Deioko gaztelua

Mikel Arrizabalaga / 2012-10-26 / 606 hitz

Labeagako herritik abiatzen den ibilbideak Deioko gazteluaren historian murgilduko gaitu. Hainbat jaun eta familiaren gotorleku izan da arroken gainean eraikitako gaztelua.

Harkaitzen gainean dagoen gaztelu hau historian Doneztebe eta Deio izenez ezaguna izan arren, egun Monjardin izenez ezagunagoa da.

Mendi baten tontorrean, harkaitzen gainean dagoen gaztelua leku askotatik ikusten da. Iparraldean, Ega ibaiaren arroa eta mendiak ikusten dira (Lokitz, Urbasa eta Andia) eta mendebaldean, Joar mendiak eta Berrueza harana ditu. Ekialdean, berriz, Jurramendi eta Ega ibaiaren arroa Ebrorako bidean, eta hegoaldean, muinoz betetako paisaia zabalak.

Labeaga

Herrian autoa aparkatu eta aurrez aurre dugun mendi aldera egin ditugu lehen urratsak. Porlanezko bidean barna abiatu bezain pronto, gure eskuinera eliza utzi eta bide seinale zuri eta, horiei segituz (PR-NA 186), albo batera utzi ditugu gure ezkerrera ateratzen diren beste bide batzuk. Atlantiar landaretza nagusi den paraje hauetan, erraz egin dugu aurrera, eta, konturatu orduko, San Salvador iturri bereziaren ondora heldu gara. Ur tragoxka egin, eta pista zabaletik gorantz jarraitu dugu. Tarteka, zenbait bidegurutzetan jarritako egurrezko hesoletako seinaleak oso lagungarri gertatu zaizkigu, batik bat basoan sartzen diren bideen artean norabide zuzena aukeratzeko orduan.

Erraz irabazi dugu altuera, eta, Villamayor de Monjardin herrira doan bidea gure ezkerrera utziz, azken aldapa pikoari heldu diogu. Oraindik ez dugu gaztelua osorik ikusi, baina gertu dagoen irudipena dugu. Pista zabal batera atera, eta ezkerretik igotzen den azken aldapa txikian egin ditugu azken urratsak gazteluaren hormaren ondora iristeko.

Deioko gaztelua

Gazteluari bira eman, eta eskaileretan gora egin dugu sarreraraino. Zoritxarrez, atea itxita dago, eta ez dugu bisitatzeko aukerarik izan. Ate ondoan, horman txertaturik, txartel ontzia aurkitu dugu. Eskaileretatik jaitsi, eta gazteluaren horma inguratzen duen xendatik egurrezko panel informatiboa dagoen lekura itzuli gara, eta bertan irakurri ahal izan dugu gaztelu berezi horren historia laburra. Hona hemen bertan idatzita dagoena: «Esaten denez, haitzaren gainean eraikitako gaztelu hau —894 metroko altueran egina— erromatarrek egin zuten, mairuek gotorleku bihurtu, eta kristauek konkistatu zuten». Nolanahi ere, egia da IX. mendean Banu Qasi familiak menderatutako lurraldearen gotorleku garrantzitsuenetako bat izan zela. Antso I. Gartzez erregeak 908. urte aldera konkistatu ondoren, Nafarroako Koroaren gaztelu nagusietako bat izaten jarraitu zuen Erdi Aroan, San Esteban de Deyo izena zuela.

Nafarroa 1512an konkistatua izan eta gero, gaztelua Leringo kondearen esku gelditu zen —erresumako kondestablea zen, gaztelarren aldekoa—; horregatik libratu zen 1521. urtera arte egindako eraisteetatik. Guda ugari izan ziren bertan, XIX. mendeko karlistaldiak izan arte. Norbaitek esan zuen, modu poetikoan, hodeietan geratutako harrizko ontzi bat dirudiela. Lauki formako oinplanoa duen dorre sendo bat gorde du, baita honako elementu hauek guztiak ere: barrutia eratzen duten hormetako zati handi bat —saieterak daude bertan—, edukiera handiko ur tanga gangadun bat eta sartzeko eskailera. Barnealdean, Santa Cruz ermita dago, lehenago San Estebani eskainia zena. Tradizioaren arabera, paretaren horma hobian Antso I. Gartzez erregearen hilobia egon zen. Gazteluko kaperan, mirarizko gurutze bat beneratzen zuten, honako inskripzio hau zuena: «Sekula ez zuten garaitu Antso erregea, ezta gatibu hartu ere, gurutze santu hau gainean zeramala, eta beti ere garaile suertatu zen».

Benetan harrigarria da mendeetan zehar zenbat jende eta zenbat gertakizun izan diren gaztelu horren eta bere mendean zegoen lurraldean. Euskal Herrian ez omen da ohikoa, baina gaztelu horren mende bat baino gehiagoko historia ezagutzen dugu, bere itzal guztiekin, noski. Gure historiaren zati honi bizkarra eman, eta etorritako bidetik atzera egin dugu tarte batez. Pista zabalari segitu diogu, baina bihurgune pare baten bueltan, bide zaharraren aztarnei segitu diegu, eta, beheko aldera heltzean, Monjardin herritik datorren bidearekin bat egin dugu. Seinaleak ez dira oso nabarmenak, eta kontuz ibili behar izan dugu.

Itzuli handia ematen duen bide zabaletik igotzeko aukeratu dugun azken maldaren hasierara bueltatu gara —bertan, egurrezko hesolak daude—. Abiapuntura itzultzeko, bide beretik egin dugu: San Salvador iturrira jaitsi, eta, segidan, Labeaga herriraino.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.