Harry Potterren ondoren, bada

Mikel Lizarralde  2012-12-21 / 458 hitz

J.K. Rowlingek helduentzat idatzitako lehenengo eleberria argitaratu dute euskaraz: ‘Eserleku hutsa’

Best seller etiketa eramateko baldintza guztiak betetzen ditu Eserleku hutsa eleberriak, J.K. Rowlingek (Yate, Ingalaterra, 1965) helduentzat idatzi eta argitaratu duen lehenengoak. Ez alferrik, Harry Potterren nobela sail ezin arrakastatsuagoaren sortzailea da Rowling, eta bere azken eleberriarekin ere jakin izan du irakurle talde handietara iristen. The Casual Vacancy —hori du jatorrizko izenburua— irailaren 27an argitaratu zuten Erresuma Batuan, AEBetan, Australian, Irlandan eta Zeelanda Berrian, eta handik hiru astera milioi bat ale zituen salduak. Dagoeneko salduak dituzte haren eskubideak 43 hizkuntzatara itzultzeko, eta BBCk liburuan oinarritutako telesail bat estreinatzeko asmoa du 2014an. Best seller-a bete-betean.

Irailaren 27 hartan ingelesez argitaratu zutenetik igaro den denbora laburrean euskaratu behar izan du Estibaliz Lizasok —Xabier Olarraren laguntzarekin— Eserleku hutsa, eta Alberdania eta Erein argitaletxeek kaleratu dute, itzulpenentzako Batera sailean.

Apustu bat. Hori da Eserleku hutsa Inazio Mujika Iraola Alberdaniako editorearen iritziz. Apustu bat Rowlingentzat berarentzat, gazteentzako liburuak egiten arrakasta izugarria lortu ostean helduentzako lan bat kaleratu duelako. Eta apustu bat bi euskal argitaletxeentzat ere, «ahalegin ikaragarria» egin behar izan dutelako. Liburua gaztelaniaz eta katalanez argitaratu duten egun berean izan da euskarazko itzulpena ere dendetan. «Ordulariaren kontra» lan egin behar izan dute Lizasok eta Olarrak. Alde horretatik, «eredugarria» iruditzen zaio itzulpena Mujika Iraolari. «Aise irakurtzen da, eta edozein irakurlek eskertuko du». Liburuaren 3.000 aleko tirada egin dute argitaratzaileek.

Bertute eta miseriak

Eserleku hutsa Pagford herri txiki asmatuan kokatu du Rowlingek. Eta, hain zuzen ere, herri horretako mikrokosmosa da nobelaren protagonista. Eleberria Barry Fairbrother zinegotziaren heriotzarekin hasten da, eta ustekabeko heriotza horrek herria nola aztoratuko duen kontatzen du idazleak ondorengo 550 orrialdeetan. Boterea eskuratzeko borrokan, biztanleen arteko pasio gaiztoak, bertute eta miseriak azaleratuko dira, eta horrek ondorioak izango ditu familietan, ikastetxeetan nahiz bikoteetan.

Harry Potterren sailean gaztetxo eta gazteengana fantasiaren bidez hurbildu zen, eta oraingoan gazteen erradiografia errealistagoa eta gordinagoa egin du Rowlingek. Izan ere, nerabeek protagonismo handia dute istorioan, eta «helduen mundu ulergaitzari» aurre eginez egiten dute bidea. Mujika Iraolak adierazi duenez, gizarte klaseen arteko berdintasunik ezari buruzko friso bat ere bada eleberria. Horrek XIX. mendeko «ibai nobelekin» lotzen du, nahiz eta istorioa gaur egun kokatua egon. «Rowlingek esan izan du XIX. mendeko ibai nobela horiek gustatzen zaizkiola. Hau ez da mende hartako nobela bat, baina badu kutsu bat».

Rowlingen beraren hitzak berreskuratuz, «tragedia komiko» gisa definitu du editoreak Eserleku hutsa; izan ere, nobela beltzetik bezala hartzen du komediatik.

Iñaki Aldekoa Ereineko editorean iritziz, Harry Potter-en saila «aldian behin» sortzen den literatur boom-a izan da munduan, eta irakurleak gehituz joan zaizkio liburuak kaleratu ahala.

Alberdaniak eta Ereinek nazioartean sona eta arrakasta lortu duten liburuak argitaratzeko sortu zuten Batera saila, eta Eserleku hutsa-k bildumako bederatzigarrena egiten du. «Argitaletxeen arteko sinergiak landu eta baliatu behar ditugu, eta bilduma aproposa da era honetako liburuak argitaratzeko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude