Grimm anaien lehen ipuin bilduma argitaratu zenetik 200. urteurrena bete da

Odei Irigoien Aizpitarte / 2013-01-04 / 296 hitz

‘Edurnezuri’, ‘Mari Errauskin’ eta bildutako beste ipuin batzuk haur askoren erreferentzia dira oraindik ere.

Haurrentzako eta etxeko ipuinak, Jakob (Hanau, Alemania, 1785- Berlin, 1863) eta Wilhelm (Hanau, Alemania, 1786-Berlin, 1859) Grimm anaiek bildutako lehendabiziko maitagarrien ipuin sorta argitaratu zenetik 200 urte bete dira. 1812ko abenduaren 20an atera zen lehen edizioak ez zuen arrakasta handirik izan; gaur egun, ordea, Walt Disney eta beste ekoiztetxe eta argitaletxe askori zor zaie Edurnezuri, Mari Errauskin eta beste hainbat ipuinetako protagonistak haurrentzako literatura, marrazki bizidun eta filmetako izarrak izatea.

Ipuinok ez zituzten Grimm anaiek asmatu; izan ere, ahozko tradizioaren bitartez transmititu eta eraldatutako kontakizunak idatziz argitaratzea izan zen haien lana. 1806an ekin zioten biltzeari, Kassel hirian. Dorothea Viehmann jostuna izan zen haien iturri aipagarrienetarikoa. Ipuin kontalari iaioa izateaz gain, horiek hitzik ere aldatu gabe errepikatzeko ahalmena ei zuen.

Euskarazko maitagarrien ipuinon lehen argitalpenak 1929an atera ziren. Ipuñak. Grimm Anayak liburua urte hartan argitaratu zuen Verdes-Atxirika Bilboko argitaletxeak, Joseba Altunak itzulia. Beste edizio bat ere izan zen urte berean, Grimm anayen berrogetamar ume ipuin izenburuarekin, Aita Hipolito Larrakoetxeak itzulia eta J. Alvarez etxeak argitaratua. Harrezkeroztik, liburu horien edizio andana kontaezina izan da, baita marrazki bizidunen eta filmen euskarazko itzulpenak ere.

Klasikoak eta genero rolak

Hainbat belaunaldik formatu ugaritan ezagutu ditu Grimm anaiek jasotako ipuinak. Hainbat gizarte eragilek nabarmendu izan dute ipuin horietan haurrentzat erreferentzia izango diren lehendabiziko irakaspenak finkatzen direla, gerora erreproduzituko dituztenak. Klasikoak izateak ematen dien estatusak ipuin horiek onuragarritzat jotzea, besterik gabe, kritikatu egin izan dute hainbat autore aditu eta feministak.

Emakundek, esaterako, 2009ko ekaineko txostena —Interneten aurki daiteke— haurrentzako ipuinen eta genero rolen arteko erlazioari eskaini zion. Bertan, hainbat autorek gogoeta egiten dute ipuinotan emakumeek jokatzen duten rolari buruz, eta zapalkuntza iturritzat jotzen dituzte. Txostenaren arabera, emakume sumisoak, umilak, etxekoiak agertzen dira ipuinotan, eta horiek aldatu beharra azpimarratzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.