‘Hormako paper horia’ narrazio aitzindaria euskaraz irakur daiteke

Juan Luis Zabala / 2012-12-28 / 456 hitz

Edo argitaletxeak kaleratu du Charlotte Perkins Gilmanen 1892ko ipuina, Ana Isabel Moralesek itzulia.

Xerezaderen Artxiboa entzuteko grabatutako literaturaren webgunerako euskaratu zuen lehenik eta behin Ana Isabel Moralesek Charlotte Perkins Gilman idazlearen The Yellow Wallpaper ipuina —www.blogak.com/xalp/hormako-paper-horia helbidean dago entzungai—, oso gustuko izan zuelako eta haren berri zabaltzeko gogoa piztu zitzaiolako. Gero, lan hura liburu moduan argitaratzeko aukera eskaini zion Edo argitaletxe sortu berriak, eta kalean da jada liburu hori, Edoren Xortak sailean; liburu txikientzat da sail hori. Moralesek egindako itzulpenaz gain, Saioa Ruiz eta Amaia Serranok idatzitako hitzoste bat eskaintzen du Hormako paper horia-k; hitzoste horren izenburua Hormako paper horia: Teilatupeko emakumea(ar)en isileko garrasiak da.

Charlotte Perkins Gilman (Hartford, Connecticut, 1860-Pasadena, Kalifornia, 1935) oso ezaguna izan zen AEBetan XIX. mendean, soziologo eta idazle gisa. «Ipuinak ez ezik, saiakera eta artikulu asko idatzi zituen», ekarri du gogora Ana Isabel Moralesek. Feminista zen, «oso kontzientziatua» gainera. «Emakumearen errepresioaren oinarrian dependentzia ekonomikoa dagoela salatu zuen. Baldintza horiek aldatzen ez ziren bitartean emakumea ez zela askatuko zioen, eta ezkontza, matrimonioaren erakundea errepresio horren mekanismo nagusitzat zeukan. Esaten zuen menpekotasun ekonomiko horretatik irten ezean ezinezkoa izango zela emakumearen askapena; domestikotasunera mugatuta edo konfinatuta egoteak frustrazio intelektual eta emozionala zekarkiola emakumeari, eta hortik depresioa eta eromena ere etortzen zirela askotan».

Emakumeentzako terapia

«Hormako paper horia ipuinak oso modu adierazgarrian azaltzen du Perkins Gilmanen pentsamoldea», Moralesen ustez. Erditu berri den emakume bat da pertsonaia nagusia. Senarra medikua du. Nekatuta, triste eta indarge dago emakumea, eta senarrak, hura sendatzeko bidean jartzeko, landako etxe batean hiru hilabete pasatzera bidaltzen du, han Weir Mitchel doktorearen terapia aplika diezaioten. «Benetako medikua izan zen Weir Mitchel», argitu du Moralesek. «Atseden hartzean oinarritutako terapia diseinatu zuen emakumeen buru gaixotasunetarako. Atseden hartze hori, ezer ez egite hori, muturreraino eramaten zuen, batez ere lan intelektualak debekatuz».

«Perkins Gilmanen narrazioko pertsonaia nagusia idazlea da, ipuinak idazten ditu», jarraitu du azalpena itzultzaileak. «Baina senarrak terapia hori ezarri dio, eta hiru hilabete pasatu beharko ditu irakurri gabe, idatzi gabe eta antzeko ezer egin gabe. Geldirik egote horretarako jarri dioten gelak paper hori bat du horman, oso diseinu korapilatsua daukana. Ipuina ipuin gotikoen ezaugarriekin idatzia dago; ematen du istorio fantastiko bat kontatuko duela kontalariak. Ipuinak aurrera egin ahala, ikusten dugu nola gela hori gainera erortzen zaion emakumeari, gero eta modu itogarriagoan, eta nola emakumeak ikusten duen garatzen ari den istorio bat horman…». Pertsonaia nagusi horren egoera psikologikoaren bilakabidearen berri ematen du kontakizunak. «Ipuinaren amaiera modu diferentetan interpreta daiteke. Batzuentzat askapen bat lortzea da; beste batzuentzat, guztiz kontrakoa».

Perkins Gilmanen obren artean ezagunena da The Yellow Wallpaper. 1890eko uztailaren 6an eta 7an idatzi zuen, Pasadenako etxean, eta 1892an argitaratu aurreneko aldiz, The New England Magazine aldizkarian. Ezin konta ahala antologiatarako hautatua izan da harrezkero. Aditu batzuek Franz Kafkaren Metamorfosia ipuin ezagunaren aurrekari izan zitekeela uste dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.