Euskal Herriko Erroma

Iñigo Astiz / 2012-12-12 / 1.243 hitz

Handia izan da euskal arkeologoek erromatar ondarea aztertzeko azken hamarkadetan egindako lana, eta Iturissa izeneko hiriaren aurkikuntza da azken emaitza. Baina oraindik ere asko falta dela diote.

Kontrakoa zen garai batean ustea, baina argi mintzo dira harriak gaur egun: Euskal Herriak asko du Erromatik. Eta ez da gune lauetako kontua soilik. Orokorra da argazkia. Nabarmena izan da azken urteetan arkeologoen lana, eta asko izan dira agertu eta ikertu diren erromatar garaiko aztarnategiak. Zientziak mitoak eraitsi dituela diote adituek. Lanbro zena badoala mapa bilakatzen. Baina zertan da erromatar ondarea egun? Zer espero daiteke hurrengo urteetan? Aurizberrin (Nafarroa) aurkitutako erromatar garaiko aztarnak izan dira azken albistea. Lehen zundaketak baino ez dituzte egin oraingoz, baina hiri handi baten arrastoak aurkitu dituzte, eta baita bidearen kokapena markatzeko bi miliario ere. Iturissa dela diote horregatik. Harribitxi bat, Pirinioetan halakorik inoiz topatu ez delako. Harribitxi baten promesa, zehatzago esatearren, oraindik ere ikerketa sakonagoak egitea baita asmoa. Etorkizun denaren abisu ere izan daiteke aurkikuntza, arkeologoen ustez, oraindik ere asko baitago agertzeko.

«Gutxi gorabehera eraikitze fasean» dago oraindik euskal arkeologia, Mertxe Urteagaren hitzetan. Irunen (Gipuzkoa) dagoen Oiasso museoko zuzendari eta Arkeolan enpresako kideetariko bat da, eta baita erromatar garaiaz Euskal Herrian dagoen aditu nagusietariko bat ere. Ez du gutxiespen asmorik. Dioenez, lan handia egin da azkenaldian, baina esperientzia metaketa baten beharra omen dago oraindik. Izan ere, lehen arkeologo belaunaldietariko bat da haiena. «Historia baino gehiago antropologia egin dugu hemen nagusiki. Iragana aztertu beharrean, orainaldia aztertu nahi izan dugu: Zergatik gara euskaldunak? Erromatarrei aurre egin eta hemen erromatarrik ez zela sartu esaten zuen teoria horietako batek, eta horregatik mantendu zela hizkuntza. Beharrezkoa zen azalpen hori. Baliagarria izan da, gainera, azken ehun urteetan, baina azalpen hori ez da egia». Eta hor sartzen da arkeologia.

«Erromatar garaiko ondarea Euskal Herrian oso garrantzitsua da. Azken hamarkadetan urrats handiak egin dira, eta probintzia guztietan ikerketa sakonak egin dituzte». Juantxo Agirre Mauleon arkeologoarena da balorazioa. Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia da, eta bera izan da Iturissa aurkitu dutenetariko bat. Dioenez, hedatuz joan da Erromaren mapa Euskal Herrian urteekin. Garai batean Araba eta Nafarroa ziren aztarnategi nagusien guneak. Lautadak, alegia. XIX. mendean ere ezagun ziren Arabako Iruña-Veleia eta Nafarroako Iruña-Pompaelo, baina Bizkaian eta Gipuzkoan ere aztarnategi garrantzitsuak agertu dira. Zarautzen, Irun inguruan, Baionan… Eta hori da Iturissaren berezitasuna ere. Esparru berri bat ireki du ikerketarako.

