Eragingaitzei ere nola eragin?

Maite Asensio Lozano / 2012-12-06 / 1.570 hitz

Kontzientziei eragiten ari zaie krisi ekonomikoa. Gero eta ozenagoa da murrizketen aurkako deiadarra, baina gizarteari gero eta gehiago kostatzen zaio erabaki politikoak aldaraztea. Bake soziala hautsi da: krisi ekonomikoa herritarren ardura ez delako iritzia zabaltzen ari da; agintari politikoek txalo baino txistu gehiago entzuten dituzte agerraldi publikoetan; Interneteko sare sozialei sua darie; banketxeen egoitzak pintaketez josita esnatzen dira. Murrizketen aurka gero eta protesta gehiago egiten ari dira, gero eta pertsona gehiagok babestuta. Baina ez grebek, ez manifestazioek, ez eztabaidek, ez dute lortu lan erreforma, zerbitzuen pribatizazioa edota BEZaren igoera geldiaraztea. Hortaz, nola mobilizatu behar du gizarteak, erabaki politikoetan eragina izateko?

Erantzun argirik gabeko galdera izan arren, eragileek argi dute argazkia: klase politikoa inoiz baino irazgaitzagoa da egun, baina ezinbestekoa da mobilizatzen jarraitzea. «Etsipenetik ez dago ezer egiterik», esan du Sonia Gonzalez LAB sindikatuko Komunikazio idazkariak. «Agintean daudenek ikusi behar dute gizartea zer pairatzen ari den. Ez badago mobilizaziorik, berean jarraituko dute, eta hondamenera eramango dute gizartea», erantsi du Patxi Agirrezabala ELAko komunikazio arduradunak.

Mobilizazio ereduei buruz etengabeko hausnarketan dira sindikatuak. Baina orain «are premiazkoagoa» dela antzematen du Gonzalezek, «botere politikoak gero eta esparru txikiagoa utzi nahi diolako protestari». Ildo horretan kokatu du greba orokorren eraginkortasunari buruzko eztabaida: «Askotan entzuten dugu ea zertarako egin behar dugun greba, erabakiak atzera botatzea lortzen ez badu. Maiz irizpide hori modu interesatuan zabaldu da, greba orokorraren balioa desbirtuatzeko». Protesten eragina murrizte aldera, agintariek egindako «lan handiaz» ere mintzatu da: sektore pribatuan, lana galtzeko mehatxua aipatu du; sektore publikoan, gehiegizko bihurtutako gutxieneko zerbitzuak.

Baina greba orokorrak bidearen zati bat direla azaldu du Gonzalezek: «Inflexio puntuak dira, eta garrantzitsuak, baina ezinbestekoa da mobilizazio iraunkorra antolatzea. Egoera honi buelta ematea prozesu oso baten emaitza izango baita, ala ez da izango». Izatez, sindikatuek ez dute inoiz agindu grebaren berehalako eraginik. Haiek ere badakitelako gaitza dela. Epe luzerako balorazioa egin du Agirrezabalak: «Kontzientzia hartzean asko irabazi dugu. Greba orokorrek lan ideologikoa egiten lagundu digute, alternatibak badaudela esplikatzen; enpresetan dauden langileentzat, kolektibitatearen eta klase izaeraren erakusgarri dira».

Iazko iraultza arabiarretatik xurgatu dute hainbatek berehalako eraginkortasunaren ideia, baina halakorik lor daiteke hemen? «Egun batetik besterako aldaketak ez dira inoiz gertatzen, ez Egipton, ez Tunisian, ez inon», erantzun du Mario Zubiaga EHUko irakasle eta politologoak: «Prozesu sozialak eta historikoak askoz geldoagoak dira. Iraultza ez da soilik boterean dagoena aldatzea, baizik eta askoz aldaketa sakonagoak egitea». Bat dator Joseba Argintxona, M-15 eta Ez Irentsi mugimenduetako kidea: «Petroliontzi batek ezin du kilometro bakarrean biratu, maniobra luzeagoa egin behar du. Denok gaude inertzia horretan sartuta».

Garaipen txikien bidetik

Petroliontzi hori kapitalismoa da, Tere Maldonado filosofia irakasle eta FeministAlde! elkarteko kidearentzat. Berak ere abiadura arazoak ikusten ditu, baina beste tankera batekoak: «Demokrazia oso astiro doa, eta horren kontra, egungo mundua, ekonomia kapitalista, izugarri azkar». Sistema osoa hankaz gora jartzea zail ikusten du, baina «garaipen txikiak» egon direla nabarmendu du, eta garaipen txikiok pilatuz bidea urra daitekeela pentsatu nahi du. «Nire ustez, galdera nagusia da nola lortu hegemonia aldatzea. Borroka ideologikoa egunero egin daiteke: sare sozialetan, ikasgelan, tabernan… Horrek haztegi bat sortzen du».

Eta hala gizartea diskurtso berri bat eraikitzen ari dela uste dute eragileek. Etxe kaleratzeen arloan, adibidez, agerikoa da: bankuak ez ezik, pertsonak ere erreskatatzeko lelora bildu dira herritarrak, sindikatuak eta gizarte erakundeak, abokatuak eta epaileak, kazetariak eta aktoreak, politikariak eta instituzioetako ordezkariak… Orduan, iritzi publikoak gaiari buruzko adostasuna lortu badu, zergatik ari da izaten hain zaila etxe kaleratzeak geldiarazteko neurri egokiak abiatzea?

«Ez delako aski zabala artekaritza», Mario Zubiagaren ustez: «Badirudi sektore desberdinekoen arteko akordio batera heltzen ari garela, espero ez genuen lekuetara… baina gehiago behar da». Beharrezko jo du elkartzea, «deslotuta edo desmobilizatuta zeuden sektoreak artekatzea». Baita polarizazioa indartzea ere: «Gizartea banatuko duten diskurtsoak edo aldarrikapenak asmatu behar dira. Guk-besteak dikotomia eraiki, norberari interesatzen zaion ardatzen inguruan».

Demokrazia versus kapitalismoa. Hori Maldonadok aukeratu duen polarizazioa: «Demokraziarekin lotuz legitimatu izan da kapitalismoa, baina muturrera eramanda bateraezinak dira. Hori agerian uztea tokatzen zaio ezkerrari, salatzea hau ez dela demokrazia, parte hartze gehiago eskatzea…». Ildo horretan, M-15ek egindako eskaerak ontzat ditu, baina proposamenetatik harago joateko oztopo bat ikusten dio mugimenduari: lidergo falta. «Uste dut horrelako taldeetan adierazpenen puztutze moduko bat dagoela: egia da beste erakundeen bertikaltasunaren kontrako planteamenduak eskatzen duela mundu guztiari hitza zabaltzea, baina ez da eraginkorra. Gutxieneko bertikaltasun bat behar dugu, botere handi horren kontra egiteko. Masak gauza asko egin ditzake, baina norbaitek gidatu behar du».

Joseba Argintxonak onartu du M-15ari indarra falta zaiola, Euskal Herrian ekimen handiak martxan jartzeko. Uste du, halere, oraindik ez dela «egoeraren larritasunaren neurriko erantzun jarrai eta zabalik» egon. «Goitik behera presio handia dago, merkatuek-eta egiten dutena, baina behetik gora ez dago horri aurre egingo dion adorerik. Behekoekin interlokuzioan dauden sindikatuek eta beste solaskide sozialek hartu behar dute ardura».

Bada, lekukoa hartuta dute. 50 taldetik gora batuz, murrizketen aurkako plataforma sendoa eratu dute aurten eragile politiko, sozial eta sindikalek. Elkarlana funtsezkoa da, «neoliberalismoa oso zabala delako», Patxi Agirrezabalaren hitzetan: «Ez dira lan baldintzak edo etxebizitza politikak bakarrik, testuinguru osoa baizik. Aginte politikoek men egin diete interes ekonomiko handiei, eta herritarrak baztertu».

«Erasoei erantzun osoa» ematea da helburua, Sonia Gonzalezen esanetan: «Eragile guztiok hartu behar dugu norbere esparrutik erantzuteko konpromisoa». Agirrezabalak gaineratu du «potentzialitate handia» duela elkarlan ildo horrek: «Aliantza hori zaindu behar dugu, ezinbestekoa delako, gero eta gehiago izan gaitezen, politikak errotik aldatzera behar ditzagun».

Oraindik esnatu gabe

Erantzuna gero eta zabalagoa den arren, kezkatuta dago Argintxona: «Jendeak ez du argi ikusten egoera zein larria den. Batzuek sentsazioa dute krisi honetatik aterako garela, hona ekarri gintuztenek aterako gaituztela. Hori ezin da hala izan; konturatu behar gara, eta horretarako argi hitz egitea botatzen dut faltan sarritan». Egonezin hori bera agertu du Mila Elorzak ere: «Zer egin daiteke momentu honetan gizartea esnarazteko? Nik uste nuen 2010ean edo 2011n, krisiaren ondorioz, jendea diru xahuketaz konturatuko zela, eta horren sinboloa AHTa dela ikusiko zuela».

AHT Gelditu! Elkarlaneko kidea da Elorza, 2000. urtean taldea sortu zenetik. Hamabi urteren ondoren, ez dute tren azkarraren proiektua bertan behera uzterik lortu. Desinformazioari eta haien aurkako kriminalizazio kanpainari egotzi dio, baina autokritika ere egin du: ez dute behar adina atxikimendu bildu. Neurri batean, diskurtsoan huts egin dutela onartu du: «Asko saiatu gara ingurumen kontzientziaren arlotik, bistakoa delako Euskal Herria bezalako lurralde batean zein kalte egingo duen; 10.000-15.000 lagunengana heldu gara, baina hortik gora ez. Iparraldean lotura handia dute lurrarekin; baina Hegoaldean, jende gehien bizi den lekuetan, hiriburuetan, oso lotura gutxi dute, edo batere ez».

