Alkurruntz eta Betarteko kaskoa

Mikel Arrizabalaga  2012-10-05 / 515 hitz

Otsondo mendatearen gainetik nabarmentzen den mendi harritsu eta zorrotza Baztango haranaren behatoki aparta da. Amaiurko bataila historikoa bertako magaletan izan zen.

Piramide itxura duen mendi hau leku estrategikoa izan da historian. Hamaika gertaeraren lekuko izan da, hamaika bataila eta borrokarena. Baina, ziurrenik, Amaiurko bataila izango da bere magaletan izan den gertaera historikorik garrantzitsuena, Nafarroako erreinuak independentzia galdu zuenekoa, nafar gudarien azken hatsen gordelekua bihurtu zenekoa.

Atsedengunearen ondoan dagoen aparkalekuan hasi dugu txangoa. Orabiderantz doan errepidean barna bete dugu lehen zatia, eta aurrez aurre dugun Alkurruntzeko magaletara gerturatu gara. Izeidia igaro, eta berehala utzi dugu errepidea, gure ezkerretik ateratzen den xenda nabarmen batetik gorantz eginez. Bide-seinale zuri eta berdeei segituz, aldapa pikoari aurre egin diogu. Lehen izerdi tantak kopetatik irristatzen hasi orduko, lepo txiki batera igo gara, eta bertan, bi harritzar zutik, Artzubietako zutarri bikainak. Zuretako leporantz doan bidezidor nabarmena utzi, eta parez pare dugun Jaimeneko harrien ezker aldetik igarobide naturala bilatu dugu. Kostata, baina, azkenean, ikusgaitz den xenda aurkitu eta maldan gora abiatu gara. Diagonal luzea trazatu dugu harri artean, eta, azkenean, iparralderantz biratuta, sigi-sagan bunker baten ondotik pasatu, eta tontorrera iritsi gara. Bide hori cahir-ekin balizatuta dago, eta zenbait tartetan lagungarri gertatu zaigu.

Betarteko kaskoa

Tontorrean zintzurra freskatzen dugun bitartean, begiratoki aparta horretatik Baztango lur ederrak gure mendean, Amaiurko gazteluaren aurriak ikusi ditugu, eta, horren gainean, Gorramendi eta Gorramakil. Urrutiago, Saioa gailentzen da, harro, eta Iparralderantz, berriz, Xaretako lurrak eta Etxalarko gainak. Amaiurko gazteluaren aurriei begira, gogora ekarri nahi izan dugu orain bost mende Nafarroako erreinuak independentzia galdu zuela lur hauetan izandako azken batailaren ondoren, Fernando Katolikoaren gudaroste gaztelauek Nafarroari eraso eta anexionatu egin zutenean, hain zuzen ere. Lur hauetan, Alkurruntzeko begiradapean gertatu zen Nafarroako erreinuaren gertaera garrantzitsu hori. 1522an, Noaingo bataila galdu, eta Nafarroako noble eta zaldun batzuk gaztelu horretan gotortu ziren, Nafarroako independentziaren alde borrokan jarraitzeko asmoz. Gaztelauen armadak gaztelua setiatu eta kanoien indarrez txikitu eta gero, nafar gudariak errenditzera behartu zituzten. Ezin ase, irudimena beti gose.

Irudimenari itzulia eman eta gero, atseden hartu eta gure itzuliarekin jarraitu dugu. Zuretako leporantz zuzendu gara, eta bide bazterrean eraikin zahar eta bitxi batzuk ikusi ditugu: Alkurruntzeko sismografia estazioa eta hainbat bunkerretara iristeko mendiaren erraietan zulatutako antzinako gotorlekuaren sarrera. Lepora jaitsi eta, bidetik kanpo, aurrean dugun malda belartsutik igotzen hasi gara, Salaberriko bordaren oinarriaren aurrien aldera. Bertan, Brontze Arokoa den Etsaingo tumulua ikusi dugu. Gaina hartu, eta Betarteko kasko aldera jaisten hasi gara, Zuetako lepoan dagoen etxolara jaitsita. Sartzea debekatuta dagoela jartzen duen arren, pottokaz beteta dagoen zelai hori gurutzatu eta tontorreraino hedatzen den malda motz baina pikoari ekin diogu. Erraz iritsi gara gainera, eta, bertan, mugarri bat. Atzera begiratu, eta egin dugun ibilbidea ikusi ahal izan dugu.

Abiapuntura itzultzeko, berriro jaitsi gara Zuetako lepora, eta hemen ditugun bi aukeren artean, eskuinetik doan pista utzi —aspergarria da oso— eta aurrez aurre dugun Zuretako leporantz itzultzea erabaki dugu. Horretarako, SL-NAren marka zuri eta berdeei jarraitu diegu, eta ez ditugu utzi aparkalekura heldu arte. Zuretako lepora itzuli gara, eta eskuinetara Alkurruntzera doan bidea utzita, magalean marrazten den bidezidor erosotik berriro itzuli gara Artzubietako zutarrien ondora. Hemendik, atsedenlekura igotako bide beretik egin dugu, maldan behera errepidera, eta listo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.