Atlantikoko erromanitatea

Geografiak badu eraginik, Agirre Mauleonen hitzetan. «Maite zituzten erromatarrek galsoro luze eta handiak, beren lurraldekoen modukoak. Baina oso gai ziren mendiak gainditzeko, beren bidesareak Europako mendebalde osoan zabaldu eta kostalde guztietan portuak ezartzeko. Mediterraneo kutsua duten eremu lauetakoa da irudirik tipikoena, eta Araban eta Nafarroan daude irudi horretatik gertuen daudenak. Baina azken hamarkadetako emaitza handiena hortik kanpoko aztarnak aurkitzea izan da. Esan dezakegu erromatar kultura zabaldu zela gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriko lurralde osoan».

«Atlantiko aldeko erromanitatea». Hala izendatzen du Urteagak bere inguruko aztarnategien izaera. Oiasso, Getaria, Eskoriatza… Anfiteatro erraldoirik ez zelai zabalen erdian, baina horrek ez du esan nahi garrantzitsuak ez direnik. «Nafarroan eta Araban errazagoa izan da aurkikuntzak egitea, eta lana badago egina. Hemen, Gipuzkoan, basoek eta belardiek estali egiten dituzte aztarnategiak, eta haiek topatzeko baliabide gehiago behar dira. Bizkaian atzerago doaz. Baionan, adibidez, ez; IV-V. mendeko erromatar harresiak ere badituzte bistan! Eta Donibane Garazin ere kanpamentu zahar bat dago, eta hor dago Urkuluko dorrea, eta…».

Lehen mailako arrastoak daudela dio Urteagak; «baita inperioko eskalan ere». Meategien kasua jartzen du adibidetzat. «Puntu potolo bat eginda koka dezakegu Europako mapan Aiako Harriko aztarnategia, eta Aralarren ere hasi dira azaltzen arrasto batzuk. Baina ez da hori bakarrik, hor dago Arditurriko lurpeko akueduktua, eta Oiassoko kaia izan zen penintsula osoan aurkitu zen gisa horretako lehena». Bideak dira, halere, aztarnategien sarea ulertzeko gakoa. Urteagak mapa marraztu du, hiru bide nagusirekin: «Tarraco-Oiasso bidea dago, batetik; Kantauriko kostakoa, bestetik, eta Iruñetik Ibañetara, Iturissara, Donibate Garazira eta Akize ingurura heltzen zena. Komunikabideen aldetik, oso gune garrantzitsua izan zen».

Azpiegituren beharra

Etorkizuneko erronkez aritzean bat datoz bi adituak. Biek espero dituzte aurkikuntza gehiago hurrengo urteetan, baina ez omen da hori garrantzitsuena. Deskubrimenduaren zirrara gorabehera, luzera begirako lana aldarrikatzen dute biek. Agirre Mauleon: «Oso garrantzitsua da lantalde iraunkorrek urteetako eta urteetako lanarekin bildutako jakinduria. Eremu menditsuenetan, noski, erromatar aztarnak bilatzea zailagoa da. Iturissa oso kasu ederra da, baina hasiera baino ez da hau. Gune horrentzat babes neurriren bat lortzea da orain xedea, eta ikerlari sare on bat sortu eta jarraipen bat egin behar da gero».

Izenari leku bat jarri ahal izan diote Iturissan. Baina lanik ez da falta. Asko dira oraindik aurkitu ez diren hiriak. Izen zerrenda bat egin du Urteagak. Ergaue, Namanturisa, Curnonium, Tritium Tuboricum… Moconius Verus tribunoak egindako baskoien eta barduliarren 24 hiriren erroldan ageri dira izen horiek guztiak, baina ez da haien arrastorik topatu. Fantasma sorta bat da. Horregatik aipatu ditu arkeologoak. Oraindik egiteko dagoenaren neurria erakusteko. «Eta hiriak baino ez dira horiek. Falta dira herriak, portuak, landetxeak… Eta soilik baskoi eta barduliarrenak dira, gainera, hiri horiek. Falta dira autrigoienak, karistiarrenak eta tabeloenak…». Itxaropentsu mintzo da geroaz. «Saldoan etorriko dira aurkikuntzak hurrengo urteetan».

«Lurralde ikuspegi zabalago bat». Hori da datorren urteetan espero daitekeena Agirre Mauleonen hitzetan. «Euskal Herriko historia interpretatzeko gaitasun handiagoa izango dugu horri esker. Eta arlo guztietan izango ditu horrek ondorioak. Hizkuntzarenean, nekazaritzan, ekonomian, demografian… Datozen 30 urteetan lortuko da hori». Azpiegituren beharra azpimarratzen du horretarako Urteagak. «Gipuzkoan egiten dena Gipuzkoa barruan antolatzen da, eta berdin Bizkaian, Araban eta Nafarroan ere. Horren gainetik pasatzeko beharra dugu. Sare propio bat osatu behar genuke. Lurraldekakoak dira eskuduntzak egun. Arkeologook elkarrekin hitz egiten dugu, baina ez dago erakundeen koordinaziorik. Batera kudeatu behar lirateke proiektu batzuk, ikuspegi orokor bat ere behar dugulako. Azpiegiturak prestatu behar dira. Oso eskas gabiltza alor horretan».

Nortasunaren koxka

Ezaguna egin da Iruña Oka ondoan dagoen Iruña-Veleia aztarnategia (Araba). Euskal Herrian aurkitu den erromatar garaiko gune nagusietariko bat da. Garai batekoa da aurkikuntza, baina badira urte batzuk albiste bilakatu dela. Euskararen historiaz orain arteko teoriak irauli behar zituzten idazki batzuk aurkitu zituztela abisatu zuten 2006an, baina gerora faltsutzat jo dituzte hainbat adituk. Aranzadi elkarteak ez du iritzirik eman nahi izan pieza horien benetakotasunaz, eta Agirre Mauleonek ere ez du bererik eman. Baina ez da faltsutasunarena arazo bakarra. «Sinesgarritasuna galdu da alor guztietan, eta hori oso serioa da. Negargarria izan da». Antzeko hitzak izan ditu Urteagak ere. «Pena da», dio. «Ez dugu gaitasunik bereizteko ontzat hartu behar dugun edo ez. Baliabide horien hutsunea dago». Esperientzia zientifikoa metatuz joan ahala joango da hori aldatzen.

Umiltasuna aldarrikatzen du Arregi Mauleonek. Aurreratu duzaila izango dela erantzun zehatzik lortzea gerora ere. Dioenez, lanbroak lanbro jarraituko du zenbait gunetan. «Euskal gizartearen identitatea eta geroa arazo gisa hartzen da gaur egun ere, eta horren atzetik historian erantzunak bilatzen dira. Eta Europako herri guztiek bezala, identitate hori noiztik daukagun bila gabiltza historian. Eta, gaur egun, nagusiki euskararekin lotuta ulertzen dugu nortasun hori. Eta erromatarrekin heldu ziren euskarari buruzko lehen hitzak eta lehen aipamenak. Haiek ekarri zuten alfabetoa, azken finean. Horregatik pizten du halako interesa garai horrek, eta garai horren aurreko baskoienak. Baina galdera gehiegi dira harriei galdetzeko».

Erromatarrez harago jartzen du begia Urteagak, baina hizkuntzaz mintzo da bera ere. «Nik pentsatzen dut alde interesgarriena V. mendetik aurrera datorrela. Susmo hori badut. Zergatik mantendu zen euskara? Hori da galdera. Iberiarra galdu zen, eta galiarra, eta punikoa, baina gurea mantendu egin zen. Zergatik? Hori da asmatu behar duguna, baina argi dago ez zela izan erromatarrengatik. Haiei berdin zitzaien zer hizkuntza egiten zuen jende hark. Erromatar eredu hori galdu eta gero hasi gara ezberdinak izaten. Eta horretaz ez dakigu ezer. Eta erromatar garaia nolakoa zen jakitea lortuz gero, errazagoa da geroko hori aztertzea».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude