Inboluzioa ernai

Amagoia Iban / 2012-11-01 / 1.285 hitz

Abortuaren aurkako mezuak ugaltzen ari dira. Agintean daudenen ahotan ere bai. Aurrera egindako urratsak desegiteko asmoek ondorio latzak izan ditzakete.

Norma McCorvey naiz, umeak akabatzea Amerikan legezko egin zuen Roe vs. Wade ebazpeneko Jane Roe hura. (…) Mesedez, ez egin nire akats berak. Ez bozik eman Barack Obamari. Hark umeak hiltzen ditu». AEB Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak eskubide konstituzional gisa definitu zuen abortua 1973ko urtarrilaren 22an, Norma McCorveyren (Jane Roe) abortatzeko eskaerari buruzko auziaren karietara. Barack Obamaren eta Mitt Romneyren arteko Etxe Zurirako hauteskunde lehiaren azken txanpan, bideo bat plazaratu du McCorveyk, Obamaren aurka joz. Katoliko praktikantea eta abortuaren aurkako kanpaina askotarako ikur da egun.

Datorren astean bukatuko den hauteskunde lehia hasieran, presidentetza lortuz gero Roe vs. Wade ebazpen hori indargabetuko duela iragarri zuen hautagai errepublikanoak. Romneyk atzera egin du azken asteetan, ordea, emakumeen botoa ezinbestekoa duelako Etxe Zurira heltzeko, eta abortuaren aurka erabat jotzeak kalte egin diezaiokeelako inkesten arabera. Richard Mourdock eta Todd Akin alderdikideek kanpainan esandakoek ere ez diote batere mesederik egin. «Bizitza bortxaketa izugarri batetik sortua bada ere, Jainkoak nahitakoa dela sinesten dut», esan zuen lehenak; «benetako» bortxaketetan emakumeak ez direla haurdun geratzen, bigarrenak.

Lehendik ere entzunak dira halako esaldiak Akinen ahotan. Romneyren bigarrenak, Paul Ryanek, harekin bultzatu du aurten Ordezkarien Ganberan proposamen bat, abortatzeko aukera gisa «behartutako bortxaketak» aipatuz. Bortxaketa guztiak ez dira, Alderdi Errepublikanoaren adarrik atzerakoienen arabera, behartuak.

Aurkakoen bizkorraldia

Abortuaren ingurukoa ez da eztabaida berria AEBetan. Eskubidetzat definituta egon arren, hainbat estatutan gero eta murriztuago dago eskubide hori. George Bush boterera heltzearekin bat «bizitzaren aldeko ekimenak» ugaldu ziren. Urtarrilaren 22a Pertsonen Bizitzaren Santutasunaren Egun Nazionala bihurtu zuen. 2002an, Ordezkarien Ganbarak kontzientzia eragozpenerako tartea zabaldu zien medikuei, ospitaleei eta aseguru etxeei.

Missouri, Idaho, Indiana, Kansas, Nebraska, Oklahoma eta Texasen asko murriztu da 20 astetik gorako haurdunaldia eteteko aukera. Egunotako hauteskunde kanpainak halako murrizketak zilegiztatzeko mezuen aldeko eta kontrako jarrerak piztu ditu. «Kanpaina honek jarrera argiagoa eta koherenteagoa agertzera behartu du Obama emakumeen abortatzeko eskubidearen inguruan. Eta errepublikanoen obskurantismoa eta tentelkeria ipurdi bistan geratzen ari da», Julia Evelyn Jimenezen ustez.

Ekonomilaria da Jimenez, eta El Salvadorreko Emakume Institutuko zuzendaria izan zen 2009ko ekainetik 2010eko abendura bitartean. «Obama berriz aukeratzen badute, munduari argi geratuko litzaioke emakumeen abortatzeko eskubidearen alde gogor egin arren herritarren gustuko izan zaitezkeela. Aukeratzen ez badute, zoritxarrez, justu kontrako mezua nagusituko da».

AEBetan bezala, beste toki askotan ere atzera egiteko asmotan agertu dira zenbait agintari. Espainian, Alberto Ruiz Gallardon Justizia Ministroak lege aldaketa bat iragarri du, epe batzuen barruko abortu librea eragotzi eta «bizitzeko eskubidea babesteko» asmoarekin. Gallardonek aurrerakoitzat jo du bere ekimena, «amatasunak egiten baititu emakumeak benetako emakume».

