Naturaren eta jendearen gorazarre

Mikel Asurmendi / 2012-12-30 / 448 hitz

  • Izenburua: Odolaren sua
  • Egilea: Pello Lizarralde
  • Argitaletxea: Erein

Hilketa bat duzu Orbanak liburuaren leitmotiva. Erran dezagun, hilketa dela narrazioaren gidalerroa. Nobelaren motiboa hitz bakoitzean jartzen baitu idazleak. Larrepetit-eko Abel eta Joxe nola, hala dabiltza nobela honetako pertsonaia nagusiak. Pertsonaiak zertan dabiltzan baino gehiago, nola dabiltzan baita garrantzitsua idazle honentzat. Larrepetit-en kilkerra nola, hala dabil satitsua Orbanak-en. Intsektuek eta animalia tipiek berebiziko funtsa dute Pello Lizarralderen mundu literarioan. Naturaren gorazarrea da Orbanak. Jendeak, gizon-emazteak, funtsezko izakariak izaki naturan.

Jendeok pertsonak bilakatzen gara jendartean aritzean. Lizarraldek iragan mundua narratu ohi digu gehienetan, eta oraingoan ere, iragan mendeko erdialdean kokatu digu istorioa. Haatik, ez digu garaia hitz zehatzez adierazten, bai, ordea, hitz zuzenez. Ezaugarri hori deskribapenean antzeman behar dugu irakurleok. Hala berean, narratutako lurraldeari geuk eman behar diogu taxua. Erran gabe ere, lurraldea Euskal Herria da. Bistan da.

Zumarragan jaioa —aitaren aldetiko askazia Urola ibarrean duela— Nafarroan barrena —ama bertakoa izaki— munduratua da Pello Lizarralde Larraza literatur egilea. Eta Orbanak-eko pertsonaiak antzean dabiltzala erranen nuke. Istorioa mugan agitzen da. Pertsonaia nagusiak mugetan mugitzen dira, ibarren eta izatearen arteko mugetan. Mugakoak ditugu orbainduna eta hari jarraikitzen diona. [Ustezko] hiltzailea eta jarraitzaile nagusia. Kontrakoa frogatzen ez deino: ustezkoa. Usteek ez baitute jendearen izaera taxuz ematen, aitzitik, pertsonon arketipoa gaizki eraikitzen «laguntzen» digute arrunki.

Lizarraldek umetako pertsonen arketipoa eraiki du. Orduko jendearen nortasuna bikain deskribatu ahala, egungo pertsonon izate maskala agertzen digu kontrastean. Isiltzea baita gizon-emakumeon bertutea. Pentsatzea, berriz, izatearen jardun funtsekoa. Orbainduna keinuz mintzo da, jarraitzailearen pentsamendua taxuz eraikia dago. Nago, jende horien taxua ez ote den iraganeko kontua.

Trenbideek eta errepideek, geltokiek eta bordek, herrixkek eta pentzeek, errotek eta errekek… naturan eta naturaren arteko horietan aditzen diren soinuek eta usainek berealdiko atmosfera dute Orbanak-en. Naturaren ernatze bakoitza konta da. Pertsona bakoitzaren imintzio bakoitza da kontu. Istant bakoitzaren kontua konta da. Alde ederra bai, gure arbasoen eta gure jardunen artean, orduko eta egungo munduen taxuetan. Mundu hura mitifikatu gabe, horregatik. Itxurak itxura, «hitza hitz» erranaren araberako jendarteak biziarazi zuen hura. Iraganekoa, nekez itzuliko dena.

Lizarralderen literatura dugu, haatik, mundu hartara ezari-ezarian itzultzeko parada. Kontalariak ez baitaki azkar ibiltzen, ezta ordokian ere. Hitzez hitz eraikia da kontakizuna. Hitzak konta du. Alta bada, irakurleon ikusmena, entzumena, dastamena, ukimena eta usaimena ernatzen ez dituen literatura sortu ezean, hitzen esanahiak ez du konta Lizarralderenean. Basoan soilguneak eta orbanak nola, hala hartzen dute leku isiltasun uneek kontakizunean, bi protagonisten arteko urratsetan, hala nola pertsonaia guztien hitzetan eta pentsamenduetan. Hitzak une isila behar du, hitzaren distira kausituko badugu. Hitzen zilar egilea da, distira sortzailea, Urola ibarreko nafar idazlea.

Une batez, trena herrira ailegatu da eta tokiko ferian dabil orbainduna. Santa Luzia ferian irudikatu dut nihaurek. Une batez ere, Lizarralderen hurrengo nobela gaur egungo Iruñeko Gaztelu Plazan girotua amestu dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude