Euskarazko ipuinak euskarri digital interaktiboan

Juan Luis Zabala / 2012-12-08 / 168 hitz

Mikel Mendibilen ‘Zatiketak biderkatuz’ lana plazaratu du Luul taldeak, gurasoen banaketari buruzkoa. luul.eu webgunean dago eskuragai. BERRIA euskarazko bertsioaren sustatzailea da.

Haurrentzako ipuinak euskarri digital interaktiboan argitaratzeari ekin dio Luul taldeak, Mikel Mendibilek idatzi eta ilustratutako Zatiketak biderkatuz lana plazaratuz. Luul taldearen webgunean dago eskuragai lana (www.luul.eu), 2,17 euroan. Mendibilen ipuina irakurtzeaz gain, irakurleak hark egindako ilustrazioak mugitzeko eta haiekin jolasteko aukera izango du.

Hain zuzen, euskaraz sortutako lehen ipuin interaktiboa da Lizarran sortutako egitasmo hori. Tableta eta telefonoetarako aplikazio bat da; Apple store eta Google play dendatan deskarga daiteke. Durangoko Azokan aurkeztu dute, eta BERRIA da euskarazko bertsioaren sustatzailea.

Haur eta gaztetxoek euskarri digital interaktiboak maiz erabiltzen dituztela baina haietan euskarak oso presentzia urria duela jabetuta daude Luul-eko kideak, eta horrek bultzatu ditu proiektua abian jartzera.

Luul taldeko kideek gizarte ereduaren inguruan duten kezkak isla izaten du plazaratzen dituzten lan guztietan. Zatiketak biderkatuz ez da salbuespena. Gurasoen banaketaren gaia planteatu du egileak, Luulekoen enkarguz. Haur eta gaztetxoek familia eredu desberdinak naturaltasunez ikus ditzatela nahi dute Luuleko kideek.

Mendibilek aurten kaleratutako bigarren ipuina da Zatiketa biderkatuz, apirilean egile beraren Enara ttipia album ilustratua kaleratu baitzien Denonartean zigiluak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.