Erresuma Batuan, Jeremy Hunt Osasun Idazkaria, joan den hilaren hasieran, libre abortatzeko epea 24 astetik 12ra jaistearen alde agertu zen. David Cameronek berehala ukatu zuen Londresko gobernuak epeak aldatzeko asmoa duenik. 24 asteko epea Ingalaterran, Galesen eta Eskozian dago indarrean, Ipar Irlandan amaren bizitza arriskuan dagoenetan bakarrik onartzen baita abortatzea. Eta urriaren 18an, abortuaren aurkako mugimenduak ezohiko argazkia eskaini zuen Belfasten: katoliko zein protestanteek bat egin zuten Ipar Irlandan ireki den abortatzeko lehen klinika pribatuaren aurka.

Argentinan, Buenos Airesko alkatea etengabe oztopatzen ari da legez abortatzeko eskubidea daukaten emakumeek haurdunaldia etetea. Azkena, uztailaren 28an bahitu eta prostituitzera behartutako emakume baten kasua. Bahitzaileengandik ihes egitea lortu du emakumeak; jakin du haurdun dagoela; abortatzea erabaki du; eta alkateak publiko egin du abortatu behar duen eguna eta tokia. Kirofanoan abortatzeko zain dagoela, agertu da ultra talde bat epaile agindu batekin. Bertan behera geratu da abortua eta Auzitegi Gorenak ebatzi behar izan du baietz, baduela eskubidea. Buenos Airesko alkateak, Mauricio Macri atzerakoiak, legerik ez duela hautsi dio.

Beldurraren kultura

Erlijio fundamentalismoa jo ohi da halako jarreren iturburutzat, baina erlijioak bakarrik azal al dezakete, esate baterako, El Salvadorren, Filipinetan, Nikaraguan, Maltan eta Txilen abortatzea erabat debekatuta egotea? Jimenezen ustez, ez. Kultura jotzen du gakotzat: «Elite ekonomiko, politiko eta sozialek beldurra erabili izan dute gizarte horietan herritarrak lotzeko edo jazartzeko. Beldurra gizarte bateko kulturan ondo txertatzen denean, mota guztietako fundamentalismoek erraz hartzen dute indarra».

El Salvadorreko Emakume Institutuko zuzendari izan zen garaian, Jimenezekonomilariak ondo ezagutu zituen bere herrialdeko legeen emakumeen gaineko ondorioak. Legeak aldatzen saiatu zen, eta abortuaren alde publikoki agertu eta gutxira, kargutik kendu zuten karguan jarri zuten berek, FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontekoek. Nikaraguan, berriz, mugimendu sandinistatik datorren Daniel Ortega da abortuaren debekuaren aldeko sutsuena. «Ezkerraren eta eskuinaren identitateak sistema ekonomiko kapitalistaren aurrean eraiki dira, ez dira sistema patriarkalaren ispiluan begiratuta sortu. XXI. mendeko ezkerrak sistema patriarkalarekiko jarrera kritikoa aztertu behar du», azaldu du salvadortarrak.

NBE Nazio Batuen Erakundeako Torturari buruzko mandatariak torturatzat jo zuen 2009an abortua kriminalizatzea, Nikaraguara egindako bisita baten ondoren. Erakunde beraren emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko mandatariak iaz argitaratutako txostenaren arabera, berriz, El Salvadorren urtero haurdunaldiaren ondorioz hiltzen diren emakumeen kopurua eta nerabeen haurdunaldiak «gora» egin du abortua erabat debekatzearen ondorioz. «Emakumeei eta neskatoei beren gorputzen eta bizitzen gaineko kontrola ukatzen die debekuak».

Inboluzioa?

Abortua debekatzearen aldeko mezuak gero eta ugariagoak dira, hala ere. «Ezetz pentsatu nahi nuke, baina inboluziorako benetako arriskua ikusten dut», dio Jimenezek. Aspaldiko mezuek koartada egokia lortu dutelako, besteak beste: «Kapitalismoaren sistema krisia areagotu eta zabaldu ahala, krisiaren ondorio sozial eta ekonomikoekiko beldurrak botere hegemonikoa nahi duten talde ekonomiko, politiko, sozial eta erlijiosoak indar ditzake».

