Pentsamendu eta arterako bideak

Nagore Ares Amaya / 2012-09-27 / 1.338 hitz

Diziplina arteko ildoak abiapuntutzat hartuta, arte garaikidea eta ezagutza sortzeko helburuarekin lan egiten dute Consonni, Bulegoa z/b eta Azalak guneek, ikuspegi ireki batez.

Ohiko erakundeetatik kanpo ere artea eta jakintza sortzeko aukera eta beharra aldarrikatzen dute Consonni arte garaikideko ekoiztetxeko, Azala sorkuntza zentroko eta Bulegoa z/b arte eta jakintza arloko bulegoko kideek. Ohiko erakundeetatik kanpo artearentzako espazioak dira hirurak; oinarri kritikoko arte eta pentsamendu proiektuak garatzen dituzte horietan, betiere testuinguru artistikoa eta jakintza sortzeko asmotan. Nork bere moduan egiten du, artea eta eztabaida muin izanik beti.

Arte garaikidea ekoizten dute Consonniko kideek beren proiektuetan; pentsamendu kritikoa eta artea sortzea dute helburu Bulegoa z/b-en; eta artistei sortzeko espazio eta denbora aproposa emateko asmoa du Azalak. Guztiek ere lotura handia dute testuinguru artistiko eta sozialarekin, eta lan egiteko modu horizontalak erabiltzen dituzte.

Bulegoa z/b

Bidegurutzeetatik ikasiz

Diziplinen arteko bidegurutzeak eta horietan sortzen diren elkarrizketak interesatzen zaizkie Bulegoa z/b-eko kideei. Arte eta jakintza arloko bulegoa sortu zuten orain dela bi urte Bilboko Solokoetxe auzoan, ikerketa, eztabaida eta hausnarketa egiteko xedez. «Bulegoa z/b gunea ekoizteko, ideiak eztabaidatzeko eta trukatzeko eta arte proiektuak gauzatzeko leku bat da», azaldu dute bertoko kideek. Orain hiru urte lanean hasi ziren Bea Cavia soziologoa, Miren Jaio arte kritikaria eta historialaria, Isabel de Naveran koreografoa eta Leire Bergara arte komisarioa. Norberaren eremua besteekin elkartzeko asmotan, urtebete batzarrak egiten eta proiektua itxuratzen ibili ziren, eta jadanik urte bi daramatzate Solokoetxeko bulegoan. «Hirian finkaturiko erakundeetatik kanpoko espazio bat sortzeko abiatu genuen proiektua, praktiken arteko elkartze gune bat izateko asmoz. Bakoitza eremu batetik dator, eta jakintza eta praktika horiek ez genituen konpartimentuetan banatu nahi, erakundeetan ohi den bezala, baizik eta elkarrizketan jarri», azaldu du Leire Bergarak.

Diziplinen arteko bidegurutze horrek jende gehiagorengana iristeko aukera ekarri diela irizten diote. «Diziplinak batzearekin batera, audientziak ere bildu ditugu. Oso positiboa izan da hori; erakunde publikoek publiko orokor bat izan dezaketen arren, arte garaikidea gehienetan espazio espezializatuetan geratzen da. Zaleak, batez ere, artistak dira, edo arte mundutik oso gertu dagoen jendea. Koreografia esperimentalaren arloan ere, antzera gertatzen da, baita soziologiarekin ere», azaldu du Bergarak.

Hala ere, azaldu dutenez, jendeak «argi dauka»nora doan, jakintza autoekoizteko gunea da bulegoa, eta berton garatzen diren proiektuek inplikazio handia eskatzen diote publikoari. «Oso harrera ona izan dugu», azaldu du Bea Caviak, «eta ez bakarrik hona datorren jendeak parte hartzen duelako, baizik eta kritika on eta txar asko ere jaso izan ditugulako. Jendeak gurekin eztabaidatu eta proposamenak egiten ditugu».

Asko dira urteotan garatutako proiektuak, baina Isidoro Medina Valcel artistarekin batera garatutako proiektua bereziki garrantzitsua dela diote. Artistarekin eta Amsterdamgo If I Can’t Dance I Don’t Want To Be Part of Your Revolution plataformarekin batera garatutako proiektua da, eta, 18 kontakizunen bidez, sei hiritan egindako bidaia kontatzen du Performance in Resistance-k.

