Afrikako populazioen historia genetikoa

Mikel Iriondo / 2012-11-01 / 494 hitz

Gizakiak Afrikan sortu ginen, genetikak, antropologiak eta arkeologiak eman dizkiguten datuen arabera. Horretan adostasun handia dago ikerlarien artean gaur egun. Hala ere, oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zelan gertatu zen prozesu hori, Afrikako egungo giza populazioak ez direlako sakonki aztertu. Azken hilabete hauetan zenbait ikerketa genetiko interesgarri argitaratu dituzte gai horren inguruan, gure jatorriaren inguruan argia ematera etorri direnak.

Himla Soodyall eta Mattias Jakobson ikerlarien taldeek 220 hegoafrikarren genomekin egindako ikerketa bat argitaratu berri dute Science aldizkarian, eta gehienak Khoe-San taldekoak dira. Izen hori zertxobait ezezaguna egiten bazaigu ere, hotentoten eta boskimanoen egungo izen ofiziala da. Giza talde horiek klik motako hizkuntzak erabiltzeagatik dira ezagunak ere, hizkuntza horiek karraska antzeko kontsonanteak baitituzte. Ikerketa horrek frogatzen du orain dela 100.000 urte inguru, gizaki modernoa oraindik Afrikatik irten gabe zegoela, egungo Khoe-Sanen arbasoak beste giza taldeen arbasotik banandu egin zirela. Data hori jakitea garrantzitsua da, zeren gizaki guztiok ditugun ezaugarri komunek garai horretarako finkatuak egon behar zuten gure espeziean. Horren inguruan, zenbait gene garrantzitsu identifikatu dute hautespen naturalaren eraginpean egon zirenak garai hartan. Adibidez, muskuluekin erlazionaturiko ACTN3 genearen aldaera bat, Khoe-San populazioetan oso ugaria dena, eliteko kirol errendimenduarekin erlazionatua dago. Badaude beste bi gene, PRSS16 eta POM121L2, baztangaren kontrako babesa ematen omen dutenak. Hauek, hegoaldeko Khoe-San populazioetan garrantzitsuak dira batez ere, non lehen kontaktua gertatu zen Europar kolonizatzaileekin. Badirudi herbeheretarrek baztanga eraman zutela inguru haietara eta ondorengo izurriaren ondorioz genetikoki babestuak zeudenak bakarrik lortu zutela aurrera ateratzea. Giza morfologiari dagokionez, RUNX2 geneak badirudi erlazioa eduki zuela gure eta gizaki arkaikoen desberdintzapen prozesuan. Konkretuki, garezurreko hezur frontala konkortzen eta fontanelaren ixtea erregulatzen lan egiten du, ezaugarri horiek gure garunaren handitze prozesurako ezinbestekoak direlarik.

Gutxi gorabehera garai horretan ere FADS genean mutazio bat gertatu zen, garrantzitsua izan omen zena gizaki modernoa Afrikan zehar sakabanatzeko. Rasika A. Mathias eta lankideek PLoS One aldizkariko iraileko alean eman dute horren berri. Arrainetan ugaria den Omega-3 taldeko azido dokosahexaenoikoa (DHA) funtsezko gantz-azido poli-asegabea beharrezkoa da garunaren funtzionamendu egokirako, eta, hortaz, gizaki arkaikoek beharrezkoa zuten laku eta ibaietan arrantzan egitea. Ikerlari horien iritziz, FADS genean emandako mutazioaren ondorioz Afrikako giza taldeek lortu zuten gantz-azido hori landareetatik zuzenean sortzea. Horrek baimendu omen zuen Afrikako beste eskualdeetara giza taldeak sakabanatzea, laku eta ibai asko zituzten eskualdeetatik urrunduz.

Eta amaitzeko, PNAS aldizkariaren urriko alean, Henn, Cavalli-Sforza eta Feldmanek argitzen duten moduan, orain dela 100.000 eta 60.000 urte Afrikan ematen den giza populazioen sakabanaketaren ondoren, orain dela 45.000-60.000 urte lehen gizaki modernoak Afrikatik atera ziren Eurasiara. Bitartean, eta Soodyall eta Jakobson ikerlanera bueltaturik, Afrikan gizatalde ezberdinak sortzen joan ziren. Khoe-Sanen bereizketaren ondoren, orain dela 50.000 urte inguru pigmeoen arbasoak beste gizatalde Afrikarretatik banatu ziren eta jarraian Afrikako mendebaldeko eta ekialdeko egungo giza taldeen arbasoak sortu ziren.

Hala ere, ikerketa horiekin Afrikako giza taldeen historian asko sakondu dela badirudi ere, lehen hurbilketa bat baino ez da. Afrikan, dozenaka giza talde daude oraindik analizatzeke, baina badirudi bide egokian goazela. Hurrengo urteetan analisi genetikoak merkatzen diren heinean, horrelako ikerketak ugariagoak izango dira, eta zehaztasun handiagoz ezagutuko dugu egungo giza taldeen historia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.