Eguzki arranoarekin hegan

Irene Arrizurieta / 2012-12-04 / 1.188 hitz

Iberiar penintsulako eguzki arranoari buruzko liburu bat eta iPaderako aplikazio berritzaile bat egin ditu Andoni Canela argazkilari eta kazetari nafarrak. Egunak eman ditu hegaztiaren habitatean.

Iberiar penintsulako eguzki arranoa ezagutzeko aukera eskaintzen du Andoni Canelaren Aquila (Arranoa) egitasmoak. Argazkiak, bideoak eta testuak uztartzen dituen lana da. Arranoen irudi argitaragabeak eta ezezagunak lortzeko, hegaztia bizi den eremuetara hurbildu da Canela, eta irudi harrigarriak lortu ditu: arranoa habia egiten, azeriari erasotzen edo uretan bainua hartzen. Arranoaren inguruko informazioak, mapak eta haurrentzako ipuin batek osatzen dute iPaderako egin duen aplikazioa. Hegaztia bizi den habitataren argazkiak ere bildu ditu lanean: Doñana, Monfrague, Sierra Morena eta Toledoko Mendiak ageri dira. Aplikazioaz landa, hilaren 12an eguzki arranoaren inguruko liburua argitaratuko du Eguzki Arranoaren Lagunen Fundazioarekin eta BBVA Fundazioarekin elkarlanean.

Arranoa bere habitatean, bere egunerokoan harrapatu du Andoni Canelak: jaten, edaten, ehizatzen, habia prestatzen, txitoak babesten eta elikatzen, hegan egiten… Iberiar penintsulan eguzki arranoaren eguneroko bat egin duela esan daiteke. Eskerrak ematen hasita, arranoari ematen dizkio, batez ere. «Bere sena harrapatzen uzteagatik eskerrak eman nahi dizkiot». Bi urte eta erdi eman ditu lana egiten. «Eguzki arranoak urriak dira, eta oso zailak ikusteko», azpimarratu du. Beraz, bere lana ongi egiteko denbora behar zuen, hegaztia kameraren aurrean harrapatzea ez delako erraza. «Lana ongi egiteko, denbora eskaini behar zitzaion, eta aukera hori izan dut, bi urte eta erdi eman ditut lana egiten». Urri dira eta oso zailak dira bistatzeko edo ikusteko. Lan egiteko zaila zen. Denbora eman zioten lana egin ahal izateko, eta gogoz hartu zuen ardura.

SEO-Birdlife erakundearen arabera, Espainian 318 eguzki- arrano bikote bizi dira, munduan dagoen populazioaren %98. Extremadura, Madril, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon eta Andaluziako lurraldeetan sakabanatuta bizi dira. Gainontzeko %2 Portugalen bizi da. Gazteak direnean distantzia luzeak egiten dituzte, baina txitoak edukitzera eta haztera jaiotako tokira itzultzen dira beti. Babestutako espeziea izanik, ehizatzea debekatua dago, baina aurten bederatzi eguzki arrano hil dira, zortzi pozoituak eta bestea tirokatua. Dena dela, eguzki arranoaren egoerak hobera egin du, eta duela 15 urtetik hona bikoiztu egin da populazioa.

Zain egon

Hala, arrano espezie honen irudiak lortzea ez da lan makala. Nahi zituen irudiak lortzeko, hamabost bidaia egin ditu Canelak eguzki arranoa bizi den eremuetara; Espainiako hegoaldera, batik bat. Andaluzian, Doñanako parkean eta Sierra Morenan ibili da; Extremaduran, Monfraguen, eta Gaztela-Mantxako hegoaldean, Toledoko Mendietan. Eremu bakoitzean, batez beste, bi aste egoten zen hegaztien irudiak kamerarekin harrapatzen. «Orotara berrehunen bat egun ibili naiz hegazti eder horri begiratzen».

Ez da lan erraza berea, aurretik prestaketa handia eskatzen baitu. Eguzki arranoa eguneroko zereginetan harrapatzeko, egonaldi luzeak egin behar izan ditu; inguruko naturan ongi ezkutatuta, batetik. Bestetik, mendi gainetara ere igo behar izan du, hegan ibiltzen direnean haien hegaldiak harrapatzeko. Bazkatzera edo edatera joaten diren tokietatik gertu jarri, horretarako prestatutako ezkutaleku batean, eta zain egotea da kontua. «Aste osoan egon behar duzu hor adi, animalia noiz etorriko zain». Inguruarekin bat egiten duen metro karratuko kanpin denda batean sartuta, zuhaitzen hosto eta adar artean gorderik. Espazio txiki hori izan du lantoki, eta kamera eta objektibo on bat ezinbesteko lanabes. «Tripodearekin batera, zazpi kiloko 600 f4 objektiboa eramaten dut. Asko pisatzen du, baina ezinbestekoa da». Arranoaren ahalik eta argazki osatuena egiteko, urte sasoi guztietan ibili da haren zelatan. Udaberrian, goizeko seiak-zazpiak aldera hasten zen lanean, eta gaueko hamarrak arte ez zen dendaren zulotik ateratzen. Lana ongi egiteko, denbora luzez zain egotea beste aukerarik ez zuen. Udaberrian eta udan, batez ere, mendian gelditzen zen lotan. «Zauden kokalekutik autoraino joateko, gutxienez, ordu erdi behar zen oinez. Gero, lo egiteko ostatua zegoen herrira joateko, beste ordu bat behar zen. Beraz, mendia izan nuen bizileku».

Denboraren harrapaketa

Ahalik eta irudi esanguratsuenak lortzeko asmoarekin, ezin konta ahala kilometro egin ditu hegaztion bizitokiak aukeratzeko. Aurretik, arranoaren kokalekuak eta ohiturak aztertu behar izan zituen. «Hasieran, eremu hoberenak aukeratzeko, kilometro asko egiten dituzu, eta gero aukeratzen dituzu kokalekuak». Bidenabar, hegaztia ez eze, Mediterraneoko habitata atera du kamerarekin. Pagoez gain, baso mediterraneoa nolakoa den ere erakutsi dut, eta arranoaren habitata zein den ere erakutsi nahi izan dut iPaderako aplikazioan.

Kameraren atzean dagoen lana izugarria da. «Argazkia egiteko denbora da gutxienekoa. Maiz egon zaitezke zazpi egun zain, eta argazkiak une batean egiten dituzu, goiz edo arratsalde batean, eta hor daramazu zortzi edo hamar egun». Lan gehien lana egiteko behar izan duen denbora onartzea izan da. «Egiten dituzun bidaia batzuetan ez duzula argazkirik eginen jakitea da gogorrena. Hori onartzea zaila da». Hori gertatu zitzaion hegaztiaren araldiarekin. Hamabi eguneko pare bat bidaiatan lortutako lana hutsa edo kasik hutsa izan zen. «Arranoaren araldia berandu hasi zen, hotz handia egiten zuelako. Gauzak ongi presta ditzakezu, baina animalia ez duzu egoki harrapatzen». Maiz bere lana zorte kontua ere badela dio. Arranoak nola edaten duen erakutsiko zuen irudia harrapatu nahi zuen, eta asko kostata, baina lortu zuen. «Denbora asko eman nuen zain, baina lortu nuen». Dena dela, horrela lan egiten ohituta dago. Beretzat ez da etsigarria, lan egiteko modua baizik. «Oso zaila da lan hauek egitea. Norbaitek denbora nahikoa eskaintzeko aukera izatea eta pazientzia. Baimen bereziak ere behar dira, eta ez dira lortzen errazak. Mundu guztian espezie gutxi daude, eta baimenak ez dira nolanahi ematen». Ikusteko oso zailak diren hegaztiak dira, eta haiek argazkitan harrapatzea izan da saria. «Penintsulan bakarrik bizi den hegazti endemikoa da, eta harraparien artean, arrano beltzarekin batera, harrigarrienetakoa da. Itxura ikaragarria du, eta izugarria da».

Inoiz ez du hainbeste denbora behar duen lana baztertu eta argazkiak beste modu batean egiteko tentazioa izan. «Asko maite dut horrela lan egitea, gozatu egiten dut».

Proiektuaren inguruan gehiago jakin nahi duenak www.aquila.es helbidera jo dezake.

————————-

Ingurumenak harrapatuta

Naturari buruzko proiektuekin lotuta dabil buru belarri Andoni Canela argazkilaria. Panda hartzaren arrastoen bila ibili berri da Txinan.

Ingurumen kazetaritzan zaildua da Andoni Canela argazkilaria eta kazetaria (Tutera, Nafarroa, 1969). Informazio Zientzietan lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta argazkigintzan diplomaduna Londresko College of Printing-en. Bere erreportajeak hainbat aldizkari eta egunkaritan argitaratu dira, tartean National Geographic edo Time aldizkarietan. Liburuak ere kaleratu ditu, besteak beste, Kantauriko hartzari buruzko bat, eta erakusketa franko ere egin ditu Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen, besteak beste.

Hamazazpi urterekin hasi zen bidaiatzen. Geroztik, gelditu gabe, han eta hemen dabil, munduko leku guztietako natura kamerarekin islatzen eta harrapatzen. Izan ere, maite duen natura ogibide bilakatu du Canelak.

Txinatik etorri berria da. Sichuan Txinaren hego-mendebaldean kokatua dagoen eremuko mendietako banbu basoetan bizi den panda hartzari argazkiak ateratzen ibili da. 2.800 eta 4.000 metroko garaierara, baso bustien artean animaliaren hatz markak eta arrastoak bilatzen aritu da. «Zuhaitz espezie asko dauden arren, banbua da nagusi. Banbuaren lauzpabost espeziek estaltzen du basoa goitik behera. Banbuak ez dizu metro batzuk baino ikusten uzten, eta pandak ia ikusezinak dira», azaldu du argazkilariak. Hiru milia metrora eta elurrak estalitako gailurrez inguraturik, gau eta egun zero azpitik ibili da. Baldintza gogorretan eta zailetan lan egin arren, asko maite du bere lana. «Gozatu egiten dut nire lanarekin. Asko betetzen nau», aitortu du. Artikoko lurraldeei buruzko proiektu bat ere badu esku artean. Caixa Fundazioarekin batera, duela zortzi urte hasitako lana da.

Urtero bi bidaia egiten ditu Artikoko eremuren batera. Jada egona da Artikoko eremuan dauden Kanadako, Groenlandiako eta Alaskako herrialdeetan. Nunavuten (Kanada), inuitak bizi diren tokian, 47 gradu zero azpitik jasan zituen. Natura, paisaia, bertako jendearen bizimodua eta ohiturak biltzen dihardu Andoni Canelak. Artikoaren argazki osoa eta osatua egiteko helburua dauka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.