Hasieran «ohiko» bulego batean biltzeko eta norberak bere ikerketan aritu eta besteekin partekatzeko asmoa bazuten ere, Solokoetxen lortutako espazioak proiektuaren alde bat birplanteatzea ekarri zien. «Espazioa ekintzetarako aprobetxatu ahal izateak asko aldatu zuen proiektuaren definizioa, lekuarekin lan egitea ere erabaki genuelako», argitu du Caviak. Izan ere, ohiko bulegoekin zerikusirik ez du Solokoetxeko lokalak: berton ez dago ordenagailurik, eta dauden altzari eta gauza gehienak mugikorrak dira. «Ez da kasualitatea», dio De Naveranek. «Lan egiteko bulego bat alokatu beharrean, jendea gonbidatzeko eta mintegiak, konferentziak eta proiekzioak egiteko aukera ematen zigun».

Consonni

Arte ekoizpenaz mintzo

Solokoetxeko bulegoak leiho handi-handiak ditu; horrek lekua bera eta berton egiten den lana ikusgai jartzen dituela irizten diote. Halakoak dira Consonni-ren bulegoko leihoak ere; Bulegoa z/b-en bezala, nolabait «ikusgai» jartzen dute ekoiztetxea eta berton egiten den lana. «Consonniren arazoa da badaudela momentu publiko batzuk, ikusi egiten direnak, baina proiektuek askoz ere fase luzeagoak dituzte, eta horiek ez dira ikusten», azaldu du Marielle Uhaldek. «Bloga eta bulego bat izateak gure lana ikusarazteko aukera ematen digu. Hemen gertatzen den guztiari aurpegia eta izena jartzeko aukera ematen du, ez dadila dena ikusezina izan», gaineratu du Montserrat Brunetek. Intrahistorias blogean beren proiektuen prozesuen inguruko berritasunak azaltzen dituzte Consonniko kideek.

Abenduan 16 urte beteko ditu ekoiztetxeak, Euskal Herri mailan bere burua arte garaikide ekoizletzat duten gutxienetakoak dira bertoko lagunak. Izan ere, arte ekoizlearen eta arte ekoizpenaren ideiak oraindik eztabaida handia sortzen duten kontzeptuak dira. Lekuaren eta garaiaren, tokian tokiko politika kulturalen arabera aldakorrak dira, baita, besteak beste, artista, ekoizle eta komisarioen definizioetan ere. Produkzioaren askotariko zentzuak aztertzen ari dira Consonniko profesionalak beren proiektuetako batean, Pájaro y ornitólogo al mismo tiempo proiektuan (Txoria eta ornitologoa aldi berean). Horretarako, Euskal Herriko eta nazioarteko artista, komisario, historialari, ekonomilari eta politikariekin elkarrizketak egiten eta nazioarteko ekoizpen zentroetan egonaldiak egiten ari dira.

Uste dute proiektua ekoizpena ulertzeko duten era berriro zehazten ari dela. Hala ere, argitu dute oinarri batetik abiatu eta horri eusten diotela beraiek: «Guretzat, Consonni moduan, ekoizpena proiektuak dakarren guztia da: artistarekin kontzeptua pentsatu eta eztabaidatzen hasi eta proiektuaren aurkezpena eta komunikazioa egin bitartean dauden pauso guztiak barne hartuta», argitu du Uhaldek. «Artista autorea da; proiektua asmatu eta garatzen du, baina dena gurekin elkarlanean egiten du. Horrez gain, finantzaketa lortzea, tokian tokiko politika kulturalak ezagutzea eta kolaboratzaileak bilatzea ere gure lana da. Proiektu bakoitzak espazio zehatzik ez duenez, tokian tokiko eragileekin elkarrizketak garatuz joaten gara, eta horrek ere elikatzen ditu proiektuak».