Baina areago doa Elkarlana: gizarte eredua jartzen du auzitan, «pertsonak ahazten dituen kontsumo-kapital eredua», eta AHTa horren adierazle bat besterik ez da. Hartara, hausnarketa sakona ipini du taldeak mahai gainean, «sakonegia agian»: «Guk hain argi ikusten genuenez, uste genuen erraza izango zela jendearengana heltzea eta gure mezua zabaltzea. Baina konturatu gara gizartea erosokerian erori dela: erraz ohitu da kontsumoaren mundura, eta ez du errealitatea ikusi nahi».

Diskurtso hegemonikoaren indarra aitortu du Zubiagak ere, besteak beste, jendea «modu maltzurrean» harrapatzen duelako: «Kontsumoaren erosotasuna baliatzen du: ez du esfortzurik eskatzen, ez delako pentsatu behar, ezta erabaki ere… Kontsumoak asetzen gaitu». Baina ohartarazi du diskurtso horri pitzadurak hasi zaizkiola: «Krisi egoeran sinesgarritasun arazoak ditu: jada ez du jendea asetzen, eta ez du etorkizunik eskaintzen».

Halakoetan, ordea, arrazoia izatea ez da nahikoa, Tere Maldonadoren aburuz: «Politikan, negoziazioa elkarrizketa baino garrantzitsuagoa da. Gai askotan dugu arrazoia, baina, eraginkor izateko, kontua ez da argudio onak edo txarrak ematea baizik eta presioa egiteko gaitasuna edukitzea». Gezurtzat du besteak konbentzituz aurrerapausoak lor daitezkeela, «bestela ez litzateke lobby-rik egongo». Beraz, ezinbesteko ikusten du estrategia bat lantzea, marketin egitea, presionatzea, kinka larrian jartzea… «Borroka batzuk aurrera ateratzen dira [boterea daukatenek] ikusten dutelako auziak eskuetatik ihes egingo diela».

Gogoeta horren bidetik, mobilizazioez eta sormenaz mintzatu da Zubiaga: «Berrikuntza taktikoaren ikuspegia txertatu behar da: errutinak apurtu, egunerokotasunaren diseinuan desorekak eragin, sistemak ez dezan jakin nola erantzun». Gaineratu du esparru horretan tresnei eta jarduerei buruzko hausnarketa falta dela, baita eragile handien konpromisoa ere: «Berrikuntza talde txikietatik etorri da beti, naturala da, baina masak berak oso isolatuta uzten ditu ekimenok».

Desobedientzia, giltza?

Berrikuntzaren ideia desobedientziaren bidetik ari dira urratzen eragile batzuk. «Esparru mugagabea du», zehaztu du Zubiagak. AHT Gelditu! Elkarlanak badaramatza urte batzuk erresistentzia eta desobedientzia lantzen, baina esfortzua kontrako bihurtu zaie orain arte, Mila Elorzaren hitzetan: «Indar politiko eta polizialaren errepresio gogorra jasan dugu. Herritarren eskubideak zelan joan diren murrizten argi ikusi dugu».

Izan ere, protestatzea eta desobeditzea ere gero eta zailago dago. Berriki Katalunian gertatutakoa izan du hizpide Zubiagak: autobideetako bidesariak ez ordaintzearen aldeko No vull pagar kanpainak lortutako masa kritikoa aintzat hartu ordez, zigorraz erantzun du Generalitateak; ordainlekuetako langileei agintaritza estatusa emango die, eta hala isun automatikoak jarri ahal izango dituzte. «Azken urteetan desdemokratizazio prozesua basatia izan da arlo guztietan», berretsi du EHUko irakasleak.

Hala ere, badaude baikor izateko moduko esperientziak. Abortatzeko eskubidearen aldeko borroka izan du gogoan Maldonadok. «Esan zezaketen abortatzea hilketa zela, baina orduan mundu guztia ari zen masan hiltzen; ez zegoen sinesterik». Abortatzea egotzita, Basauriko (Bizkaia) 11 andrazko atxilotu zituzten 1976. urtean, mugimendu feminista indartsu zebilen garaian. «Katolizismo faxista oso gogor batetik ateratzen ari ginen, eta Europa beste leku batean zegoen. Hura anakronikoa zen. Beraz, masan autoinkulpatu ginen. Delitua dela? Bada, denak kartzelaratu beharko gaituzue, 20.000ak».

Azken batean, aldaketak ekimenetik sortuko direla ondorioztatu dute eragileek. Argintxona: «Erantzun sozialak eta ekonomikoak eratzeko garaia da. Munduan egoteko beste modu bat asmatu behar dugu». Zubiaga: «Esperientzia txikietatik abiatuta, eredu alternatiboak garatzen joan gaitezke. Azken batean, herri txikia gara: elikadura subiranotasunerako egitasmo serio bat martxan jarriz gero, oso aldaketa handia lor daiteke». Eta horretan ez dago zertan besteen zain egon; aldebakartasunaren indarra nabarmendu du politologoak: «Zuk zure bidea egin, eta oztopoak topatzen dituzunean, saiatu gainditzen, edo saihesten».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.