‘Basajendea’ ipuin interaktiboa sareratu dute

Erredakzioa / 2013-01-08 / 139 hitz

Pernan Goñik idatzi eta ilustratu du Dada Companyk iPhone, iPad eta Androiderako apailatu duen narrazioa.

Pernan Goñi marrazkilariak eta Bilboko Dada Company elkartearen Iku-ika argitaletxe digitalak Basajendea ipuin interaktiboa sareratu dute iPhone, iPad nahiz Androiderako, animaziozko irudiekin, eszena interaktiboekin eta soinu efektuekin osatua eta ipuinaren neurrira egindako musikarekin lagundutakoa.

Tartalo, Basajaun, Ortzi, Mari, Lamia, Akerbeltz, sorginak, galtzagorriak, gauekoak, jentilak eta euskal mitologiako beste hainbat pertsonaia ezagun dira Goñik sortutako ipuineko protagonistak. Guztira, hamalau orrialde ditu ipuinak, eta irakurleak eskuarekin lor dezake, erraztasun osoz, irudiekiko interakzioa.

Basajendea ipuinaren asmoa haurrei euskal mitologiako pertsonaiak ezagutaraztea da, haurrak eta gurasoak elkartuko dituen jolas baten bitartez. Antzeko beste lan batzuk ere sareratuak ditu aurretik Dada Company elkarteak.

Estetika «alaia»

Euskal mitologia eta bertako pertsonaiak «estetika alaiz» erakutsi nahi izan ditu Pernan Goñik Basajendea diseinatzean, «nekatuta» dagoelako mitologia «beti itxura gotikoen bidez» irudikatua ikusteaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.