Bizia babestea helburu denekoa

Maialen Unanue / 2012-12-29 / 812 hitz

Uniforme adimendunak garatu ditu Europako Safeprotex proiektuak, muturreko egoeretan lan egiten duten salbamendu taldeei jantzi egokiak diseinatzeko helburuarekin. Zamudioko Gaiker-IK4 enpresa lehengaiak garatzeaz arduratu da.

Arrisku egoeretan lan egitea ez da, berez, erraza, eta are gutxiago, erabiltzen diren baliabideak egokiak ez badira. Salbamendu taldeen kasuan, adibidez, langileek soinean dituzten arropak garrantzitsuak dira muturreko egoeretan lan egiteko. Horren harira, Safeprotex proiektua sortu zuten 2010ean, eta Europako hemeretzi taldek parte hartu dute, tartean, Zamudioko Gaiker-IK4 enpresak (Bizkaia): salbamendu taldeentzako jantzi bereziak garatzea izan da helburua. Uniforme on batek langileek egin ditzaketen zauriak saihestea posible dela sinetsita sortu dute proiektua.

Safeprotex egitasmoa abiatu zenetik, partaide bakoitzak proiektuaren alor jakin bat garatzeko funtzioa izan du, ondoren, gainontzekoek egindakoarekin integratzeko. Ibon Aranberri Gaiker-IK4 enpresako ikerlaria da, eta proiektuan lanean aritu da. Uniforme adimenduna izango denaren lehengaiak sortzea izan da Aranberri eta haren lankideen zeregina: «Garatuko ditugun jantziek ezaugarri jakin batzuk izatea nahi izan dugu, eta, horretarako, lehengaietatik hasi behar dugu lanean».

Uniforme edo jantzi bat egiteko, tela behar da; tela egiteko, haria; eta haria egiteko, material jakin bat, plastikoa. «Ulertzeko moduan esateko, imajinatu oinarrizko material bat daukagula, poliesterra adibidez, bere horretan. Poliesterrarekin egingo dugu jantzia, baina material hori lehenengo tratatu egingo dugu, ondoren jantzia izango denari eman nahi dizkiogun ezaugarriak gehituz», dio Aranberrik. Uniformeek izan beharko lituzketen elementu horiek guztiak jantziaren osagaietan, lehengaietan integratzea da, beraz, Safeprotex proiektuaren asmoa.

Bi izan dira, batez ere, Gaiker-IK4 taldeko ikerlariek hobetu behar zituzten alorrak: jantzien ezaugarri estatikoak eta jantziek sua ez hartzekoak. Elementu antiestatikoei esker, jantziak soinean dituzten pertsonak korronte elektrikoetatik babestea lortuko dute: «Gure arropa oso sintetikoa bada, txinpartak igarri egiten ditugu. Arrisku egoera batean lanean ari direnei halakorik ez gertatzeko, nanohodiak erabili ditugu: horrela, korronte elektrikoak arropan barreiatzen dira, eta arropa hori jantzi duenak ez ditu sentituko». Gaur arte, efektu bera lortzeko beste bide batzuk erabili izan dituzte, baina ez dira oso eraginkorrak: «Jantziei kobrezko kableak jartzen zaizkie. Baina halako lanetan arropa pila bat ematen dute langileek gainean, goitik behera kablez josita: alde batetik, oso astuna da, eta, bestetik, ez da batere erosoa pertsona bera mugitzeko. Ez dira praktikoak».

Jantziak ezin sutuzkoak izatea, berriz, garrantzitsua izango da suteak itzaltzen jarduten duten langileei begira. Ez dira, ordea, suhiltzaileentzat: «Horiek badaukate jada jantzi berezi bat, euren lan baldintzetara egokitzeko propio sortutakoa. Sute batean parte har dezaketen beste lantalde edo boluntarioengan pentsatuta daude Safeprotex proiektuak garatu dituenak: askotan ez dute tenperatura altuak jasateko uniforme berezirik izaten, eta hori arazoa izan daiteke».

Hiru prototipo

Jantzi hauek badute beste berezitasun bat: eguzkiaren argiarekin bakarrik garbituko dira. Hala azaldu du Aranbarrik: «Arroparen inguruan zikinkeriaren bat baldin badago, argiaren laguntzaz partikula horiek erreakzionatu egiten dute, eta, ondorioz, zikinkeria hori degradatu eta desagertu egiten da».

Uniformeok oraindik ez daude eginda: proiektua 2013. urteko urrian amaituko dela espero dute. Gaiker-IK4 taldearekin batera, paraleloki, beste hemezortzi erakundek lanean jardun dute uniformearen beste alor batzuk lantzen.

Jantzien diseinua izan da lan gehien eman duen alorretako bat: eraginkorrak izateko, soinean eramango dituzten lantaldeei galdegin diete jantziek zein elementu izatea nahi duten, lanean dabiltzala jantzia oztopoa izan ez dadin: «Galtza luzeak edo motzak, poltsikoak non behar dituzten, ukondokodunak edo belaunetakodunak izatea nahi duten, eta antzerakoak esan dizkigute. Neskak, adibidez, kexu dira askotan eurentzako neurririk ez dagoelako eta ezin dutelako lana eroso egin».

Guztira, hiru uniforme eredu garatuko dituzte Safeprotex proiektuaren bidez. Horietako bat edozein motatako arrisku egoerei aurre egiteko modukoa izango da, generikoa. Aranberrik azaldu duenez, bada egoera oso desberdinetan lan egiten duen talde bat, Madrilgo Salvamento y Accion de Rescate taldea, hain zuzen: «Pakistanen, Afganistanen, Haitin eta beste hainbat herrialdetan ibili izan dira lanean, eta halakoek uniforme oso bereziak behar dituzte, egoera desberdinetan erabiltzeko modukoak izango direnak».

Beste biak egoera zehatzetarako propio garatutakoak izango dira: bata muturreko baldintza meteorologikoetarako, eta bestea larrialdiko egoeretan jarduten duten osasun langileentzat. Azken horien kasuan, esate baterako, mikrobioen aurkako jantzi bereziak behar izaten dituzte, lanean ari direnean gaixotu ez daitezen.

Laborategi lana

Egoera larrietan lan egiterakoan, zaila izaten da erabakiak hotzean hartzea, eta horrek arazoak sor dakizkioke beste pertsona bat salbatzen ari denari, Aranberriren hitzetan: «Sute batean, adibidez, gerta daiteke norbaitek bere lankideren bat hiltzeko arriskuan dagoela ikusi, eta hura salbatzeko ahaleginean, ez konturatzea norberak zein arrisku izan ditzakeen». Uniforme adimendunak ezin sutuzkoak izateaz gain, gorputzaren tenperatura mantentzeko prestatu dituzte, eta horrek, Aranberriren ustez, abantailak ematen dizkio salbamendu lanetan ari denari.

Uniformeak josten hasi aurretik, laborategian froga dezente egin behar dituzte fase bakoitzero. «Guk lehengaia garatu dugu, eta, aldi berean, eraginkorra dela ziurtatu dugu: hau da, beste ezertan hasi aurretik, material horrek funtzionatuko duela bermatu behar dugu», azaldu du Aranberrik.

Behin emaitza baikorrak lortuta, Gaiker-IK4koek erabili dituzten osagaiak Txekiako talde bati bidali dizkiote. Horiek kopuru handiagoan ekoitziko dute material hori, eta hortik haria sortuko dute. Ondoren, beste talde batek lehenengo tela zatia egingo du hari hori oinarritzat hartuta. Tela horri ere frogak egingo zaizkio, lehenago materialak funtzionatu duen modu berean, baliozkoa dela erakusteko.

Azkeneko urratsa uniformeak egitea izango da, aurretik egin den diseinu lanari jarraituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.