Hitz eta putz

Julio Soto / 2012-12-12 / 252 hitz

Lehengoek bazekiten hamalau zirela urrutiko intxaurrak, baina lau, gerturatuz gero lau. Galdetuko zenien, «ze martxa?». Eta erantzungo lizukete, «erori eta ezin altxa». Alperrik saiatuko zinen formulazio aldaketa batekin erantzunaren dotorezia lausotzen. «Ze berri?». Eta erantzungo lizukete, «zaharrak berri, gaztean kaltegarri». Badakizue, horrelako kontuak, erditik lotuak eta bi puntetan korapilatuak.

Lehengoek bazekiten balu, balitz eta balira hamalau anai-arreba zirela, eta guztiak gosez hil zirela. Eta goseaz ari garela, Fernando Amezketarra saiatu omen zen asto bat jaten eman gabe bizitzera ohitzen. Baina xuhurraren poltsak bi zulo, eta ikasi zuen egunean hil omen zen asto gaixoa. Behin, eraman omen zituen bi asto itsu feriara, eta ezetz, ez zutela inongo arazorik. Hori bai, ezin zutela elkar ikusi. Alferrik jarri zituen erostunak astoak ukuiluko alde banatan. Iritsi omen zen Lazkao Txikiren belarrietara halako emakumea «viuda» gelditu zela, eta Txikiak: «Bi uda? Negu bat baino hobea. Ez al dakik alarguna esaten dela?».

Umeei kantatzen zitzaizkien bertso zaharrak sutondoan. Bazekiten mila bederatziehun eta lehenengo urtean Orion bale bat azaldu zela. Paisaiako plazatik zetorrela notizia. Eta iturrian, ardotxo zuria zegoela. Kontatzen zitzaizkien ipuinak lokartu aurretik. Entzunak, sortuak. Zaharrak, berriak. Bero zegoen sutondoa, bero ahozko transmisioa. Ikusi makusi, zer ikusi?

Lehen ere maite zuten jolas egitea. Umeek eta ez hain umeek. Baina besterik ez, eta hitzarekin egin behar izaten zuten. Hitza solas. Hitza jolas. Solasarekin jolas. Eta ez naiz ari lehengoak mitifikatzen. Margo ederrenek zirriborratzen dute gure herria hitzeko eta hitzezko. Baina hitzak, haizeak eraman ditu. Eta salbuespenak salbuespen, hitzeko izateari utzi diogun bezalaxe, beldur naiz hitzezko izateari ere utziko diogula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude