Errezetak, haurren begietatik

Maialen Igartua / 2012-09-11 / 315 hitz

Ase Arte’ errezeta liburua kaleratu du Kilometroak 2012k; Igor Zalakain sukaldariak prestatu ditu errezetak, eta Andoaingo Aita Larramendi ikastolako ikasleek egindako eskulanekin ilustratu dituzte.

Juan Mari Arzak sukaldariak esan izan du haurrek bezala pentsatu behar dela sukaldean aritzeko, beste ikuspegi bat izaten baitute haiek, eta sormena sobera. Agerian geratu da hori Ase Arte errezeta liburuan. Kilometroak 2012k kaleratu du, eta Igor Zalakain sukaldariaren 70 errezeta baino gehiago biltzen ditu. Ilustrazioak, berriz, Andoaingo Aita Larramendi ikastolako ikasleek egin dituzte. Irudimena martxan jarri, eta euren ikuspegitik irudikatu dituzte Zalakainen errezetak.

Bi urtetik hasi eta hemezortzi urtera bitarteko ikasleek parte hartu dute proiektuan. Zalakainen errezetak aurrean hartu, eta haietan irakurritakoa irudikatu dute eskulanen bitartez. Eskulan horien argazkiak jarri dituzte liburuan, errezeta bakoitzaren ondoan. Errezeta liburua dibertigarria izatea lortu dute hala, haurrentzat nahiz helduentzat.

Denetariko materialak erabili dituzte eskulanak egiteko. Txikienek, margoak, papera eta plastilina erabili dituzte platerak irudikatzeko. Helduagoek, berriz, buztina erabili dute jakiak egiteko. Baina, batez ere, irudimena jarri dute martxan. Errezetak, berriz, ahalik eta modu errazenean idatzirik daude, haurrek ere ongi ulertzeko. Testu motzak dira, eta, hiztegia, egunerokoa.

Elkarlanean eginiko proiektua

Urriaren 7an egingo dira Kilometroak, Andoainen. Errezeta liburua kaleratuta, leloarekin bat egin nahi izan dute: On Egin. «Hasieran, arraroa iruditu zitzaidan ideia, eta ez nekien oso ondo zer aterako zen», azaldu du Zalakainek. Emaitzarekin gustura dago, ordea. «Gutxika bidali dizkidate lanen argazkiak, eta erabat harrituta geratu naiz haurren irudimenarekin». Andoaindarra da sukaldaria, Aita Larramendin ikasia.

Zalakainek eta Aita Larramendiko ikasleek jarri diote sormena proiektuari. BERRIA-k, berriz, liburua maketatu du, eta Leitzaran Grafikak enpresak argitaratu. «Elkarlanak garrantzi handia izan du», adierazi du Zalakainek. Liburuaren banaketa ere BERRIA-k hartu du bere gain; hala, harpidedunek eta BERRIAlagunek liburua merkeago eskuratzeko aukera dute.

Bestalde, ikasleek libururako eginiko eskulanak ikusgai egongo dira Andoaingo Bastero kulturgunean, irailaren 22ra arte. Aukera polita izango da, hortaz, lanak zuzenean ikusteko. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era dago zabalik erakusketa. Larunbatetan, berriz, goizean ere bai: 10:00etatik 13:30era.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.