2005ean proiektua utzi zuen arren, Franck Larcadek sortu zuen Consonni 1997an, «Zorrotzaurreko Consonni lantegian hainbat artistarekin proiektuak garatzen hasi zen. Batez ere, hemengo artistekin egin zuen lan hasieran: Sergio Prego, Jon Mikel Euba… Han pare bat urte egon zen, eta aspertu egin zen proiektu guztiak leku berean garatzeaz, ez ziolako askatasunik ematen. Hala, gestio bulego bat alokatzea erabaki zuen, eta proiektu bakoitzerako lekurik aproposena bilatzea», azaldu du Nerea Aierbek. Garai hartan hasi zen Maria Mur Dean egungo zuzendaria Consonnin lanean, Arantza Perezekin batera. Larcadek eta Perezek proiektua utzita, Murrek Consonniren gidaritza hartu zuen. Pixkanaka-pixkanaka Marielle Uhalde, Olaia Miranda, Nerea Aierbe eta Montserrat Brunet taldera batu ziren.

Guztietan ere, kritikotasun handiko proiektuak garatzen dituzte. Besteak beste, feminismoa, gizarte mugimenduak, kontsumo gizartea, espazio publiko eta pribatuen arteko bereizketa eta baita arte ekoizpenaren kontzeptu beraren eboluzioa ere. «Inguratzen gaituen testuingurua ulertzen saiatzen gara beti», zehaztu du Brunetek.

Haiek ekoitzitako Electroclass lanean, Bilboren birsortzea aztertu zuen Maria Ruido artista eta historialariak, hau da, hiri industriala zena turismo hiri bihurtzea eta hedabideek horren inguruan sortutako diskurtsoa. «Finkatutako diskurtsoei buelta ematen dioten proiektuak gustatzen zaizkigu, eta baita gizarte eraikuntza aztertzea ere», azaldu du Uhaldek.

Azala

Sorkuntzarako geruza

Sortzeko lekua eta denbora behar duten artistei espazio bat ematen die Lasierra (Araba) herri inguruan dagoen Azala sorkuntza zentroak. 2008 urte amaieran zabaldu zituen ateak, artista eta pentsalariei sorkuntzarako espazio aproposa emateko asmotan. Idoia Zabaleta eta Juan Gonzalez koreografoek sortu zuten, eta, batez ere, arte eszenikoak eta performatiboak oinarri baditu, arlo anitzetako artistak eta pentsalariak ere hartzen ditu urtero. Sorkuntza zentroa izateaz gain, landetxea ere bada.

Artistentzako egoitza izateaz gain, Azalako kideek laborategiak, lantegiak eta mintegiak antolatzen dituzte. «Saiatzen gara parte hartzaileen aldetik oreka bilatzen; ibilbidearen eta esperientziaren bidez, kanpoko eta bertoko jendea biltzen ere saiatzen gara. Kalitatea, profesionaltasuna ere kontuan hartzen ditugu, eta baita gure interes artistiko eta kontzeptualetik abiatuta ere», dio Ixiar Rozasek. Egonaldietan ere irizpide berberei jarraitzen diete artistek, baita proiektuak aukeratzerakoan ere. Urtero proposamen asko izaten dituzte, eta dagoeneko 2013. urtea beteta daukate.

Azala proiektu eszenikoen lehen etapetarako leku aproposa da, Rozasen ustez, «Oso leku egokia da prozesuak hasteko eta erdiko fase batean garatzeko. Ez da muntatze tekniko handiak egiteko espazioa; horretarako, praktika eszenikoetan lan egiten duten artistek beste lekuetara jotzen dute», azaldu du. «Bukaerako fasetan ere izan daiteke, artista eta lanaren arabera».

Rozasek azaldu legez, bi dira Azalaren helburu nagusiak: jakintza eta testuinguru artistikoa sortzea, batetik, eta erasan eta erasanak izatea, bestetik. Horretarako, artistek berton egonaldiak izateko aukera izateaz gain, laborategiak, lantegiak eta mintegiak ere egiten dituzte. «Azalak ez da besterik gabe uzten den espazioa. Horretara datorren artistak askatasun osoa dauka espazio guztiak erabiltzeko, baina esan bezala, erasan eta erasanak izaten saiatzen gara. Datozen artistek bere kabuz lan egiten dute, eta badakite gu hor gaudela eta profesionalak garela eta gugana jotzen dute».

Hala izanik, elkarrizketa bideak zabaltzeko xedea ere badute. «Mintegietan-eta eztabaida sortu egiten da. Mintegietan oso eztabaida mamitsuak izaten dira: 12 lagun elkarrekin bizitzen eta edukiei buru-belarri bueltak ematen… Hori, jakina, islatu egiten da gure eguneroko bizitzetan eta lanetan».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.