Azkenean, hil

Arantxa Iturbe / 2012-10-07 / 266 hitz

Azkenean hil egiten al da? Ba, bai. Azkenean hil egiten da. Denok hiltzen gara azkenean. Are gehiago: azkena momentu horretantxe iristen da, hiltzen garenean.

Nobela bat gustatu ezkero, ezin du etsi galdera hori egin gabe. Berdintsu zinearekin. Pertsonaia batek liluratzen duenean, dena jakin nahi izaten du hari buruz. Ez da konformatzen zer gehiago gertatzen zaion jakin gabe. Jakin nahi du idazleak azken puntua idatzi duen momentutik aurrera zer gehiago egin duen hainbeste ordu gozo eskaini dizkion lagunak. Jakin nahi du zuzendariaren the end-etik aurrera lortu ote duen bizitzan zoriontsu izatea edo ez. Eta harekin konpartitu duen tarte horretaz gain zer eman dion bizitzak. Edo zer kendu. Ez dio axola gertatukoa ona edo txarra den. Ez dio axola destino petrala edo zortez betetakoa izatea. Jakitea da kontua.

Galdera egiteko moduagatik antzematen zaio erantzuna axola zaiola. Ez duela galdetzen «azkenean hil egiten da?» galdetzeagatik. Galdetzen du erantzuna nahi duelako. Gustura erantzungo nioke ezetz. Bentaja hori dutela bihotza kuzkurtzen dioten istorioetako pertsonaiek. Bizirik iraungo dutela betirako. Sortu dituenak hala nahi izan duelako. Ez direla inoiz hilko. Ez dutelako etorkizunik, beti bere horretan irautea baino.

Baina hain benetako bizi ditu berak, hain dira benetako bere begietara! Iruzurra izango litzateke ezetz erantzutea. Bai, esaten diot. Maitagarria izan arren eta borrokalari aparta, ausarta, kementsua eta nekaezina izan arren, koherente, jator, alai, arduratsu, koldar edo ahul, azkenean hil egingo da.

Min ematen dio hori entzuteak. Badakit. Eta aldi berean, lasaitu ere egiten du. Tristea da. Ez dakit kontsolatzen duen bizitza inbidiagarria izan duena ere azkenean hil egiten dela jakiteak edo frogatzeak berak ez duen irudimenak ere ezin duela asmatu heriotza ez den amaierarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude