Lucien Etxezaharreta: «Bizi garen puntutik duintasun eta ardura bat badugu»

Nora Arbelbide / 2012-12-11 / 1.964 hitz

‘Begira’ bakarkako bigarren liburuarekin dator plazara, 18 urte zituenetik hona idatzi hainbat testu eta poema elkartuz; «hitza hartzea» garrantzitsua zaio, hitzek indar bat dutelako «gauzen kanbiatzeko»

Testuak «hormagailutik» ditu atera angeluarra bilakatu den baiones hazpandarrak. François Rabelais du gogoan, Gargantua-n aipatzen dituen «hitz hormatuak. Geldi-geldiak direnak berotu behar direla biziaraziz. Hitza hartu behar dela, hots». Eta hala egin du Lucien Etxezaharretak. Maiatz aldizkari eta argitaletxeko arduradun gisa ere ezagutua, horra hor Begira (Maiatz) liburua, bakarkako bigarren lana duena. Testu eta poemaz osatua, haietako batzuk jadanik argitaratuak zituen hainbat aldizkaritan. Lehenak 18 urtetan idatziak zituen; azkenak, ez hain aspaldi. Barreiatuak anitz, hor, halako bilketa lan bat egin du.

Hormagailu ona duzu, iduriz.

Kontua da idatziak egoten direla. Ene kasuan, hasi nintzen Herria-n agertzeko idazten 17 urte nituelarik. Geroztik, beti izkiriatu dut aldizkarietan. Garai horietan, biziki abertzale sutsu horietarik nintzen, eta Euskal Herriko kolonizazio hori biziki bortizki jasaten nuen. Horrelako gauzen salatzeko, edo, edertasunari buruz, maitasunari buruz, sentimendu batzuk agertzeko, batzuetan jalgitzen dituzu testu batzuk.

Ofizioz ere kazetari izateak eragina izan du idazteko automatismo horretan agian?

Kazetaritza eta aldizkari mundu horretan egonez, beti banuen zerbait izkiriatzeko. Eman dezagun torturaren kontra. Ene buruari ari nintzen, zer izkiria nezake horrelako gauza baten salatzeko… Denborarekin lagunak hiltzen ikusten dituzu. Batzuetan horrek ematen dizun minaz ere zerbait izkiriatzen duzu.

Hitzak laguntza moduan?

Bizian min handi batzuen ondotik idazteak laguntzen ahal du. Bakoitzak baditugu gure esperientziak, baina ohartu naiz horri… beharbada ideia faltsu batekin baina… hitz horiekin biziko zela gehiago. Ez delarik onartzen heriotza. Batzuk, omen, onartu behar dela, naturala dela. Ez dut onartzen nik, segurik.

Baina hitzak iraun dezake?

Idazten delarik, sorkuntza guztiek bezala, heriotzaren, ezabatzearen, galtzearen kontra egiten dela, iraupenari halako desafio bat eginez. Zer uzten ahal dugu besterik? Idatziak badu abantaila hori, nahiz eta egun hainbeste idatzien artean…

Sakoneko gaiak dituzu jorratzen liburuan, barne-barnekoak…

Gauza sarkorrak dira anitz, bai. Eman dezagun, Mikel Laboak kantatzen zuen Xoxo beltza. Hil zen xoxo hori ehortzi zuela norbaitek landa batean eta kantuz entzuten duela. Eman dezagun bertsoka ari dela xoxo hori, zer erran lezake? Horrelako gauzak seriosak direla uste dut.

Liburuan agertu aspaldiko testu andana bat zaku batean ahantziak harrapatu zenituen, berezia izan behar du horrek ere, ezta?

Pixka bat inpresionatua egon nintzen. Begiratzen duzularik egin lanei, ari zara: «Hau arrunt molde ezaxolean egina da. Inuzentekeria bat da…». Eta batzuetan: «Koño, ez da hain gaizki». Zerbait izkiriatu nahi duzularik, batzuetan xerkatzen duzu formula zerbait gustukoa duzuna. Eta denborarekin ohartzen zara horrelako zerbait egin duzula. Bere indarra atxikitzen duela kasik 40 urteren buruan. Horrelako gauza batzuk bildu ditut. Azkenean, ohartu naiz nahi nuela erakutsi esperantza atxiki behar dela.

Zerbait ikasi duzu zeure buruaz horiek berriz irakurtzean?

Ene ezberdintasuna eta berdintasuna denbora berean. Jazartzeko gogo azkar batzuekin nintzen garaian ere.

Azken testu bat baduzu Ez leher egiteko, testu gordin bat, esperantzatik aski urrun dena alta…

Hordago bat da. Ez dut etsitu nahi, nahiz denak erakusten didan etsigarria dela mundu hau. Ez da pretentsio berezirik; denek egiten ahal dugu hori. Zahartzeak ekartzen du, beharbada. Bizkarreko minak ez direlarik gelditzen, iruditzen zaizu ez dela erremediorik deusetarako. Baina, halere, lurtar izatea ohore bat dela… Jacques Monodek Le hasard et la nécessité-n erraten duen bezala, uste dut badela duintasun bat Sapiens lurtar horietarik izatea. Bere liburua bururatzen du erranez umezurtzak garela mundu honetan. Eta horrek ematen digu eginbide berezi bat. Duintasun berezi bat asumitu behar duguna. Erranaldi ederra da, gogoetatzekoa. Bakoitzak asumitu behar dugu hori, garen tokian, gure iraultza propioa eginez. Uste dut horren asumitzeak duela duintasuna ekartzen. Azken batean, bizi garen puntutik duintasun bat badugu. Ardura bat ere bai. Ez dugu geldirik egon behar. Ez dugu bakarrik jan, digeritu eta hausnarrean ari izan behar. Behar dugu aitzinatu. Eta borroka hori sentitu dut banuela testu horietan. Eta, beharbada, norbaiti plazer eginen zuela hormagailutik ateratako horrek [irriak].

Idatzi, behar bat asetzeko?

Sentitzen da noizbait behar bat… Oroit naiz beti Manex Erdozaintzi- Etxartek erraiten zuenaz. Behar dela indar bat egin euskaraz leitzeko, eta gero zure saria baduzula. Baina egia da ez garela ohituak, baina balio du indar baten egitea.

Zuhaurren kasua da hori?

Nik ere horrela ikasi dut euskara hobeki. Ez da beldur izan behar perfektua izateaz. Hartako egin dut ere, beharbada; erakusteko ez dela jakintsu handia izan behar idazteko. Badira gramatika eta ortografia huts batzuk seguruaz ere, baina ez da hori gauza nagusia, iduri zait. Behar da goldea tiratu eta aitzina joan. Oldar bat hartu. Horretako, nornahik edo nahi duenak egiten ahal du hori… agian emanen dut pentsatzera.

Aipatzen duzu behar dela hitza hartu, aitzinatu, ardura bat badugula, baina zure liburua Begira deitzen da, ez da baitezpada ekintzarako dei bat hori…

Badakigu mundu honetan ez dugula deus atxikitzen ahal betiko, orduan, behako horrek ematen dio gure jendetasunari bere duintasuna. Gero, erraten da egiak begiak urratzen dituela. Begira hitzak egi hitza ere badu. Hartzen duzularik kolpe bat begian, itsutze horrek ere izugarrikeriaren itxura du. Gure gorputzeko parte minberena ere badugu begia…. Bestetik, munduari begiratuz ere ikasten duzu.

Duda anitz agertzen dituzu liburuan.

Maiatz-en hastapenean ohartu ginen duda agertzea biziki itsusi zela. Fedezko herri batean gara. Behar duzu Jainkoan, erlijioan, iraultzan, sozialismoan, sinetsi. Nahiz eta egun ez duen jende anitzek errepikatzen Euskal Herri sozialista nahi duela, baina garai batez sozialismoa agertzen zen erlijio gisa. Eta orain, ez dakigu hainbeste non den bidea. Bide pertsonala edo bide bereziak bilatu behar dira. Uste dut dudak galderak eta gogoetak sortzen dituela. Azken batean, agian horretara puxatu nahi dut. Bai, dudazko norbait naiz, nahiz aitzina joaten naizela uste dudan ene gauzetan. Dudak ez du erran nahi ez duzula deus egiten. Claude Levi-Straussek aipatzen zuen pesimismo lasaia…

Erlijioa aipatu duzula, baduzu testu bat Jesus erreferentziatzat duena. Zer harreman duzu erlijioarekin?

Ni giristino gartsu bat nintzen 18 urtetan. Ene hezkuntza izan baita anitzentzat bezala. Eta erlijio giristinoan, ebanjelioetan, iraultzarako, borrokatzeko aitzakia anitz harrapatzen ahal dira. Ebanjelioa gauza bat da; gero, Eliza beste sistema bat da. Sartzen delarik behar ez den tokietan astakeria eta krimen anitz egiten ditu.

Baina orain ez zara gehiago giristino gartsu hori, ezta?

Bai, utzia dut horrelako jainkoetan sinestea. Argi da enetako pertsonak duela jainkoa asmatu. Animista bilaka ninteke gehiago. Eguzkian, ilargian, urean sinestea naturala da biziki. Ez dut dudarik horretan. Badakit bizia hasten eta akabatzen dela. Baina ez sinesteak jainko batean ez du erran nahi ez zarela mistikoa. Uste dut hazi behar ditugula gure baitan diren sentimenduak, iraganari buruz, betierea. Behatzea izarrei aski da.

Erran daiteke anarkista zarela?

Uste dut munduko erremedioa ez dela estatu puxanten eraikitzea. Horiek dituzten tresneria, politika eta bidegabekeria automatikoetatik ez da munduaren etorkizun ona ateratzen ahal. Jendearen errespetuak eskatzen du espazio gune ttipi batzuetan errespetu horren obratzea. Mundua federazio handi bat bilakatzea, anarkismoa erran nahi du. Ez oraingo botere antolatuen onartzea, azkenean. Nork onartzen du hori gaurko egunean? Nola alternatiba bat eginen dugu ikusten dugularik Palestinako afera hori? Israelek eta AEBek ukatzen dutela 130 estatuk onartzen duten Palestinaren estatutu berria beste botere batzuk badituztelakoan? Botere horiek ekartzen dute ez dutela bizia errespetatzen ahal behar den bezala. Maila guztietan badira arazoak, familietan berean. Baina espazio ttipi, gune ttipi batzuetan pentsatzen dut jendea antolatzen ahal dela hobeki. Arrisku gutxiagorekin. Armadarik gabe, Costa Rica bezala. Etsenplu bakarra dugu munduan baina…

Haurtzaroa ere aipatzen duzu liburuan, gaurko mundutik urrun.

Aita langilea zen, Hazparneko lantegietan. Eta ene ama… Zazpi anai-arreba izan gara, ni zaharrena. Laborari mundu baten erdian bizi nintzen, ofizialeak baziren ere. Ene mundua zen, urik gabeko etxe bat. Gerla ondoko urte horiek ziren. Baina ez genuen sendi pobrezia bat bazenik, bazen elkartasun handi bat. Apeza zen pertsona gozo bat gure herrian. Uste dut jendeak aski uros bizi zirela, nahiz makur handiak ziren. Heriotza… horiek oro sentitu ditut ere, bereziki ez erran anitz. Makurrak direlarik ez dakizu xuxen zer pasatu den. Gero jin zait mundu horren garrantzia. Konprenitu baitut. Ene baitan bainuen. Ene hizkuntza hortik heldu da, ene lehen kultura. Euskara, kolore horiek. Eta ez ditut galdu nahi. Kolore hori ez galduz uste dut biziarazten dudala ene haur denbora, ene auzoak. Piale, Ttette, Luixa, Luberria… Horrelako jende batzuk, ene haur denbora ilustratu eta argitu dutenak.

Etxea ere berezia zenuen, eskola ohi bat zen, bazuena erre zen eremu bat, irudimena hazi dizuna…

Ez zen etxe normal bat. Elizako ondasun bat zen ene aita-amek alokatzen zutena. Etxe horretan banuen ene ganbera. Leihotik begira nintzen anitz munduari. Denbora horietan leitzen zenuelarik gordeka bezala egin behar zenuen argia ez gastatzeko. Argizari batzuekin eta.

Ez zinen bizi mendez mende transmititzen zen etxalde batean…

Ohartu naiz preseski, lur ondasun zerbait duten laborariek ez dutela mundua berdin ikusten. Anitzetan haiendako ondasun baten ukaitea beharrezkoa da. Nik ez dut horrelakorik hainbeste bilatu ene bizian. Beste zerbait egiten bainuen. Ez nuen beharrik. Ez gara sartuko psikoanalisi batean, baina egia da gure pertsonalitatea eraikitzen dela topatzen duzun jendearekin ere. Ene kasuan lizeoan izan zen. Zazpi urte egin baititut barnetegi batean. Anitz kanpoko jende ezagutu dut. Aljeriako gerla denborako aljeriar batzuk, Espainiako kontsularen haurrak, Bordeleko haur batzuk, urrunduak etxetik. Mundu gogorra zen, baina kultura ezberdin anitzekin. Anitz ikasi dut hor, enoatuz anitz. Errefuxiatuz liburuetan. Notre dame de Paris eta halako liburuak 13 urtetan leituz, Esmeraldaz amets egiten duzu…

1968ko Frantziako maiatzak ere ukan du eraginik zure baitan…

Mundu zaharkitu hori inarrosi nahiz, hori zen 68ko maiatza. Zaharkeria horiek ferra futre igortzea. Plazer egiten du. Ikusi behar da nola mintzen ziren orduko jaun handi horiek. Eta mundu horretan dena kanbiatzen… Eta gu zer ari gara? Euskaldun ikasle horiek, beren karrera prestatzen, zintzoki, frantses administrazioan sartuz edo ingeniari ofizioetan, edo frantsesa irakasteko nonbait… Gogoeta horiek inarrosten dizute zure sentimendua. Jakinez ere gezurrean haziak garela. Orreagako euskaldun kriminal horiek, funtsean, mauroak ziren orduan, ez genekien ere… Gezur anitz bada, eta historia arraikusi behar da. Orain bezala, ez da kanbiatzen. Anitz ekarri du 68ak. Libertate gogo bat, handiki horiei ez dela sobera konfiantza eman behar. Hortik abiatzen dira burujabetasunaren urratsak.

Testu berriagoetan, espazioari leku berezia egiten diozu, agertzen dira karrikak, parkeak, hiritik hurbilago den mundu bat.

Hirietan gauzak sortzen eta desagertzen baitira biziki fite, gero eta gehiago, lehengo mundu hori oroitzea goxo zait. Entseatu naiz ene munduaren aipatzen. Badakit hori zaila dela. Maite ditut deskribaketak, kontatzea xeheki gauzak. Beharbada ene eragina da. XIX. mendeko literatura hori anitz horrela baita. Istorioa kontatu aitzin, istorioa non gertatzen den anitz kontatzen du. Victor Hugo, Errusiako literatura, Bronte ahizpak, eman dezagun. Digresioak litezkeenak egun. Aspergarria da beharbada egungo batzuendako, nahi baitute berehala jakin zer den gertakaria. Baina nik maite dut. Ikusten da espazioaren garrantzia. Eta gutitan ikusten da gure euskal espazio hori. [Eñaut] Etxamendik hori agertzen du. Irudi zait kontatzea arbolak, karrikak nolakoak diren, nola ikusi ditudan, laguntzen duela haur mundua errekuperatzen. Istorio gabeko espazioak kontatzea maiteko nuke denborarekin. Pinturan bezala, beharbada. Pintura batean iduri du ez dela deus gertatzen. Ikusten duzularik natura hil horietarik bat. Baina kolore mugimenduak, espazioak berak zerbait kontatzen dizu. Eta horrek bake zerbait ekartzen du. Edertasunaren sentitzea. Ez baitugu, beharbada, aski kasu ematen.

Prentsaurrekoez usatua zara, besteen liburuak aurkezten dituzu ardura, eta erran daiteke badakizula haien biziki ongi saltzen. Zurearentzat, haatik, aski herabe agertu zinen, hunkitua bezala…

Ez dakit… ez dut horrekin beste munduko zerbait egin nahi. Azkenean, ari naiz erraten bakoitzak egin behar dugula bere hura. Hori ez duzu beti erran behar besteei, zuhaurrek zure mundua ireki behar duzu. Nahiz ez den aise. Ez dut maite nik ere hori, egia erran. Beharbada, ene kulturatik heldu da. Mundu pobre batetik heldu zarelarik ez zara ausartzen aise zure munduaz mintzatzen. Eta Euskal Herrian zeure buruaz mintzatzea ez da aise. Gaizki ikusia ere bada. Behar dira gauzak isilean bizi. Baina sobera usatu gara horretan, uste dut. Bakoitzak bere moldean, baina hitza hartu behar duela segur naiz. Gauzen kanbiatzeko. Hitzek badute indar bat eta erabili behar dira. Ez baikara biziki mundu eroso batean bizi. Hori beharbada ageri da. Ez gara hain zoriontsu. Entseatu naiz halako laburbiltze baten egiten.

Oroituz.

Oroitzea gure ahaltasunetarik bat da. Memoria bat badugu, gure burua horrela egina da. Nahi ala ez. Mundu basa horrek eman dizkigu tresna batzuk baliatu behar ditugunak. Memoria horietarik bat da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.