Fellinik maite zuen liburua

Mikel Lizarralde / 2012-12-05 / 441 hitz

‘Zerua gainbehera dator’ obraren itzulpena kaleratu du Igelak; Lorenza Mazzettik idatzia da, gerrako oroitzapenetan oinarrituta.
Philippe Claudelen eleberri bat eta Andrea Camilleriren beste bat ere argitaratu ditu.

Lorenza Mazzetti idazle eta zinemagile italiarrak (Florentzia, 1928) bere larruan sufritu zuen II. Mundu Gerran faxismoaren krudelkeria. 1944ko abuztuaren 3an, naziek izeba eta bi lehengusinak hil zizkioten Rignanoko sarraskian, eta osabak, Robert Einsteinek, berria jakin zuenean, bere buruaz beste egin zuen. Hura zuen familia Mazzettik, oso txikia zela gurasoak hil egin baitzitzaizkion.

Nerabezaroko oroitzapen haietan oinarrituta, Zerua gainbehera dator orain Igela argitaletxeak euskaraz kaleratu duen eleberri autobiografikoa idatzi zuen Mazzettik urte batzuk geroago. 1961ean argitaratu zuen, oihartzun handirik gabe, eta 30 urte ondoren, paradoxikoki alemanera Hitlerren botere-lagun baten alabak itzuli zuenean, bigarren bizitza bat izatea lortu zuen liburuak.

Xabier Olarra Igelako editore eta liburuaren itzultzaileak —Fernando Reyrekin elkarlanean euskaratu du— kontakizunaren edertasuna nabarmendu du: «Kontakizun hain latza izanik, umore momentu ikaragarriak ditu, umeek ia-ia nahi gabe sortzen dituzten horietakoak». Agian horregatik, Federico Fellinik bere liburu gogokoenen artean zuen Zerua gainbehera dator, eta behin baino gehiagotan aipatu zuen inoiz ez zela horrenbeste dibertitu liburu bat irakurtzen.

Paradoxikoa bada ere, Mazzettik ahaztu nahi izan zuen gaztetan bizi izandakoa. Baina horrek loa kentzen zion. Haluzinazioak zituen, gaixotu egiten zen. Haren koinatu batek, psikiatra baitzen, bultzatu zuen idaztera, oroitzapenak paperean agertzera. Lehenengo orriak idatzi ondoren, zakarrontzira bota zituen. Baina lagun batek bultzatu zuen idazten segitzera. «Horregatik ere bada hunkigarria. Liburu hau izan zitekeen sekula ez idatzia, baina idazten jarraitu zuen, eta obra zoragarri hau da emaitza».

Fernando Reyk nabarmendu du haurraren mundu ikuskeratik dagoela idatzia liburua: «Umearen pertzepzioan bi errealitatek dute sekulako indarra eta eragina: faxismoaren propagandak eta dotrinak, hemengo jendeari ere, adin batetik gorakoei, ezaguna egiten zaien errealitate bat: faxismoa, integrismo erlijiosoa, nazionalkatolizismoa».

Montalbanoren hasiera

Andrea Camilleriren Uraren forma eta Philippe Claudelen Ikerketa ere kaleratu ditu Igelak, aurretik ere argitaletxearen katalogoan zeuden bi egilerenak. Uraren forma Camillerik Montalbano komisarioari eskainitako saileko lehendabiziko liburua da, eta 1994an idatzi zuen. Orduz geroztik urtero-urtero kaleratu du libururen bat Camillerik, eta euskaraz ere badira bi argitaratuak: Gauaren usaina (Erein), Josu Zabaletak itzulia eta Hilabete bat Montalbanorekin ipuin bilduma (Igela), Fernando Reyk euskaratua. Ander Irizar itzultzaileak nabarmendu du Uraren forma lanean ezaugarritu zuela idazleak Montalbano: «Intuizio finekoa, ironikoa, kultua, kritikoa botere politikoarekin, mafiarekin…».

Ikerketa, berriz, Philippe Claudelek (Nancy, 1962) idatzi dituen lanen artean «sakonena, garratzena da, baina baita umoretsuena ere», Olarraren iritziz. Berak itzuli du Franz Kafkaren eta Aldoux Huxleyren oihartzunak dituen eleberri hori. Ikertzailea, protagonista, enpresa batean gertatutako suizidio sail baten nondik norakoak argitzera bidali dute. Enpresa dagoen herrira iristen denean, ordea, ohartuko da dena, taberna, hotela, enpresaren luzakinak direla: «Absurdoaren umorea darabil. Esan liteke Kafka ulerterrazago bat aurkezten duela liburuak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.