Koxka bat zabalago

Juan Luis Zabala / 2012-11-22 / 1.327 hitz

Bernardo Atxagak beste pauso bat eman du bere lana munduan zabaltzeko bidean. ‘Zazpi etxe Frantzian’-en itzulpena goiko mailara iritsi da Erresuma Batuko eta AEBetako hainbat sariketa eta zerrendatan.

Obabakoak-ekin duela ia 25 urte urratzen hasitako bideetan aurrera jarraituz, euskal literatura Euskal Herriko mugetatik kanpo ezagutarazi eta zabaltzeko zereginean «pauso bat harago» iritsi da Bernardo Atxaga Zazpi etxe Frantzian nobelaren (Pamiela, 2009) ingelesezko itzulpenarekin, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariaren ustez, eta hala erakusten dute nobela horrek batez ere Erresuma Batuan eta AEBetan jasotako laudorio suharrek.

Erresuma Batuan, Foreign Fiction Prize sariko azken sei finalisten artean izan da aurten Seven Houses in France, Amos Oz eta Umberto Ecoren liburu berriekin lehian; AEBetan, Publisher Weekly aldizkariak urteko 18 liburu onenen artekotzat jo du oraindik orain, Alice Munroren Dear Life-rekin batera besteak beste. Izendapen horiek Atxagak «Letren Mundu Errepublika selekto horretan leku bat erdietsi duela» erakusten dutelakoan dago Olaziregi. «Liburuaren lehiakideak zeintzuk izan diren ikusita, izugarrizko arrakasta da».

Zazpi etxe Frantzian nobelaren ingeleserako itzultzaile Margaret Jull Costak uste du «kontalariaren ahotsa» dela Seven Houses in France izaten ari den arrakastaren giltzarri nagusietako bat; «Belgikako soldaduek ustiatzen ari diren jendearekiko eta izadiarekiko erakusten duten erabateko axolagabekeria erakusten duen kontalariaren ahots hori», zehazki. «Liburuak arrakasta handia izan du Erresuma Batuan eta AEBetan», komentatu du Jull Costak, «eta litekeena da arrakasta hori gure iragan kolonizatzailea gaitzat hartzearen ondorio izatea; baita gizakiok gizatiar izateari uzteko dugun erraztasuna erakustearen ondorio ere. Afrikako ilunpeen bihotzetatik kanpo ere gertatzen den kontua da, dudarik gabe. Baina arrakasta prosatik ere badatorkio, itxuraz horren soil eta erakargarria den arren hala kontatzen duenarengatik nola kontatzeko moduarengatik irakurlea zanpatuta uzten duen prosa horretatik».

Itzultzailearen iritzitik gertu dago Lourdes Otaegi ikerlariarena ere: «Liburu baten arrakastak badu osagai ausazkorik, jakina, baina beharbada anglosaxoientzat nabariagoa da liburu honen hizkeraren erregistro satirikoa. Errealismoaren itxurapean, aurpegia batere okertu gabe iradokitzen dituenek irakurlea asaldatzea dute helburutzat. Ezaxolaz bezala mintzatzen da egintza eta gertakari izugarriez, irakurleok asaldatzetik hausnarketara bideratzeko helburuz».

Ikuspegi horretatik begiratuta, Jonathan Swift-en A modest proposal ipuin ezaguna oroitarazi dio Otaegiri Atxagaren Zazpi etxe Frantzian obrak. «Swiftek, XVIII. mendeko Irlandako herriaren egoera miserablea erremediatzeko, urtebete inguruko haurrak elikagai gisa erabiltzeko errezeta sorta proposatu zuen, eta diskurtso guztiz arrazoitu batean, haren negatiboa seinalatu zuen: aberatsen hipokresia, ingelesen tirania eta irlandarren ezgaitasuna. Atxagaren obra honek ere beste horrenbeste egiten du, eta historikoki inperio kolonialez ari bada ere, irakurlearen interpretazioak beste testuinguru hurbilagoetara ekar dezake gogoeta».

Ez da oso bestelakoa itzulpenaren editoreetako baten ikuspegia, Briony Everroadena: «Gu oso harro gaude Atxagaren liburua Harvil Secker argitaletxean argitaratu dugulako [Random Housek bereganatutako argitaletxea da Harvil Secker]. Orriak bizi pasatzera bultzatzen zaituzten narrazioak idazten ditu, baina irakurlea pentsatzera bultzatuz, eta hori lortzen duten idazleak bakanak dira. Umorea gauza benetan ederra da idazle batengan, eta ez dago dudarik Bernardok baduela. Seven Houses in France-n, eragin birrintzailea du haren umoreak. Zirrara handia eragiten duen liburua da. Atxagak Afrikako kolonialismoaren aroa erakusten digu, talentu handiz. Ez du inolako alderaketarik egiten orainarekin, baina alderaketa horren ideia une oro dago gordea irakurlearen buruaren barruko gune batean».

Nolanahi ere, Jull Costak egindako itzulpena bera ere Seven Houses in France-ren arrakastaren arrazoien artean jarri behar da, Olaziregiren ustez. «Sarietan ere onartu izan da itzultzailearen lan ona», ohartarazi du. Jull Costaren itzulpena Oxford Weidenfeld Translation Prize sariketako finalisten artean izan da; azken urtean ingelesera egindako itzulpen lanik onenak saritzen ditu horrek.

Atxagaren obraren nazioarteko harrera aztertuta, Erresuma Batua eta Italia izan dira Asteasun jaiotako idazleari harrerarik beroena egin diotenak, Olaziregik dioenez. «Erresuma Batuan, izugarri ongi joan dira ingelesera itzulitako lanak, egunkari eta aldizkari onenetan aipatua izan da, leku enblematikoetan azaldu. Duela aste batzuk, esaterako, Finantial Times-en ere elkarrizketa bat egin zioten. Italian, berriz, oso sari garrantzitsuak jaso ditu: Pavese poesia saria, Mondello eta Grinzanne Cavour. Prestigio handia du Italian, argitaletxe enblematiko baten bermeaz gain, Einaudirena».

Mundu anglosaxoian eta Italian ez ezik, Alemanian ere sumatu du Olaziregik euskal literaturaren inguruko interes eta jakin-min handia; ez soilik Atxagaren obraren inguruan, oro har euskal literaturaren inguruan baizik.

Exotismoaz harago

Seven Houses in France laudatu duten kritikarietako batzuek nabarmendu dute nobela hori ez dagoela Euskal Herrian girotuta, eta pertsonaien artean ez dagoela euskal herritarrik; idazle on baten eleberri gisa irakurri behar dela, ez euskal idazle baten eleberri gisa; interesa kalitatean dagoela, ez exotismoan. Atxaga ez da iritsi den lekura iritsi euskal idazlea delako, Olaziregiren ustez. «Atxagak aurrera egin du idazle ona delako, bistan da. Inork ez dizkizu obrak etengabe itzuli eta argitaratuko ‘euskal’ idazlea zarelako, ongi idazten duzulako baizik. Hasieran exotikotasun eta desberdintasun marka izan daitekeen horrek, euskalduna izateak, nahitaezkoa du kalitatezko literatura, berarekin aurrera egingo baduzu. Euskaldunok oso interesgarriak garela onartuz ere, sorkuntzaz ari garenean, literaturaz kasu honetan, parametro literarioek dute lehentasuna».

Ez da Atxaga jatorriz euskaraz idatzitako literatura lanak mundu osora zabaltzen dituen idazle bakarra. Obabakoak duela ia 25 urte zabaltzen hasi zen bidean, gero eta handiagoa eta jariakorragoa da zirkulazioa. «Atxagaz gain, Kirmen Uribe ari da nazioartean oso bide deigarria egiten», Olaziregik dioenez. «Frantzian, Gallimard argitaletxearekin argitaratzen du; Japonian egon da oraintsu, Bilbao-New York Bilbao-ren itzulpena aurkezten; nobela hori beste sei hizkuntzatara itzultzear dago; ingelesez aurki aterako da… Espainiako merkatuan, Iban Zalduak bere lekua du: erregularki argitaratzen ditu itzulpenak argitaletxe komertzial ezagunetan, liburu horien kritikak kaleratzen dira; Eider Rodriguez ere ongi sartu da, kritika bikainekin, eta Harkaitz Canoren Twist oraintxe aterako da. Poesiari dagokionez, Rikardo Arregik ere badu bere izena nazioarteko poesia jaialdietan».

