Kmniktzeko era aldtu dun trsna

Lander Muñagorri Garmendia / 2012-12-11 / 1.282 hitz

Hogei urte igaro dira ordenagailu batetik sakelako batera lehenengo SMSa igorri zenetik. Orduz geroztik, milioika mezu bidali dituzte mundu osoan. Baliabide horrek elkarrekin komunikatzeko modua eta hizkuntza bera ere aldatu du.

Ingelesezko bi hitzek idatzizko komunikazioaren geroa aldatu zuten duela hogei urte. «Merry Christmas» (Eguberri on) zioen mezuak eduki aldetik ez zuen garrantzirik izan; moduak, ordea, sekulakoa: ordenagailu batetik sakelako telefono batera bidali baitzen mezua. 1992ko abenduaren 3a zen, eta Neil Papworth ingeniari britainiarrak Richar Jarvis Vodafone enpresako lankideari historiako lehen SMS —Short Message Service— mezua bidali zion. Horren ondoren, milioika etorri dira, eta komunikatzeko modua eta hizkuntza bera ere aldatu dute.

Etorkizunik izango ote duten, ordea, ez dago garbi. «Sistemak, pixkanaka bada ere, desagertzeko joera du. Komunikazio tresnak Interneten egongo dira, eta, bertan, badira une honetan funtzio bera duten aplikazioak», dio Urtzi Jauregibeitia Ideatecako product managerrak. Baina oraindik, komunikatzeko garaian garrantzi handia daukate sakelakoetako SMSek. Eta horren lekuko da aurten mundu osoan igortzea espero den mezu kopurua: 6,7 bilioi mezu. Hau da, segundo bakoitzeko 190.000 mezu. Eta aurreikuspenek ez diote arrazoirik ematen Jauregibeitiari. Izan ere, 2016an 9,4 bilioi mezu bidaliko direla aurreikusten da, eta horrek 127.000 milioi dolarren irabazia sortuko luke —98.000 euro inguru—. SMSek, beraz, jarraipena izango dute etorkizunean.

Baina Internet bidezko komunikazioak gora egitea aurreikusten bada, zer dela eta SMS mezuen hazkunde hori? Internet barruan daukaten sakelakoen kopurua hazten ari da azken boladan, baina ez mundu guztian. Beraz, Europan gero eta sakelako telefono bidezko mezu gutxiago bidaltzen dira, baina Asia, Afrika eta Hego Amerikan areagotzen ari da baliabide horren erabilera. Eta hori izango da datozen urteetan SMSen kopurua emendatuko duen baldintza.

Lekuetatik, pertsonetara

Baina esames-en —SMS mezuak izendatzeko, Anjel Lertxundik egokitu zuen hitza— hazkundea eta arrakasta ezerezean geratuko zen, sakelakoak zabaldu izan ez balira. «Aurrerapauso handia izan zen, bere garaian beste komunikazio bide bat zabaldu zuelako», dio Jauregibeitiak. Baliabide berri horiek agertu aurretik, lekuetara deitzen zen pertsona batekin hitz egin nahi baldin bazen. «Sakelakoek hori erabat aldatu zuten, pertsonei dei egiten baitiegu orain».

Baina duela hogei urte bidali zen lehen mezu hori ez zen kasualitatearen ondorio izan. 1980ko hamarkadaren hastapenetan GSMA enpresa mezu bidezko testuen historiaurrea lantzen ari baitzen. Baina ez zen gizarte osoari eskaintzeko baliabide gisa ikusten. Alderantziz: telekomunikazioan lan egiten zuten pertsonek elkarrekin komunikatzeko tresna izango zela uste zuten lehen urratsak egiten hasi zirenek. Zertarako? Interneten gerta zitezkeen arazoak konpondu ahal izateko.

Baina denborak erakutsi du hastapen horietako asmo horiek txiki geratu zirela. Izan ere, teknologia berriari kosta egin zitzaion jendearengana iristea. 1993an, SMSen erabilera sustatuko zuen lehen enpresa sortu zen Suedian, eta ondoren, Erresuma Batuan, AEBetan, eta Norvegian ere antzeko esperientziak azaldu ziren. Baina saio hutsak izan ziren. Zergatik? Mezu bakoitza bidaltzea telefono dei bat egitea baino garestiagoa zelako. Horren ondorioz, ia zazpi urtez egon zen teknologia gizartearen onarpen eta erabilerarik gabe.

XX. mendea azken hondarrean zela, ordea, SMS bakoitza bidali ahal izateko prezioa jaitsi egin zen. Horrenbeste, telefono dei bat egitea baino merkeagoa baitzen dagoeneko. Era horretan hasi zen sakelakoen arteko mezuak gizartean orokortzen eta ohiko bihurtzen. Beraz, idatzizko mezuek deiei tartea jan zieten, «eta audio bidezko telefono komunikazioak beste maila batera igaro ziren; hau da, izaera garrantzitsuagoa hartu zuen». Gauza arrunt edo ohikoetarako, esames-en erabilera areagotzen hasi zen horrela.

Baina komunikatzeko modu horrek ere beste ondorio batzuk ekarri zituen berekin. «Ezagunekin komunikatzea errazagoa zenez, gero eta harreman gehiago genituen elkarrekin», dio Jauregibeitiak. «Mezuak laburrak ziren, baina gero eta gehiago kontatzen genion elkarri, eta gero eta azkarrago, gainera. Denboraren muga apurtu egin zen», dio. Era horretan, une oro mezu bat bidali ahal izateko aukera horrek gero eta gehiago kontatzeko aukera ematen duela uste du Ideatecako kideak. «Esaterako, gaur egun gauza bera geratzen ari da sare sozialekin».

Hizkuntzarekin jolasten

Baina elkarrekin komunikatzeko modu horrek hizkuntzan ere eragina izan zuen. Izan ere, SMS bakoitzean 140 karaktere soilik sartzen ziren, eta hizki kopuru horretan nahi zen guztia esateko hizkuntzaren ekonomia erabiltzen hasi zen jendea. Eta horrek hizkuntzalari eta gramatikaren defendatzaileengan buruhauste ugari sorrarazi zituen. Esaterako, Esan dizut idatzi beharrean, aurrerantzean Esn dzt idatziko zen. Eta horrek nahasmena eta eztabaida ugari ekarri zuen gizartera, idazkera hori egokiena ote zen edo ez zalantzan jartzeraino. «Munduan, sektore kontserbadoreenek idazteko modu berri horren aurkako jarrera agertu zuten, eta Euskal Herrian, berriz, euskaltzaleen artean sortu zen zalantza hori», Kike Amonarriz hizkuntzalariaren esanetan. Baina berak argi du: «Euskararentzat esparru berri bat sortu zen. Esparru librea, jolastia eta sortzailea».

Teknologia berrien agerpenak, oro har, komunikatzeko esparru berriak sortzeko lagundu du, baina aldaketa nagusia hizkuntzarena izan dela dio Amonarrizek: «Iraultza, berez, linguistikoa izan da». Horregatik, idazteko modu berri hori ezin da ikusi idazkera formala epaitzeko erabiltzen diren irizpide berdinekin. «Arauaren aurkako jarrera gisako bat izan da jarrera hori». Gainera, euskararen kasuan lehen aldia izan da idazkera informal bat agertu dela, eta hori «fenomeno soziokultural berria» dela uste du. Horregatik, fenomeno horri ohiko ikuspegi formaletik begiratu beharrean, beste era batean begiratu behar zaiola uste du Amonarrizek.

Hori dela eta, arazoa ez da nahi den moduan idaztea eta akats ortografikoak egitea. Alderantziz. Euskara erabiltzean dago gakoa. «Ahozko hizkuntzaren isla da esames-etan erabiltzen den idazkera». Beraz, ahozkoan erdaraz hitz egiten duen pertsonak ez du euskaraz idatziko. Aldiz, euskalki bat erabiltzen duen pertsona batengan ohikoa izango da bere hizkera agertzea. Horregatik, kontua euskararen erabilera sustatzea da. Berak aipatzen duen esparru libre, jolasti eta sortzaile hori erabiltzea, hain zuzen.

Nolanahi ere, jakitun da horrek arazoak ere ekar ditzakeela. Alegia, lekuari dagokion erregistroa erabiltzen ez jakitea, hain zuzen ere. «Baina erakutsi behar dena da erregistro formala eta informala zer den. Hori ikasita, hortik aurrerako guztia jolasa da», dio.

Eta hori inork baino hobeto daki Amonarrizek. Izan ere, esames-ak gizarteratzen hasi ziren garaian, hizkuntzarekin «dibertitzeko» hitzaldiak ematen aritu baitzen Zazpiak Batman kolektiboko kideekin batera. Era horretan, esames-ak nola idatzi proposatzen aritu ziren han eta hemen. Horrela, gizartean areagotzen ari zen eztabaidan parte hartu zuen kolektiboak XXI. mendearen lehen urteetan.

Baina parte hartze hori ez zen hor amaitu. 2003an, hiztegi bat ere argitaratu baitzuten. Lazkaoko (Gipuzkoa) San Benito ikastolak Kilometroen festa antolatzeko ardura zuen urte hartan, eta Euskrz 2zi ny dt leloa aukeratu zuten. Hizkuntzaren ekonomia gizarteratzen ari zen seinale. Eta leloaren jokoari jarraikiz, esames-en hiztegi bat egiteko eskatu zioten Zazpiak Batmaneko kideei. Bertan, hizkuntza nola erabili behar den azaltzen zuen. «Bertan argi jartzen genuen lehenbiziko araua zein zen: araurik ez dagoela». Oinarri horretatik abiatuta, hizkuntzarekin jolasteko bide berri bat eskaini zuten.

Amonarrizek onartu duenez, hiztegi horretan biltzen ziren adierazpide ugari ez dira erabiltzen. «Baina helburua ez zen hori. Esames-ek garai hartan sortzen zuten zalantzak argitu nahi genituen; jendeari esan nahi genion hizkuntzarekin jolastu zitekeela», dio. Eta ondoren iritsi zen ETB1eko Mihiluze saioko probetako bat: esames-en hizkuntzan oinarritutakoa. «Harro egoteko modukoa da: nik uste telebistan lehiaketa batean esames-ak erabili dituen lehen hizkuntza euskara izan dela».

Garapena ez da amaitu

Baina hizkuntzaren garapena eta jolasa ez da amaitu oraindik. «Aldaketaren eta iraultzaren lehen oinarriak esames-ak jarri zituen, eta gerora etorri dira besteak», dio Amonarrizek. Tresna horri esker, gizartea ohartu zen hizkuntza erabiltzeko beste modu bat sortu zela. Baina garapen teknologikoa ez da amaitu, eta ondorioz, aurreikus daiteke hizkuntzarena ere ez dela amaitu. Esaterako, Twitter bidez atzizkirik gabe idazten da.

Baina esames-ek ere teknologian mugarria jarri zuten. Izan ere, «teknologiaz aparte, gaur egungo baliabideak eta SMSak funts bera daukate», Jauregibeitiaren esanetan. Izan ere, une oro argazki eta bideoak partekatzeaz gain, hitz bidez ere komunikatzeko aukera eskaini baitute esames-ek, baita gaur egungo baliabideek ere. Horregatik dio, SMSen funtsa «beti gurekin» egongo dela, baina formatu berrietan.

Orain, ordea, deien txanda dela uste du. «Urte batzuetan ikusiko dugu nola dei guztiak Internet bidez egingo diren. Gure sakelakoak Interneterako atea izango dira, besterik ez». Teknologia aldatuko den heinean hizkuntzak ere atzetik jarraituko duela uste du Amonarrizek. Baina aldaketek beldurra sortzen dutela esan ohi da. Hein horretan, eztabaidarako iturri izango ote den ikusteko dago. Euskaraz den bitartean, ongi etorria izan dadila.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.