Sareko erosketen segurtasuna

Aitor Aretxaga / 2012-11-14 / 549 hitz

Gabonetarako gutxi falta da, eta izango da hasita dagoenik Interneten opariren bat edo beste begiratzen. Kontsumitzaileei laguntzeko eta sarean lasai eta era seguruan erosteko jarraibideak ere badaude, baina transakzio gehientsuenetan ez da egoten arazorik.

Asko dira Interneten Gabonetarako opariak begiratzen hasiak direnak. Sareko aukera hedatuz joan da, jendearen hasierako beldurrak eta tabuak galduz joan diren heinean. Orain, sarean aukera zabal eta kontrastagarria ikusten dute kontsumitzaileek; eta ordenagailuko sagua aholkulari bakartzat hartuta, klik hots batean betetzen dute erosketen saski birtuala. Honela, sarean egiten diren transakzio gehienetan arazorik izaten ez bada ere, badira arrisku batzuk, eta, horrexegatik, aholku lagungarriei jarraitu beharra ere izaten da.

Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau

Esaera zaharrak hala dio, eta, hasteko eta behin, ez da txarra, produktu bateko prezioa beste hainbat tokitan saltzen diren antzeko produktuekin alderatzea. Prezioan alde handia badago, kontuz ibili; ikertu saltzailea eta galdetu produktua zer egoeratan dagoen.

Saltzailea ezezaguna bada, ez dago sobera honako hau ikertzea ere: merkatari bati erosten zaion lehen aldia bada, ikertu aldez aurretik, benetakoa den egiaztatzeko. Adibidez, weba araka daiteke saltzaile horri gauzak erosi dizkioten beste pertsona batzuen iruzkinak irakurrita. Horretaz gain, merkatari fidagarri orok transakzioaren inguruko galderaren bat edo arazoren bat dagoenerako, erabili beharreko harremanetarako informazioa eman beharko luke nonbait. Edonola dela ere, ez da gomendatzen goitik behera aztertu ez den saltzaile bati dirurik bidaltzerik; erne ibili web orrialde faltsuen erasoak edo phishing ahaleginak antzemateko.

Aipatu guztiarekin bat, hizki txikiz dagoena irakurtzeko astia hartzea beharrezkoa da, bidaltzerakoan nahiz itzultzerakoan (behar izatekotan) ezustekorik ez izateko: erosi aurretik, ezagutu saltzailearen bidalketa-berme eta itzulketa-gidalerroak. Saltoki gehienek ematen dute aukera paketea bidaltzeko bitartekaria hautatzeko; hor ere buru-belarri ibili, desberdintasun handiak izan ohi baitira entrega epeetan, eta, batez ere, prezioetan. Gainera, erositakoaren jarraipena egiteko zenbaki bat eskuragarri jarri beharra daukate, nahi duenak erositako horren uneoroko kokapena izan dezan.

Azkenik, gustura geratu ez den horrek jakin behar du webgune batzuek diru guztia itzultzeko aukera ematen dutela; beste batzuek, berriz, itzulketa-kostuak kargatu eta dendarako kupoiak baino ez dituzte emango.

Erosleak babesteko neurriak dituzten ordainketa metodoak

Kontuz itxurazko fakturekin: esaterako, duela gutxi auto-erosketetan itxurazko fakturak erabiltzen zituzten iruzurtien kasuak zabaldu ziren. Kasu horietan, dirua igortzeko, banku-transferentzia egiteko edo posta arruntaren bidez —Correos, Western Union, eta abarrren bidez— ordaintzeko eskatzen zuten iruzurgileek.

Erabili beti babesa ziurtatzen duten ordainketa-metodoak: adibidez, kreditu-txartelen enpresek Interneten erosketak egin dituztenak babesten dituzte; eta horien erantzukizuna bere gain hartu ohi dute iruzur kasuetan.

Ziurtagiridun webgune seguruak

Halaber, aipatu puntura iritsi aurretik, Internetek badu modurik kreditu txartelaren datuak bidean lapurtzen ez direla bermatzeko. Transferitu behar den informazioa garrantzitsua denean edo webgunearen identitatea bermatu behar denean, ezinbestekoa da webgune horren eta nabigatzailearen arteko komunikazioa enkriptatzea. Horretarako asmatu zen SSL (Secure Socket Layer) protokoloa. Teknologia hori darabilten lekuak ohiko http bidez hasi beharrean, https darabilte. Hori gabe, gerta daiteke beste muturrean espero dena ez egotea, edo komunikazioa tartean antzeman eta datuak lapurtzea.

PayPal edo sareko ordainketa zerbitzu segurua

eBay eskaintza bidezko salmenta guneari esker zabaldu zen ordaintzeko aukera gehigarri gisa. PayPalen arrakastaren atzean bi gako daude: erosotasuna eta segurtasuna. Behin erregistratu ostean, nahikoa izango da posta helbide elektronikoa eta pasahitz sendo bat bertako erabiltzaileen artean diru transferentziak egiteko. Eta eroslearentzat daukan babes politikari esker, jasotakoa iristen ez bada, edo ez badator bat saltzaileak deskribatutakoarekin, dirua itzultzen die PayPalek.

Egun, geroz eta gune gehiagok eskaintzen dute ordaintzeko metodo gisa, erosleentzat erakargarri den jakitun. Gune ofiziala: https://www.paypal.com/.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.