Domotika, etxebizitza adimenduna

Aitor Aretxaga / 2013-01-30 / 555 hitz

Etxe bat automatizatzea segurtasuna indartzeko modu bikaina da, enegia aurrezteko balio du, eta norbere inguruaren gaineko kontrol aurreratuagoa eskuratzen da. Domotika gasturik gabeko proiektua izan daiteke. Askok denbora-pasa eta zaletasun gisa ere hartzen dute.

Etxebizitza domotikoa etxebizitza adimenduna da. Funtsean, eraikin bateko automatizazio-funtzioak sistema informatiko bakar batean biltzea eta leku beretik kudeatzea lortu nahi da domotikarekin. Eta teknologia horrek helburu hauxe du: multzokatzea giza ingurunearen segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko xedea daukaten elektronika, informatika eta telekomunikazio teknikak, eta hobetzea energiaren kudeaketa, segurtasuna, ongizatea eta komunikazio zerbitzuak. Hortaz, etxeko automatismoak elkarrekin osatutako sistema bateratuan lotzen dira, hor bizi direnen erosotasuna, bizi-kalitatea, energiaren gastua, komunikazioa edo ezindunen iristeko erraztasuna hobetzeko asmotan.

Teknologia horiek ez dira berriak, eta orain dela hamarkada bat Argia aldizkarian aipatu abantailak aurreikusten ziren: «Lehenik eta behin, oso erosoa da, etxeko edozein puntutatik edo bertatik kanpo sistemari aginduak emateko aukera ematen baitu. Gainera, erraza da oso erabiltzea. Bigarren, energia aurreztu ahal izatea dakar. Sistemaren garunak elektrizitatea edo bestelako energiak erabiltzerakoan, gau tarifak eta uneko eskaintzak kontuan hartuz, dirua aurrezten laguntzen digu. Hirugarren, etxearen segurtasuna kontrolpean izango dugu. Izan ere, sistema suteak, gas-ihesak eta ur-ihesak detektatzeko gai da. Kasu horietan, ihesei bidea itxi, eta aurrez programatutako telefono-zenbakiei, suhiltzaileei adibidez, abisu emango lieke. Eta azkenik, automatismoak atezain automatikoko irudiak telebistan ikustea, kontratatutako potentzia elektrikoa txikiagoa izatea edo sentsoreen bidez argia piztu eta itzaltzeko aukera ematen du».

Horrela, bestelako abantailarik ere lortzen da: instalazio bakarra behar da, erabiltzaileak sistema bakar baten funtzionamendua jakin behar du, eta enpresa edo teknikari zerbitzu bakar batekin du lotura. Konpainia gehienek hainbat pakete probesten dizkie erabiltzaileei, bakoitzak nahi dituen ezaugarrietara moldatuak. Oro har, instalazioa kobratzen dute, eta, ondoren, sistemaren funtzionamenduaren jarraipena egin diezaioten eska dezake nahi duenak, hileroko kuota bat ordainduz.

Doikuntza ez da beti garestia

Etxebizitzako elementuak elkarrekin komunikatzen dira, datuak partekatuz eta aurretiaz definitutako betebeharrak jasotako parametroen funtzioan burutuz; gailuek informazioa bidaltzen diote elkarri. Sare domotikoa osatzen duten elementuak lotzeko, hainbat sistema erabiltzen dira. Sare batzuk elektrizitatea dute oinarri. Beste batzuek, ordea, telefono-kableak, Wifia, edo Bluetooth-a darabilte. Etxea eraikitzen ari den bitartean sare domotikoak behar duen azpiegitura ezarriz gero, ez da garesti ateratzen. Ondoren, gailu domotikoak jarri behar dira. Etxea berria ez bada, aldiz, dauden instalazioak erabiliz (elektrizitate-kableak…) domotizatu beharko litzateke, garestiegia izan ez dadin. Inoren laguntza gabe, etxe automatizatua norberak moduluka molda dezake; nahi dituen zerbitzuak instalatuz, abiaraziz eta baliatuz. Horretarako, zein ezaugarri kontrolatu nahi diren aukeratu, gailuak erosi eta software eskainza zabalean aukeratu beharko da. Izan ere, jada badago hoi zaletasun gisa hartu duenik ere. Hemen, aholku batzuk: http://www.wikihow.com/ Automate-Your-Home.

Etxe domotiko orok funtziona dezan, ezinbesteko elementu batzuk daude: sentsoreak, ingurunearen aldaketak antzemateaz arduratuko diren neurgailuak; eragingailuak, seinaleak jaso eta programatutako neurriak abiarazteko arduradunak; eta software kontrolagailuak, gailuen eta erabiltzaileak erabiliko duen informatika programaren artean zubi-lanak egiten dutenak.

Housgai etxea

Sestaoko Udalak pisu domotiko berritzaile bat abiarazi berri du urtarrilean, han bizi direnak zahartzen diren heinean erantzuteko gaitasuna daukana. Prototipoaren lehendabiziko biztanlea adineko pertsona bat da, eta etxeak osasunaren jarraipen ez-inbasibo bat egingo dio; aldagai fisiologikoak neurtuz (adibidez, pisua, odol-presioa edo glukosa neurketak), dieta osasuntsuak iradokiz eta segurtasun neurriak egokituz. Housgai da proiektuaren izena, eta Tecnalia eta Matia Fundazioa daude proiektu berritzaile horren atzean.

Beste toki batzuetan meritu gehiago egotzi dizkiote domotikari. AEBetan, sistema horri esker bizitza salbatu duenik ere bada; kea, sua edo karbono monoxidoa antzeman eta abisu protokoloa martxan jarriz larrialdi zerbitzuak garaiz iritsi dira zenbait kasutan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.