Senpereko zirkuitua

Josean Gil-Garcia / 2012-12-14 / 588 hitz

Sona handiko aintzira artifiziala dago Senperen. Hegaztiak ez ezik, ibiltariak eta kirolari grinatsuak ere ibiltzen dira haren ondoan, sasoian egoteko helburuz.

Ibilbideari Senpereko herrian emango diogu hasiera. Hego Euskal Herritik Senperera joanez gero, hobe Donibane Lohizunetik abiarazten den errepidea hartzen badugu. Errepidea hobea baita, Azkaineko bihurguneak erraz saihestuko ditugu.

Ibilbide honek ez du zerikusirik maiatz partean ospatu ohi den ikastolen aldeko Herri Urrats festarekin. Jakina denez, udaberriko elkarretaratze erraldoiak beste zeregin batzuk egiteko aukera paregabea ematen du: lagunartean solasean aritu, musikaz gozatu, mokadu ederrak dastatu… Hori guztia, euskaraz goxo-goxo eta paisaia ikaragarriak inguratuta.

Jarraian osatuko dugun zirkuituak Senpereko bazterrak bertatik bertara ezagutzera bultzatuko gaitu. Abian jarri aurretik, Senperen barrena karrikaz karrika ibiltzeko gomendioa emango dugu; izan ere, herriko arkitektura interesgarria da, eta plazatik hurbil gaztelu zaharraren arrastoak ikusiko ditugu.

Larrazkenaz gozatzeko

Oraingoan, haatik, Senpereko aintzira artifiziala eta inguruko talaiak bisitatuko ditugu. Autoa eliza inguruan utziko dugu, tenplutik metro gutxira ikusiko dugun pilotalekuaren atzealdean, hain zuzen ere. Gantxiki izena daraman trinketaren ertzetik doan bide asfaltatua erreferentzia hartuta, lehendabiziko urratsak herriko ikastolarantz egingo ditugu. Olaso bideak hilerriraino lagunduko digu. Gero, goratasuna hartzen hasita, Motxoko etxaldearen artetik igaro, eta bidebanatze batera iritsiko gara laster batean. Olaso bidea bazter egiteko unea da. Haren ordez, Ibarburua aldera egingo dugu, seinaleak dioen moduan. Bide bazterretan, piper landareak eta arto sailak tartekatzen direla ikusiko dugu. Ibar xumean aurrera egingo dugu, harik eta bihurgune batera iritsi arte. Han, asfaltoa utziko dugu, eta zuzen-zuzen jarraituko. Basoak harrera egingo digu tupustean: haritzak, gaztainondoak eta platanondoak gogaide, larrazken polit honetaz gozatzeko parada bikaina izango dugu.

Goratasun pixka bat galtzen hasiko gara, betiere basabideari men eginez. Errekastoa atzean utzirik, maldan gora hasiko gara. Berehala, errepidetxo batekin topatuko gara. Eskuinera egingo dugu han goian, eta, tipi-tapa bizkar gainetik, Motxokobordako auzorako bideari ekingo diogu. Charles Cami karrikarekin bat egitean, eskuinera jo, eta aintzirara jaitsiko gara.

Senpereko aintzira

Aintzira ospetsuak hamabi hektarea harrapatzen ditu, eta, hondartza baten moldean, harea fina du ur ertzean. Ikastolen aldeko jaialdian ez bezala, ubarroi handientzat berebiziko paradisua izaten da sasoi honetan, bagarik gabeko urtegi xumeak sosegurako eta jolaserako istant alaiak uzten baitizkie hegazti zaratatsuei. Ubarroiak ez ezik, basahateak eta antzarak ere hagitz eroso sentitzen dira aintzirako ur geldoetan, bake giroaz ederki gozatzen bapo ikasi dute eta.

Urtegiko presa zeharkatu gabe, aintzira ezkerraldetik inguratzen hasiko gara. Soa atzera luzaturik, Larrun mendia ikusiko dugu. Estanpa ahantzezina, seguru. Bide atseginean barrena ari gara, erabat laua. Paseorako ez ezik, kirola egiteko ere zeharo aproposa. Gorputza sasoi onean mantentzeko, kirol zirkuitua egiteko parada ezin hobea dugu orain. Ibiltariok, ordea, astiro-astiro osatuko dugu zirkuitua, haltzak eta haritz sendoak bidelagun. Presa ondoko ur kirolen zentrora iritsita, ezkerretik jarraitzen duen hartxintxarrezko bidea hartuko dugu. Goratasuna hartzen hasiko gara berehala, bideak bihurgunea ezkerrera egin bezain pronto. Bidea estutu eta harriztatzen da orduan. Aldatsa amaitu aurretik eta gaztainondoak alboan direla, eskuinetik doan bidexkari oratuta, maldan behera abiatuko gara. Aldapa amaituta, RD-918 errepidea tentu handiz gurutzatuko dugu. Gero, Amezpetuko errekastoaren gainetik igaro ondoren, malda pikoari aurre egingo diogu. Behin gainaldera iritsita, eskuinera egin eta kirol gunera iritsiko gara —abiazio gunea da—. Xerrendako bidea bazter egingo dugu han. Haren ordez, Maxalenekoari ekingo diogu, noranzkoa aldatu gabe. Gaztelaenea gaztelu dotorearen eta Maxalenea baserriaren aurretik igaro eta metro gutxira, ezkerrera jo, eta Traxaeneko bideari oratuko gatzaizkio.

Asfalto zaharra bezain polita den baserri batean amaitzen denez, haren ondotik igaro, eta, basabideari men eginda, Oletxeberria izeneko etxaldera iritsiko gara. Mendi Eder bideari segika, Olako auzora iritsiko gara. Murgienea baserri aurreko bidebanatzean, aurrera egin eta errepide nagusira aterako gara; Senpere herritik urrun ez, Nestor Basterretxea eskultoreak altxaturiko artelana Senpereko gaztelu zaharraren aurreko plazan ikusiko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.