‘Suite’-aren maletatik

Juan Luis Zabala / 2012-10-17 / 561 hitz

Alberdaniak ‘Odolaren sua’ argitaratu du, Irene Nemirovskyren beste nobela berreskuratu bat, ‘Suite frantsesa’ bezala.

Irene Nemirovsky, 1903an Kieven jaio eta 1942an naziek Auschwitzen eraikitako kontzentrazio eremuan hila, XXI. mendean ezagutzen ari den XX. mendeko idazle bat da; areago: XXI. mendeko aurkikuntzei esker XX. mendeko idazle nagusien zerrendan sartu beharreko idazle bat da. Jakina denez, aurretik ere idazle ezaguna izan arren, Suite française nobelaren argitalpenak indartu zuen Irene Nemirovskyren izenaren itzala, 2004an, egilea hil zenetik 62 urte pasa eta gero. Idazlearen alabek maleta batean gordeta eduki zuten urte askoan Suite française-ren eskuizkribua, jakin gabe nobela bat zenik ere, pentsatuz amaren ohar koaderno bat izango zela, eta haren irakurketari ekiteko adorerik gabe, kontu gogorregiekin topo egiteko beldurrez. Maleta hartan gordetako dokumentuen artean zegoen Chaleur du sang nobelaren hasierako orrialdeen eskuizkribua ere. Alberdania argitaletxeak nobela horren euskarazko itzulpena kaleratu du orain, Jose Antonio Sarasolak egindako itzulpenean, Odolaren sua izenburuarekin.

Maletan nobelaren hasiera baino ez zegoen gordeta, baina Olivier Philipponnatek eta Patrick Lienhardtek —Nemirovskyren egungo biografoek— nobelaren bertsio osoa aurkitu zuten Andre Sabatier editorearenak izandako dokumentuen artean, Chaleur du sang izenburuarekin baina idazlearen izenik gabe. Aurkikuntza hari esker, 2007an argitaratu zuten nobela, osorik, Denoel argitaletxean.

«Euskal Herrian gerta zitekeen nobela bat» da Odolaren sua, Inazio Mujika Iraola Alberdania argitaletxeko editorearen ustez. Ez alferrik jarri diote argitaletxekoek Infernuko Errotaren irudia azalean. «Landa giroa edo baserri giroa agertzen da, euskal herritar batzuei behintzat oso ezaguna egingo zaien giroa».

Narratzailea kanpoan urteak pasa ondoren herrira itzultzen den gizon bat da. Hura herrira iristen den garaian, gorpu bat agertzen da errota batean, eta hilketa bat gertatu dela erakusten duten zantzu nabarmenak daude. «Gertaera horrek garai bateko deabruak eta mamuak berpizten ditu, eta azkenean narratzailea bera ere inplikatu egiten dute deabru eta mamu horiek». XX. mendeko 30eko hamarkadan daude kokatuta nobelako gertaerak, baina gertaera horien harira Lehen Mundu Gerrako kontuak ere agertzen dira.

Herritarren hipokrisia, susmoak, begiratu gaiztoak… «Herri txikia, infernu handia» esaera gogorarazten eta berresten duten elementu ugari aurkituko ditu Odolaren sua-ren irakurleak liburuaren orrialdeetan, Mujika Iraolaren ustez. «Horrez gain, badago gizatasunaren eta giza legearen laudorio bat ere».

Gazteei irakurrarazteko egokia

Nobela «pedagogikoa» irizten dio Mujika Iraolak Odolaren sua-ri, hitz hori «zentzurik onenean» erabilita. «Ni literaturako irakaslea banintz, liburu hau gazteei irakurraraziko nieke, narratzailearen ikuspuntua nola aldatzen den eta nola integratzen den ikusteko, harik eta azkenean protagonista nagusi bihurtzen den arte. Alderdi horretatik begiratuta, lan bikaina da».

Stefan Zweigen idazkera gogorarazten dio Mujika Iraolari Nemirovskyrenak. Nemirovsky bezala, judua zen Zweig; eta, Nemirovskyri bezala, nazien jazarpen gupidagabearen biktima zuzena izatea egokitu zitzaion. Beren obren mamian ere aurkitu ditu antzak Alberdaniako editoreak, haren ustez hala Nemirovsky nola Zweig «psikologia sakonetan» sartzen baitira, «pertsonaiaren barrua erakusteko», baina «txapa psikoanalitikorik gabe».

Ukrainako familia aristokrata bateko kidea zen, jaio zenean, Irene Nemirovsky, eta Euskal Herrian eman zituen uda asko txikitan, Miarritzen, Donibane Lohizunen eta Hendaian batez ere. Zaintzaile euskalduna izan zuen, eta haren bitartez euskaraz ikasi zuen; hala diote behintzat idazlearen alabek.

Odolaren sua-rekin bost dira dagoeneko azkeneko sei urteetan euskarara itzuli diren liburuak. Dantzaldia izan zen aurrenekoa, Eider Rodriguezek euskaratu eta Txalaparta argitaletxeak kaleratua, 2006an; ondorengo laurak Alberdaniak plazaratu ditu, Mikel Garmendia eta Jose Antonio Sarasolaren itzulpen lanak tarteko direla: Arimen maisua, Suite frantsesa eta Odolaren sua nobelak (2009, 2011 eta 2012an hurrenez hurren) eta Birjinak narrazio bilduma (2011). Datorren urtean Nemirovskyren beste nobela bat argitaratzeko asmoa du Alberdaniak, Mujika Iraolak iragarri duenez: Le Malentendu, Nemirovskyren aurreneko eleberria, 1926an argitaratua, egileak 23 zituela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.