Txiklea

Anjel Lertxundi / 2012-11-11/ 121 hitz

Igandero bezala, gaur goizean ere ibiltzera irtengo da eta, igandero bezala, gau-pasa egindako hainbat gazte ikusiko du beren begirada abailduarekin, pentsamendu sakonetan murgilduta baleude bezalako aurpegiera kontzentratuarekin. Ez diote elkarri begiratzen, ez dute elkarren artean hitz egiten, eta zerbait esan behar badute, karranka zakar baten gisako zerbait ateratzen zaie zigarro bat eskatzeko, ze ordu den galdetzeko. Nekatuta daude, ohean leudeke ondoen, baina luzatu egin nahi dute denbora, txikle bat baita gaua, txikle bat bizitza, ematen duen arte luzatzen den denbora antzua…

Izerdia botatzera irten denari nagia ematen dio gazteak horrela ikusteak. Hain aspertuta. Baina ibiltaria bere gau-pasekin gogoratuko da gaur ere. Bera zenean gau-pasa egindakoa, ibiltzera hain goiz irteten zirenak iruditzen zitzaizkion aspergarriak, bizitzari etekinik ateratzen ez zekitenak, denbora antzuaren txikleak…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.