———————–

 «Politika sendo bat behar du itzulpenak»

Euskal literaturak beste hizkuntza batzuetara izan dituen itzulpenen inguruko tesia egin du Elizabete Manterolak. Haren ustez, itzulpena «jatorrizko hizkuntzaren kulturatik» sustatu behar da merkatu berrietara iristeko.

Beste arlo askotan bezala, nahiko berantiarra izan da euskal literatura itzulpenen bidezko kanporako zabalkuntzari dagokionez. Bernardo Atxagaren Obabakoak-ek narratiba arloko Espainiako Sari Nazionala eskuratzeak —1989an— bultzada handia eman zion euskal literaturaren itzulpengintzari. Gaur egun, duela 25 urte baino askoz ere liburu gehiago itzultzen da euskaratik beste hizkuntza batzuetara. 2010. urtera arte, 1.176 itzulpen argitaratu ziren euskaraz idatzitako liburuak abiaburu hartuta, 935 berrargitalpenak kontaduriatik kanpo utziz gero, Elizabete Manterola ikerlariak (Orio, Gipuzkoa, 1982) Euskal literatura itzuliaren katalogoa-n (www.ehu.es/ehg/eli/) eta Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa doktore tesian jakinarazi duenez.

Euskal liburuen kanporako itzulpengintzaz mintzatzean, ez da ahaztu behar itzultzen denaren zati handi bat ez dela Euskal Herritik ateratzen. «Itzuli egiten da, baina zein da gure merkatua?», dio Manterolak. «Kanporako itzultzen da, ala hemen barruan gelditzen dira liburuak? Ez da gauza bera itzulpen bat Alberdaniarekin argitaratzea edo Alfaguararekin, adibidez. Alberdaniak argitaratutako itzulpena liburu dendetan euskal literaturaren sailean sailkatuta geratuko da; Alfaguarak argitaratutakoa, gaztelaniazko edo Espainiako literaturaren sailean». Euskal Herriko mugak ez ezik Espainiakoak ere gainditzen dituzten liburuak idazle bakan batzuenak baino ez dira, oraingoz.

Tesian aztertu dituen gaien artean, autoitzulpenaren eta itzulpen alografoaren —egilea ez den norbaitek egindako itzulpenaren— arteko aldea dago. «Autoitzulpenean, egileak askatasun handiagoa du aldaketak egiteko, testua berea baita», Manterolaren iritziz. «Tesia egitean, dena den, Atxagaren itzulpenen kasua aztertu dut, batik bat», ohartarazi du, «eta Atxagaren kasuan, itzulpenaren egile gisa beste norbait ageri denean ere, gauza jakina da erabaki denen atzean Atxaga bera dagoela, behintzat aldaketa handiak egon direnean. Itzultzaileek ez dute eskumenik izaten horrelako aldaketak egiteko».

Beste hizkuntza batera itzultzean, zuzeneko itzulpena «beti da egokiagoa», Manterolaren ustez, zubi hizkuntza baten bidez egindakoa baino. «Baina hori ez da nahikoa. Zuzeneko itzulpenak babes bat ere behar du. Nik liburu bat itzul dezaket zuzenean, baina gero inolako promozio lanik ez badago eta liburua testuinguru ezezagun batean inolako babesik gabe agertzen bada, normalean ez da inora iritsiko. Itzulpena egitea erraza izan daiteke, baina merkatu berri batean sartzea zailagoa da, konplikatuagoa. Itzulpen politika sendo batzuen barruan kokatu behar dira itzulpenak, eta gure kasuan, hizkuntza gutxitu baten kasuan, hizkuntza nagusiago batzuetara itzulitakoan kontuan hartu behar da hizkuntza nagusiago horiek ez dutela eskatzen euskarazko literatura itzulirik. Horregatik, jatorrizko hizkuntzaren kulturatik bultzatu behar dira itzulpenak, ezagutza eta zabalkunde minimo bat lortuko bada. Itzulpenak itzulpen politika sendo baten barruan egon behar du».

Alemaniako Pahl Rugenstein argitaletxeak euskal literaturari eskainitako sailari eredugarri irizten dio. «Urtero euskarazko bi libururen itzulpenak argitaratzeko asmoarekin hasi zuten saila, eta itzulpen horiek nolabaiteko testuinguru batean kokatzen dituzte».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.