Pentagrama gorrien lubakian

Oskar Gereñu / 2012-09-01 / 641 hitz

Duela 50 urte hil zen Hanns Eisler, musika klasikoari ekarpen ideologiko handia egin zion konpositorea.Hanns Eislerren biografiak liburu asko idazteko ematen du, baina haren bizitzan badira bi lerro sendo aldaketa handirik gabe irauten dutenak: batetik, Arnold Schoenbergek gaztetan erakutsi zion teknika eta estilo modernoaren aldeko jarrera artistiko irmoa eta, bestetik, bere militantzia komunistak garai berrietan eskatzen dion jarrera intelektuala. Biak uztartzea izan zen haren erronka, eta musikaren historiari egin zion ekarpenik handiena; horretaz gain, musikaren funtzio soziala mahai gainean jarri izanaren ohorea Eislerri dagokio Alemanian, Hitlerren aurretik eta ondoren.

Eislerrek bidegurutze berean bildu nahi zituen bi mundu horiek elkarri bizkarra emanda bizi ziren betidanik. Modernitatearen konpositoreei ez zieten axola, orokorrean, ez politikak ez giza arazoek; eta balantzaren beste aldean, sozialismoaren aparatu politikoak ere ez zuen begi onez ikusten musika garaikidea (burgesiaren ikuskizun tradizionalak nahiago izateko punturaino). Kontraesan hori bereziki nabarmena egin zen gerra hotzaren lehenengo urteetan: ofizialki, agintari sobietarrek merezimendu eta sari asko eman zizkioten Hanns Eislerri, baina gehienetan ez zuten ulertu musikagileak aldarrikatzen zuen erabateko iraultza kulturalaren sakonera.

Lau aldi bereiz daitezke Eislerren produkzioan: prestakuntza urteak (1898-1925); langileen mugimendua (1925-1933); erbestealdia (1933-1948); eta deportazioa (1948-1962).

Bizitzaren lehenengo atala Vienan igaro zuen Eislerrek, eta hor trebakuntza eta maila tekniko bikaina lortu zuen Schoenbergen eskutik, gerora hain probetxugarria izan zitzaiona. Anton Webern eta Alban Berg ezagutu zituen, Universal Edition argitaletxe ospetsuarekin lehen kontratua sinatu zuen, eta orduko konpositoreen zirkuiturik finenean izen propioz hitz egiten hasi zen. Dodekafonismoa sortu berria zuen Schoenbergek, eta Eislerrek (Vienako Bigarren Eskolako gainerako partaideek bezala) etorkizunerako bidea ikusi zuen atonalitatearen matematika liluragarri horretan. Orduko obrak dira Pianorako sonata, op. 1; Sei lieder, op. 2; edota Biolin eta biolontxelorako duoa, op. 7.

1925ean Berlinera egin zuen salto, hiriburu dinamiko eta frenetikora. Honezkero bere jarrera politikoa ondo mamituta zegoen (Vienan Karl Liebknecht eta Stahlklang langile abesbatzak zuzendu zituen), eta hortik aurrera musika proletarioa izan zen bere kezka nagusietakoa: bai teorikoki (hitzaldi eta artikulu asko idatzi zituen gaiaz), bai praktikoki (langileentzako partiturak konposatuz). Zinemarako eta antzerkirako bere lehen kolaborazioak ere urte hauetakoak dira. Bertolt Brecht ezagutu zuen, gainera, 1930an, eta harreman artistiko, politiko eta pertsonal ezin emankorragoa hasi ordutik aurrera berarekin. Garai honetako obrak dira Egunkari zatiak, op. 11; Neurria, op. 20; edota Ama, op. 25.

Judua eta komunista

Judua eta komunista izanik, Hanns Eislerrek Alemaniatik alde egin behar izan zuen 1933an. Erbestealdi luze bat hasi zen: 1938ra bitartean Europako hainbat hiritatik (Mosku, Paris, Londres, Kopenhage, Praga), eta 1938tik aurrera Ameriketan (New York, Mexiko DF eta Los Angeles: azken horretan konposatu zuen The Hollywood songbook lied bilduma gordin eta ederra). Zinema amerikarraren industriarako soinu banda gogoangarriak idatzi zituen urte horietan —Borreroak ere hiltzen dira (Fritz Lang, 1943), Hondartzako emakumea (Jean Renoir, 1947)—. Kalifornian, bestalde, Arnold Schoenbergekin eta Bertolt Brechtekin elkartu zen berriro, eta nazismoaren atzaparretatik ihes egindako intelektual eta artista alemaniar gehiagorekin ere bai.

Historiak, halere, azken karta mingots bat zeukan gordeta Eislerrentzat: Amerikaren Kontrako Jardueren Batzordeak (McCarthy senataria eta bere sorginen ehiza famatu egin zituen berberak) AEBetatik alde egiteko agindua eman zion 1948an, «musika klasikoaren Karl Marx» izatearen akusaziopean. Ezer gutxitarako balio izan zuten Igor Stravinskik, Albert Einsteinek, Thomas Mannek edota Charlie Chaplinek egindako protestek. Konpositoreak, orduan, Europako ekialdeko blokera bueltatzeko erabakia hartu zuen: Pragara, lehendabizi; Vienara, geroago; eta azkenik, 1950. urte hasieran, Ekialdeko Berlinera —hantxe Bertolt Brechtekin elkartu zen hirugarren aldiz bizitzan, hura ere AEBetatik kanporatua izan delako—.

Alemaniar Errepublika Demokratikoaren aldeko apustu horrek bere kostua izan zuen: erabateko ukazioa, urte askotarako, Mendebaleko Europan. Eta Ekialdean ere ez zitzaion beti erraza izan Schoenbergen ikasle izandakoari bidea egitea, AEDko ereserki nazionalerako musika idatzi arren. Bere bizitzaren azken urteetako polemikarik sonatuena Johannes Faustus operarako libretoa prestatu eta gero etorri zitzaion, agintari sozialistek proiektua arbuiatu zutelako. Eislerrek, dena den, azken egunera arte jarraitu zuen konposatzen. 1959an bere obrarik kutunena estreinatu zen Berlinen: Alemaniar sinfonia, op. 50. Zentzu askotan, bere testamentua, eta faxismoaren kontra inoiz idatzi den musika lanik mamitsuenetakoa.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude