Telefonoa nola erabili… osasun arazoak saihesteko

Jabier Agirre / 2012-11-20 / 768 hitz

Ia ezinbesteko objektu bihurtu dira sakelako telefonoak; gaur egun, batez beste, 13 urtekoa da sakelakoarekin hasteko adina. Ez dago frogatuta kaltegarriak direnik telefonoek sortzen dituzten eremu magnetikoak, baina adituek aholku batzuk betetzea gomendatzen dute.

Herritarren % 50ek baino gehiagok erabiltzen duenez sakelako telefonoa, gero eta kezka handiagoak daude tresna horiek sor ditzaketen ondorio kaltegarrien inguruan. Egia esateko, ez dago oraindik sakelakoek luze gabe nahiz luzera begira eragin ditzaketen kalteei buruzko azterketa behin betikorik; baina, hala ere, ez da alferrik izango arreta eta prebentzio neurri sinple batzuk hartzea. Adibidez, sakelako bat erosterakoan, komeni da jarraibideen eskuliburua irakurtzea, tresna egoki erabiltzeko informazio baliagarri ugari aurkituko baitugu.

Ia ezinbesteko objektu bihurtu da gutariko gehienentzat. Ez da deiak egiteko bakarrik erabiltzen, baizik eta Interneten nabigatzeko, argazkiak egiteko, agenda antolatzeko, eta beste hainbat gauzatarako ere bai. Gainera, gero eta gazteagoak dira erabiltzaileak (gaur egun, batez beste, 13 urtekoa da sakelakoarekin hasteko adina), eta, horregatik, logikoa da tresnaren ondorio kaltegarrien inguruko kezka, nahiz eta Osasunaren Munduko Erakundeak eta gaia aztertu duten beste erakunde batzuek oraindik ere ez duten aurkitu inolako arriskurik.

Uhin elektromagnetikoen eraginak

Eremu elektromagnetikoak sorrarazten dituzte sakelako telefonoek —etxean asko erabiltzen diren beste tresna batzuek bezala, hala nola mikrouhin labeek—. Eremu horiek gure osasunari ekar diezazkioketen ondorioak asko ikertu diren, baina oraingoz ez da inolako erlazio nabarmenik aurkitu.

Azaleko mailan. Gaur arte daukagun informazioarekin, uhin elektromagnetikoek gure gorputzeko ehunak berotzen dituzte; horixe bakarrik frogatu dute orain artean. Oso zaila da, esaterako, sakelakoek igortzen duten energia barruko organoetara —bihotzera edo garunera— iristea. Beraz, ez dago ebidentziarik esateko sakelakoen erabilerak ezagutza mailako funtzioei, bihotzeko erritmoari edo presio arterialari erasan diezaiekeela.

Minbizi arriskua. OMEren arabera, ez dago froga fidagarririk esateko minbizia eragin dezakeela maiztasun txikiko eremu elektromagnetikoekiko esposizioak. Hala ere, tresna horien erabilera masiboa 90eko hamarkadan hasi zela kontuan hartuz, gizakietan luzera begira izan dezakeen eragina aztertzea ez da posible izan oraindik. Animalietan egindako probek ere ez dute erlazio kausalik frogatu.

Hipersentikortasun elektromagnetikoa. Pertsona batzuek tresna horiek erabili ondoren sintoma sail bat (inurridura sentsazioa buruan, nekea, zorabioak, kontzentrazio galera, takikardia, eta abar) jasaten duela ziurtatu arren, ikerketa guztiak baloratu eta gero, sintoma horiek beste trastorno batzuekin lotu ohi dituzte adituek, estresarekin adibidez.

Sakelakoarekiko adikzioa, egiazko arazo

Sakelakoari egozten zaizkion ondorio negatiboen artean, adikzioa da zabalduena eta egiaztatu ahal izan den bakarra. Telefonoa modu arrazoizkoan erabiltzea da sintoma hori borrokatzeko modurik onena.

Zer da? Sakelakoarekiko grina eta atxikimendu exajeratu eta bazterrezin gisa defini daiteke: deiak, mezuak, Interneten nabigatzea… pertsona horren mundua jarduera horietara soilik mugatzen da ia, bere bizitzako beste alderdi garrantzitsu batzuk albo batera utziz.

Sintomak. Adikzio hori jasaten duen pertsona ez da inoiz telefonotik urruntzen (bainugelan, familia giroan, eta nonahi ere erabiltzen jarraituko du), bere bizi-ohiturak erabat aldatuko ditu, gaueko ordu txikiak arte esna egongo da telefonoarekin jolasean, gainerako zaletasunak baztertu eta sakelakoarekin tematuko da, fakturak ikaragarri garestitzeraino.

Ondorioak. Umore txarra, suminkortasuna, agresibitatea (zer esanik ez, telefonoaren erabilera murrizten bazaio), gizartearekiko isolamendua eta eskolako edo laneko errendimendu eskasa izango lirateke eraginik nabarmenen eta azpimarragarrienak.

Zer egin? Erabilera arrazionalizatzea komeni da. Ume, gazte eta nerabeei mugatu egin beharko zaie telefonoarekin jarduteko denbora, eta beste zaletasun edo jarduera batzuk egitera (kirola, lagunekin egotera…) animatu.

Erradiazioekiko esposizioa murrizteko neurriak

Ez dute frogatu sakelakoak sortzen dituen eremu magnetikoak kaltegarriak direla, baina zenbait adituk kontuz ibiltzea eta arreta-neurri batzuk hartzea gomendatzen dute.

Urrundu zaitez gailutik. Telefonoa 30-40 cm-ra edukitzeak nabarmen murrizten du esposizioa. Horregatik, oso gomendagarriak dira distantzia horri eusteko modua ematen duten sistema eta gailuak (esku libreak autorako edo aurikular haridunak, adibidez).

Murriztu deiak. Eguneroko bizimoduan egiten ditugun deiak murriztea eta horien iraupena kontrolatzea komeni da.

Mezuak bidali. SMSak bidaltzerakoan, telefonoa gorputzetik urrun(ago) dago, eta hori sistema egokia da uhinekiko esposizioa ahalik eta gehien murrizteko.

Erabili estaldura maila oneko lekuak. Igogailuek, lurpeko lekuek, garajeek, tunelek eta antzekoek estaldura eskasa dutenez, uhin askoz ere gehiago igortzea eskatzen dute. Ahal bada, beraz, ez erabili telefonoa horrelako lekuetan.

Ez estali antena hatzekin. Askotan ia konturatu gabe egiten dugun keinu horrek uhinen emisioa zailtzen du, eta, beraz, potentzia are eta handiagoarekin igortzera behartuko gaitu.

Urrun zaitez deiaren hasieran. Deia egin ondorengo aurreneko segundoak dira erradiaziorik handiena sorrarazten dutenak. Ez hurbildu telefonoa belarrira, beraz, solaskidearekin konexioa ezarri arte.

Itzali ospitale eta abioietan. Leku horietan telefonoaren uhinek interferentziak eragin ditzakete aparatu medikoetan baita aire nabigazioko sistemetan ere.

Ez erabili trenetan. Garraiobide horretan goazela telefonoa erabili nahi badugu, tresna etengabe ari da antenak bilatu nahian, seinalearen potentzia areagotuz.

Zaindu umeen erabilera. Kontua ez da umeei tresna erabiltzea debekatzea, erabilera gainbegiratzea baizik. Saia zaitez erabilera hori kontrolatzen, bai denboraren aldetik eta bai edukien aldetik ere (filmak, bideo jokoak, eta abar).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.