Baikortasunerako adibideak ere badira, hala ere. Uruguain onartu berri duten abortuaren inguruko legea da bat. Jose Mujica lehendakariak urriaren 22an sinatu zuen haurdunaldiko lehen 12 asteetan abortatzea libre egingo duen legea. Lege hori gauzatzeko baliabideak jartzea izango du erronka orain, beste herrialde askotan gertatzen dena gerta ez dadin: legezkoa dena egunerokoan ezinezko bihurtzea. Horretarako, Jimenezek ezinbestekotzat jotzen du herrialdeetako mugimendu feministek «gobernu, alderdi politiko eta garapenerako kooperazio erakunde ofizialarekiko» autonomia indartzea, politika publikoek benetan onar eta berma ditzaten emakumeen eskubideak. «Sexualitate eta ugalketa eskubideak lehentasuna izan behar dira».

Lege ugalketa

Abortatzea erabat libre da herrialde batzuetan. Beste batzuetan, erabat debekatuta dago. Tartean, zenbait kasutan abortatzea ahalbidetzen dutenak daude.

Obulua ernaltzen den mementu beretik arima jaiotzen dela. Hala ebatzi zuen Pio IX.ak 1869an. Eta haurdunaldiak etetearen aurkako legeak ugaltzen hasi ziren.

1950 eta 1985 bitartean, munduko herrialde gehienek abortuaren inguruko legeak malgutu egin zituzten, emakumeen giza eskubideak eta segurtasuna aintzat hartuta. Nazioarteko ebazpenen arloan, Kairoko Nazioarteko Biztanleria eta Garapen Konferentziaren (1994), Pekingo Emakumeen Mundu Konferentziaren (1995) eta NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Aldarrikapenaren aurkakotzat jotzen dira egun abortatzeko aukerak murrizten dituzten legeak.

OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, azken hiru hamarkadetan haurdun ez geratzeko baliabideak asko zabaldu dira. Hala ere, urtero 46 milioi abortu egiten dira munduan, eta horietatik 20 gutxieneko segurtasun neurririk bete gabe. Munduan haurdunaldiarekin lotuta urtero gertatzen diren heriotzen %13 (67.000 emakume) segurtasun neurririk gabe egindako abortuen ondorioz gertatzen dira. OMEren arabera, gainera, dozenaka mila emakumek ondorio oso larriak nozitzen dituzte gaizki egindako abortuen eraginez. «Inongo antisorgailuk ez duenez %100 ziurtatzen haurdunaldirik ez dela gertatuko, nahi gabeko haurdunaldiak gertatu egingo dira aurrerantzean ere, eta emakume batzuek abortu bidez eten nahiko dituzte». Horren jakitun, abortua legez kanpokoa ez den herrialdeetan horretarako behar adina baliabide prestatzen eta garatzen laguntzea da OMEk bere buruari emana dion lana. Esana du, gainera, lege barruan abortatzeko aukera duten emakumeek ere «orokorrean» ez dituztela eskura arriskurik gabe abortatu ahal izateko zerbitzuak.

Sei multzo

Sei multzo handitan banatzen dira egun abortuaren inguruko legeak. Lehendabizikoa, abortua baldintzarik gabe —nahikoa da amak abortatu nahi izatea abortatu ahal izateko— ahalbidetzen duten 57 herrialdek osatzen dute (munduko biztanleen %39,5). Bigarren multzoan daude arrazoi sozioekonomikoengatik edo psikofisikoengatik abortatzen uzten duten 14 herrialdeak (biztanleen % 21,3). Hirugaren multzoan arrazoi psikofisikoengatik abortatzen uzten duten 23 herrialde daude (biztanleen %4,2). Arrazoi fisikoengatik abortatzea legezkotzat duten 33 herrialdeek (biztanleen %9,2) laugarren multzoa osatzen dute. Bosgarrenean dauden 66 herrialdeek oso kasu zehatzetan bakarrik —amaren bizitza arriskuan dagoenean, umekiak malformazio larriak dituenean, haurdunaldia bortxaketa baten ondoriozkoa denean— uzten dute abortatzen (biztanleen %25,3). Azkenik, abortatzea erabat legez kanpokotzat duten herrialdeak daude: El Salvador, Filipinak, Malta, Nikaragua eta Txile.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.