Pablo Suberbiola, Arrue ikerketaren egileetako bat: «Ikasleek gizarteak eraginda aldatzen dute jokabidea»

Garikoitz Goikoetxea / 2013-01-26 / 605 hitz

Soziolinguistika Klusterreko teknikari Pablo Suberbiola (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1973) Arrue proiektuan aritu da buru-belarri. Datuak eskuan, nabarmendu du egindako lanarengatik harro egoteko moduko datu ugari dituela ikerketak, eta jakin behar dela horiek kontuan hartzen, hutsuneak badaudela aitortu arren.

Kalean baino handiagoa da euskararen erabilera eskolan, baina alde handiak daude gelatik jolastokira.

Ikasleen hizkuntz erabilerari buruzko datuak jaso ditugu, gelako testuinguruan eta handik kanpo. Hezkuntzan urteak daramatzanarentzat, datuak egiaztapen bat soilik dira. Gizartearen eskariari erantzunez, indar handia egin da hezkuntzan. Lortu da irakasleen parte handi bat euskalduntzea, eta ahaztu egiten zaigu hori: ikasi, eta lana euskaraz egitera igaro dira asko. Hala, ikasle askok jasotzen dute egunerokoa euskaraz. Natural. Ikusten da datuetan. DBHn bertan, nahiz gelan euren artean batez ere gaztelaniaz egin, euskaraz egiten diote irakasleari. Hori ez da kasualitatea. Bai, gelan indar handiagoa du euskarak jolaslekuan baino. Baina indar askoz ere gehiago jarri da euskara gelan erabiltzeko. Jolastokikoa susta daiteke, baina arautu, ez.

Gutxienez, gelako lanak utzi ditu emaitzak; Lehen Hezkuntzan, kasu.

Denborarekin gauza batzuk egintzat ematen ditugu: gelan euskaraz egitea etxean egiten ez duenak, ingurunea euskalduna ez duenak… Arrazoi askorengatik gaztelaniaz egitea errazago lukeen batek gelan behintzat euskaraz egitea lortzen da ahalegin askori esker, batez ere Lehen Hezkuntzan. Normala zaie. Eremu horretan aukera badaukate, eta egiten dute. Zer gertatzen da jolastokira irtetean eta gaztelaniaz erraztasuna dutenak juntatzean? Joera nagusia gaztelaniara pasatzea da. Arrazoi asko daude. Ikasle horien larruan jar gaitezke. Helduagoak izatean, gizarteko funtzionamendutik gertuago daude, eta horra parekatuz joaten dira.

Gizartetik zenbat eta gertuago, orduan eta toki gutxiago du euskarak?

Neurri batean esan dezakegu hori. DBHn, jolastokian euskaraz egiten dutenen kopurua eta lehen hizkuntza euskara dutenena antzekoa da: %20 inguru. Ez du esan nahi ikasle berak direnik. Gurasoekiko erabileraren datuak aztertuta, %20 aritzen dira euskaraz. Ez da paranormala jolastokikoa. Zuzenagoa da datuei honela begiratzea: ez zenbat jaisten den gelatik jolastokira, baizik zein den batez bestekoa gizartean eta zer plus sortzen duen eskolaren eraginak. Nola sortzen da plus hori? Hori da galdera. Nola euskara lehen hizkuntza ez duen ikasleak egunero euskaraz egiten duen ikaskideekin eta irakasleekin. Hori lorpen handia da, eragile askori zor zaiena. Gizartean bertan ere, lorpena da.

Ereduen arabera, aldea dago euskara mailan. Erabileran ere egongo da.

Ezin izan ditugu zuzenean alderatu ikaslearen maila eta erabilera. Kontu izan behar da, hala ere. Ikusi behar da eredu bakoitzean nor ari den. D ereduan, askoz gehiago dira etxetik euskaldunak direnak eta inguru euskaldunetan bizi direnak. Askoz aukera gehiago dute euskaraz egiteko. A eredukoek apenas duten euskaraz egiteko aukerarik. Erdi gezurra da esatea ereduagatik gertatzen dela hori dena. Faktore askok eragiten dute, eta handia da konplexutasuna.

Gabeziak ere hor daude.

Euskaldunek lortu dute askok euskara izatea ohiko hizkuntza eremu batean behintzat, nahiz eta ez izan beren lehen hizkuntza. Heziketa jasotzea ere lortu dute, biharko egunean gizartea elebidunagoa izan dadin eta aukera izan dezan euskaraz egiteko. Lorpen handia da. Gutxi baloratzen da, eta gutxiegitan aitortzen zaie protagonista izan direnei; besteak beste, arreta handiena gabezietan dugulako. Lan handia eginda, ondorioak hor daude. LHn ikusten da. Jolastokian ere beharko luke? Bai, baina ez da gauza automatikoa. Nola ikusten dituzte beren futboleko ereduak? Erdaraz egiten dute jolaslekuan. Logikoa litzateke bestela egitea? Soziolinguistikoki beste zerbait espero dugu? Hezkuntzaren alorrean egindakoarekin, gure pareko komunitateek gehiago daukate ikasteko.

Irakasleen eguneroko lana hor dago.

Datuek diote motibo asko daudela pentsatzeko hala dela. Legeak bakarrik ez, egunerokoan behar da jendea. Hezkuntzan jakin dute. Datuok izan daitezke askoren ibilbidea saritzeko arrazoi. Ez dut uste batere arriskutsua denik esatea ikasleek LHtik DBHra jokabidea aldatzen dutela gizartearen eraginez. Hezkuntzak bere mugak ditu. Hara: hezkuntzak gaur egun egiten duena berdin eginda, beste sektore batzuetan euskararen erabilera egunerokoan handiagoa balitz, hezkuntzan bertan ere datuak handiagoak izango lirateke. Dena baita osotasun bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.