Muxu

Idurre Eskisabel / 2012-09-19 / 161 hitz

Txikiei eta altuei, argal eta lodiei, zahar eta gazteei, eder eta itsusiei, ezkerreko eta eskuinekoei, sindikalista eta enpresaburuei, euskaldun eta erdaldunei, euskal abertzale eta espainiar zein frantziar nazionalistei… tankera guzti-guztietako gizonezko (ustez) heterosexualei aditu izan diet ez zaiela beste gizonen muxurik gustatzen. Aldiz, gustura hartzen ei dituzte emakumeen muxuak: txiki, altu, argal, lodi, zahar, gazte, eder, itsusi, ezkerreko, eskuineko, euskaldun, erdaldun, hurbileko zein urrunekoenak. Guzti-guztienak. Batzuek ez dute homofoboak direla disimulatzeko lanik hartzen, baina gero eta gutxiago dira. Gehienek esaten dute ez dutela ezer homosexualen aurka, baizik eta sexu joera nortasun eta praktika guztiak ontzat ematen dituztela —aldarrikapen horiek babesteko ekintzetan engaiatu direnak ere badira—. Baina, zehazten dute, eurek badutela ezintasun moduko bat beste gizon batekin bosteko protokolariotik edo sorbalda ondoko kolpetxo kuadrillakotik haratagoko ukitze harremanik izateko. Goragalea aipatu didate inoiz. Azpimarratzen dute, ordea, ez duela ideiekin, buruarekin, zerikusirik; gorputzeko kontu bat ei da, barruko sen irrazional bat. Burua eta gorputza bat ez balira bezala, pentsaera erraietan zizelkatuta ez bagenu lez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.