirurak, pozarren, berriketa bitxian. Izan ere, gureak euskaraz soilik egiten du, eta ondoko ilegorriek gazteleraz baino ez. Baina, nola edo hala, ulertzen dute elkar; gustura ari dira.

Eta haiei begira, bi ama. Haurren bat-bateko adiskidetasuna luze doala ikusita, elkarrekin hitz egitera behartuta. Hizkuntza berean ari garen arren —bestearen ezjakintasunak behartutako gazteleraz, noski— bitxi doa gure berriketa ere: umeei buruzko iruzkin tentelekin abiatu eta segituan iritsi gara hizkuntzaren auzira. Harrigarria ei da nire alabak euskaraz baino ez egitea, ez al didan kezkarik sortzen… Eta bat-batean, azalpenak ematen sentitu dut neure burua: lasai egoteko, txikia dela, ikasiko duela gaztelera, ulertu ulertzen duela… Hau da, neure burua eta gure etxeko hizkuntz hautu eta jardunak zuritzen, disparateren bat egiten ariko bagina bezala.

Eduardo Apodakari irakurri berri diot: erdara «neutro, zibil, zabal, aberats eta unibertsala» dela jan dugu; barru-barruraino irentsi dugu amua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude