EuskalAPPS, euskarazko aplikazioen komunitatea

Aitor Aretxaga / 2013-01-30 / 210 hitz

Euskal aplikazioak aurkitzeko eta sortzeko komunitatea plazaratu berri dute sarean. Zaratarik egin gabe, ia ezustean iritsi zen ataria aurreko astean. Ideiaren asmatzaileak The Movie Virtual enpresakoak dira, eta, Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren babesarekin ataria abiarazi ostean, Twitter sare soziala aukeratu zuten jardueraren berri emateko: @euskalapps: «Online gaude! Laguntza asko behar dugu proiektu hau ondo bideratzeko… prest al zaudete? http://www.euskalapps.net».

Helburu bikoitzaz aurkeztu gura izan dute ekintza: euskal aplikazioen erabilera bultzatzeko biltegi bateratuaz gain, berriak sortzeko argibideak ere eskaintzen dituzte. Jardueraren ibilbidea ikusteko dago oraindik, baina ez dute nahi bitartekari falta muga izatea: programatzeko lanabesak eta interfazeak jarri dituzte eskuragarri, eta badago biderik lankidetzarako nahiz proiektu berriak sortzeko. Bide batez, erabiltzailea ere aplikazio garatzaile bihurtzea da jomuga. Norberak sortu edo aurkitu duen aplikazioa sustatzeko aukera ere eskaintzen dute ondoren. Horrez gain, beste hizkuntzetan dauden aplikazioak euskarara itzultzeko aukera ematen dute.

Oraindik ez dauzkate bilduta merkatuan euskaraz eskuragarri dauden aplikazio guztiak, eta daukaten eskaintza 50 bat aplikaziokoa da bakarrik. Baina euskarriei dagokienez, ez dira motz geratu: Apple, Android, Windows Phone eta BlackBerry telefono eta tabletetan dauzkate eskuragarri aplikazioak. Gure artean ezagunak diren aplikazio batzuk ageri dira dagoeneko: besteak beste, TxalapartApp, BertsoApp, KulturMapp proiektua —Ordiziako azokaren salneurriak jasotzen dituena— Elhuyar hiztegia, iHondartza —uda garaia gerturatzen denerako — eta poteoko zerrendetarako ApPoteo aplikazioak dituzte eskuragarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.