Buruzuri

Idurre Eskisabel / 2012-09-02 / 162 hitz

X-ek badaki astelehenetan buruzuriena izango duela biharkoa. Izan ere, bizitzea izan du bizimodu azken hilabetean: astebetez filmetako aberatsetara jolastu da, postalezko itsasertzeetan azal beltzarandua promenatuz, ohetik igerileku ertzeko hamakara salto eginez, besteen begiradetan desio tantak bilatuz, eta toalla bustiak bainera ertzean jaso gabe utziz —aizue, ordaindu egiten du!—. Beste bizpahiru egunez urrun xamarrean utzitako 20 urteetara itzuli da, aspaldiko partez topera ibili baita aurten arbasoen herriko festetan, destroy. Baina sasoia inon erakutsi badu, mendian izan da, hamar egunez Pirinioetan egin duten zeharkaldian. Hango abenturek txiki utzi dituzte Conquis-ekoak. Eta gainerako egunetan intelektualetara olgatu da: Martutene, Twist eta Egarri egunak portualdean leitu ditu bata bestearen atzetik; are, haiei buruzko iruzkin zirikatzaileak egin ditu Twitterren Jon Portazar gaitzizenez, profil faltsuaz. Laburbilduz, hilabeteko oporrak izan ditu X-ek, eta bizirik sentitu da.

Bihar, ordea, araoaren eragina amaitu eta egunerokora itzuliko da, lanera. Eta garai miserable hauetan zorioneko sentitu beharko du, lanpostu seguru eta ondo ordaindua delako berea, 11 hilabete buruzuriz bizirik sentitzea galaraziko dion arren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude